Grezian, botoen %33 zenbatuta, Alexis Tsipras buru duen Syriza ezkerreko koalizioa da lehen indarra. Andonis Samarasen Demokrazia Berria alderdi kontserbadorea da bigarren indarra, botoen %23,25 jasota. Hirugarren izan da Egunsenti Urrekara eskuin muturreko alderdia, %9,36 boto jasota.
Pasok izan da laugarren, botoen %8,11 jasota. Potami zentro-ezkerreko alderdiak, ordea, %6,57 eskuratu ditu. KKE komunistek botoen %5,98 erdietsi dituzte.
Gaur zortzi egin zuten udal eta lurralde hauteskundeetako lehen itzulia Grezian, eta Syrizaren goranzko joera erakutsi zuten emaitzek. Demokrazia Berriak eta Pasokek erdipurdiko emaitzak lortu zituzten, eta hiri garrantzitsuetan bigarren itzulira igaro zen Syriza.
Tsipras: "Austeritate politiken porrota ospatzen ari dira herritarrak"
Alexis Tsipras Syrizako buru eta Europako Batzordeko presidente izateko hautagaiak nabarmendu du aro politiko baten aldaketa irudikatzen dutela emaitzek: "Greziako hauteskunde orokorrak irabazteko aliantza politiko handi bat lehenbailehen sortzeko eskatu digu herriak". Halaber, auzitan jarri du Andonis Samaras lehen ministroaren "zilegitasuna".
Samarasek, ordea, esan du Syrizak porrot egin duela gobernua kanporatzeko ahaleginean: "Ez du hobetu 2012ko hauteskunde orokorretan eskuratutako emaitza".
Europako Parlamenturako hauteskundeen emaitzak: