Sumarren amnistia legeak 2013tik hona zigortu dituztenei eragingo lieke

Plana asteartean aurkeztekoa da Yolanda Diaz. PSOEk esan du Sumarren proposamenak ez dituela «islatzen» sozialisten asmoak

Carles Puigdemont eta Yolanda Diaz, irail hasieran, Bruselan. O. MATTHYS / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Bi multzori eragingo lieke Sumarrek ondutako amnistia legearen planak: 2013ko urtarrilaren 23tik hona Kataluniako prozesu subiranistan parte hartzeagatik zigortutakoei, batetik; eta 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren ondoren izan ziren istiluetan parte hartu zuten poliziei, bestetik. Espainiako jarduneko bigarren presidenteorde eta Sumarreko buru Yolanda Diazek atzo jakinarazi zuenez, hogei juristak parte hartu dute dokumentuaren lanketan.

Berez, Diazen asmoa zen Sumarren amnistia plana datorren asteartean aurkeztea, Bartzelonako Ateneoan. Baina El Periódico egunkariak atzo zabaldu zituen zenbait xehetasun. Oraingoz, planak ez du zehazten «barkatu» ditzaketen horientzako kopururik. Hortaz, esaterako, jarritako zigorretik salbu geratuko liratekeen Kataluniako presidente ohi Artur Mas—2014ko azaroaren 9ko galdeketa antolatzeagatik zigortu zuten—, eta Kataluniako presidente ohi eta JxC Junts per Catalunyako buru Carles Puigdemont.

Prentsa ohar baten bidez, Sumarri eskerrak eman zizkion JxCk: «Akordioa egiteko adierazitako interesagatik eta ahaleginengatik». Planaren edukiaren inguruan, alderdi independentistakoek esan zuten «sakon» aztertuko dutela, eta, gero, «ahal bezain laster» helaraziko dutela erantzun bat. Bada, baliteke erantzun horretan Sumarrek amnistia planean aipatzen ez duen izen bat agertzea; alderdiko presidente ohi Laura Borrasena, hain justu. Ustelkeria egozten diote Borrasi, baina,JxCren arabera, «errepresaliatuetako bat» da hura ere, eta eskatu dute amnistia planak hari ere eragiteko. ERC Esquerra Republicanak ere jaso zuen Sumarren amnistia planaren zirriborroa, eta JxCk bezala, esan zuen «ondo aztertu ondoren» erantzungo duela.

Dena den, oraingoz, amnistia legeak ere ez lieke eragingo «gizateriaren aurkako» eta «zintzotasun moralaren aurkako» delituengatik zigortutako horiei ere, argudiatuta pertsona horiek «ankerkeriaz» jokatu zutela. Adibidez, amnistiatik kanpo geratuko litzateke 2017ko urriaren 1ean gomazko pilota batekin gazte bat begian jo zuen polizia agentea.

PSOE, gertu baina urrun

Uztailaren 23ko boz orokorretatik, Espainiako panorama politikoaren erdigunean egon da amnistia. Izan ere, horixe da Kataluniako alderdi independentistek —ERCk eta JxCk— beren botoen truke jarduneko presidente Pedro Sanchezi eskatu dizkioten baldintzetako bat, hots; prozesu subiranistak eragindako errepresaliatuei amnistia ematea. Beste baldintza da autodeterminazio eskubidea baliatzeko urratsak egitea.

Halere, sozialistek ez dute euren burua «islatuta» ikusten Sumarrek aurkeztutako dokumentuan, PSOEko jarduneko Presidentetzarako ministro Felix Bolañosek atzo adierazi zuenez. Gero, gehitu zuen sozialistek hasieratik utzi dutela argi amnistiaren inguruko negoziazioak «PSOEren eta alderdi independentisten artekoak» izango direla.

Gaur-gaurkoz, Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdien babesa ziurtatu nahian dabil Sanchez. Izan ere, oraingoz, bere alderdiko 121 diputatuen babesa baino ez du, eta gainontzeko alderdien botoak ezinbestekoak ditu inbestidura saioan gehiengo osoa lortzeko, 176 boto: Sumarren 31, ERCren zazpi, JxCren zazpi, EH Bilduren sei, EAJren bost eta BNG Bloke Nazionalista Galiziarraren bat; 178 boto guztira. Asteazkenean hasi zituen negoziazioak, baina, oraingoz, ez du inoren behin betiko baiezkorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.