Syriza ezkerreko koalizioko Alexis Tsipras buruak uste du bere alderdia dela Greziako krisi ekonomikoari irtenbidea eskaini diezaiokeen bakarra, eta aldi berean, Demokrazia Berria eta Pasok alderdiak "terroristatzat" jo ditu, "gizarteari inposatu dizkioten murrizketengatik". Igandean izango dituzte hauteskundeak Grezian, parlamentua aukeratzeko.
Atenasko Omonia plazan atzo gauean emandako hitzaldi batean Tsiprasek greziar guztien babesa eskatu zuen igandeko hauteskundeetarako. "Grezia aldatu egingo da igandean. Beldurra eta segurtasun eza atzean utziko ditut, baita Grezia pozointzen saiatu diren horiek ere, [Antonis] Samaras eta [Evangelos] Venizelos", esan du. Venizelos Pasokeko burua da eta Samaras Demokrazia Berriakoa.
"Syrizari emandako botoekin, herriak bizkarra emango die porrotaren alderdiei, Demokrazia Berriari eta Pasoki", gaineratu du.
Tsipras behin eta berriro ari da esaten ez duela eurotik atera nahi.
Maiatzaren 6koen ondoren, Demokrazia Berria irabazleak ezin izan zuen gobernua osatu, eta berriro hauteskundeetara deitu zuen.
Geroztik Grezian kaleratu diren inkesta gehienek diote Syrizak irabaziko dituela hauteskundeak. To Pontiki aldizkariarenak ere bai: Syrizak botoen %24,5 (maiatzean baino 7,7 puntu gehiago); Demokrazia Berriak %21,5 (+2,6); Pasokek %15,5 (+2,3); Greziar Independenteek %6 (-10,6); KKE komunistak %6 (-2,5); Egunsenti Urrekara neonaziak %6 (+1); eta Dimar Ezker Demokratikoak %6 (-0,1).
Syriza euroan jarraitzearen aldekoa da, baina Pasokek eta Demokrazia Berriak bi erreskateen truke onartutako murrizketen kontrakoa. Ekonomia suspertzeko politika eta laguntzak nahi ditu, atzeraldiari eta "giza hondamendiari" aurre egiteko.