Katalunia

Sumarrek proposatutako amnistia legeak 2013tik zigortutakoei eragingo lieke

Plana asteartean aurkeztekoa da Yolanda Diaz Espainiako jarduneko presidenteordea. PSOEren arabera, dokumentua «errespetagarria» da, baina ez ditu sozialisten asmoak «islatzen».

Carles Puigdemont eta Yolanda Diaz, iraila hasieran Bruselan egindako bilkuran. OLIVIER MATTHYS / EFE
maddi iztueta olano
2023ko urriaren 6a
16:55
Entzun

Bi multzori eragingo lieke Sumarrek ondutako amnistia legearen planak: 2013ko urtarrilaren 23tik hona Kataluniako prozesu subiranistan parte hartzeagatik zigortutakoei, batetik; eta 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren ondoren izan ziren istiluetan parte hartu zuten poliziei, bestetik. Espainiako jarduneko bigarren presidenteorde eta Sumarreko buru Yolanda Diazek jakinarazi duenez, hogei juristak hartu dute parte dokumentuaren lanketan.

Berez, Diazen asmoa zen Sumarren amnistia plana datorren asteartean aurkeztea, Bartzelonako Ateneoan. Baina El Periódico egunkariak gaur zabaldu ditu dokumentuaren zenbait xehetasun. Oraingoz, planak ez du «barkatu» ditzaketen horientzako kopururik zehazten. Hortaz, esaterako, jarritako zigorretik salbu geratuko lirateke Kataluniako presidente ohi Artur Mas —2014ko azaroaren 9ko galdeketa antolatzeagatik zigortu zuten—, eta Kataluniako presidente ohi eta JxC Junts per Catalunyako buru Carles Puigdemont.

Prentsa ohar baten bidez, Sumarri eskerrak eman dizkio JxCk: «Akordio batera iristeko adierazitako interesagatik eta ahaleginengatik». Planaren edukiaren inguruan, alderdi independentistakoek esan dute «sakon» aztertuko dutela, eta, gero, «ahal bezain laster» helaraziko dutela erantzun bat. Bada, baliteke erantzun horretan Sumarrek amnistia planean aipatzen ez duen izen bat agertzea; alderdiko presidente ohi Laura Borrasena, hain justu. Ustelkeria egozten diote Borrasi, baina, JxCren arabera, «errepresaliatuetako bat» da bera ere, eta eskatu dute amnistia plana hari ere aplikatzeko. ERC Esquerra Republicanak ere jaso du Sumarrek landutako amnistia planaren zirriborro bat, eta, JxCk bezala, esan dute «ondo aztertu ondoren» erantzungo dutela.

Dena den, oraingoz, Borrasi bakarrik ez, amnistia legeak ere ez lieke eragingo «gizateriaren aurkako» eta «zintzotasun moralaren aurkako» delituengatik zigortutako horiei, argudiatuta pertsona horiek «ankerkeriaz» jokatu zutela. Adibidez, amnistiatik kanpo geratuko litzateke 2017ko urriaren 1ean gomazko pilota batekin gazte bat begian jo zuen polizia agentea.

PSOE, gertu baina urrun

Uztailaren 23ko boz orokorretatik, Espainiako panorama politikoaren erdigunean egon da amnistia. Izan ere, horixe da Kataluniako alderdi independentistek —ERCk eta JxCk— beren botoen truke jarduneko presidente Pedro Sanchezi eskatu dizkioten baldintzetako bat; prozesu subiranistak eragindako errepresaliatuei amnistia ematea. Beste baldintza da autodeterminazio eskubidea baliatzeko urratsak egitea.

Halere, sozialistek ez dute euren burua «islatuta» ikusten Sumarrek aurkeztutako amnistia planean, PSOEko jarduneko Presidentetzarako ministro Felix Bolañosek adierazi duenez. Gero, gehitu du sozialistek hasieratik utzi dutela argi zera: amnistiaren inguruko negoziazioak PSOEren eta alderdi independentisten artekoak izango direla. Dena den, dokumentua «errespetagarria» dela iritzi dio.

Gaur-gaurkoz, Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdien babesa ziurtatu nahian dabil Sanchez. Izan ere, oraingoz, bere alderdiko 121 diputatuen babesa baino ez du. Horrenbestez, gainontzeko alderdien botoak ezinbestekoak ditu inbestidura saioan gehiengo osoa lortzeko —176 boto—, hau da: Sumarren 31, ERCren zazpi, JxCren zazpi, EH Bilduren sei, EAJren bost eta BNG Bloke Nazionalista Galiziarraren bat; 178 boto guztira. Asteazkenean hasi zituen negoziazioak, baina, oraingoz, inork ez dio behin betiko baiezkorik eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.