Taiwango presidenteak Xiri erantzun dio irla «subiranoa» dela

Txinako estatuburuak uhartearen afera izan du hizpide, besteak beste, Alderdi Komunistaren XX. Kongresuaren lehen egunean

Taiwango presidente Tsai Ing-wen, iragan astean, Taipein. D. C. S. YI / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Taiwan adi-adi erreparatzen ari zaio Txinako Alderdi Komunistaren XX. Kongresuari —astebete iraungo du—. Xi Jinping Txinako presidentearen agintaldia beste bost urte luzatzea espero den honetan, Xik Taiwango afera izan zuen hizpide, besteak beste, irekierako hitzaldian, atzo. «Taiwan Txinaren parte da», aldarrikatu zuen agintariak, Tiananmengo Herriaren Jauregian bildu diren alderdiko 2.500 ordezkari baino gehiago aurrean zituela. Halaber, ohartarazi zuenez, Pekinek «ez dio inoiz uko egingo indarra erabiltzeari», Taiwanekin «bateratzeko». Bada, hori esan eta ordu gutxira iritsi zitzaion erantzuna uhartetik. Taiwango presidente Tsai Ing-wenek berretsi zuen Taiwan herrialde «demokratikoa eta subiranoa» dela, CNA agentziaren arabera.

Taipeik adierazi zuenez, taiwandarrek «argi eta garbi errefusatzen dute Txinarekin bateratuz gero Pekinek aplikatuko lukeen Herrialde bat, bi sistema gobernantza eredua», zeina indarrean dagoen Macao eta Hong Kong eskualdeetan. «Taiwandarren arteko adostasuna da ezin dela lagapenik egin lurralde subiranotasunean, independentzian eta demokrazian». Hori bai, oroitarazi zuen gatazka militarra piztea ez dela «aukera bat» bi aldeentzat.

Tsaik joan den astean uhartearen egun nazionaleko hitzaldian azaldu zuen gisan, Taipei «prest dago Pekinekin lan egiteko eta bi bandoen artean adostutako irtenbide bat aurkitzeko, zeinek Taiwango itsasarteko bakea eta segurtasuna babestuko baititu».

Xik, berriz, «Taiwango independentzia lortzeko bidea egiten ari diren jarduera separatistak» eta «kanpoko probokazio zakarrak» ere izan zituen hizketagai Txinako Alderdi Komunistaren XX. Kongresuaren lehen egunean. «Bateratze baketsua nahi dugu, baina ez dugu inoiz hitzemango indarra aukera gisa erabiltzeari uko egingo diogunik».

Abuztu hasieran, Nancy Pelosi AEB Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberako presidenteak Taiwanera egindako bisitak biziki haserrearazi zuen Txinako Gobernua. Hain zuzen, Pekinek uhartearen aurkako zigor ekonomikoekin eta maniobra militarrekin —Taiwango uretatik gertu— erantzun zion.

Bestalde, Taiwango oposizioko alderdi nagusiak, Kuomintangek, Txinako Alderdi Komunista zoriondu zuen, XX. kongresuagatik, eta bi alderdiek «elkarrizketa, lankidetza eta puntu komunak» xede izango dituzten itxaropena azaldu zuen, «Taiwango independentziaren aurkako oposizioa» oinarri hartuta.

Txinako presidentea Hong Kongeko egoerari eta azken urteetako «garapen korapilatsuei» buruz ere aritu zen; izan ere, demokraziaren aldeko mugimendua eskualde administratiboaren eskubidearen alde aritu da, Pekinek ezarritako Segurtasun Nazionaleko Legearen aurka. Xiren arabera, Hong Kong «kaosetik gobernantzara» igaro da.

Batasunaren garrantzia

Txalo artean, Xik azpimarratu zuen «Txinaren nazioarteko eragina, erakargarritasuna eta mundua moldatzeko gaitasuna nabarmen handitu» direla. «Batasunak indarra ematen du, eta garaipenak batasuna behar du».

Horrez gain, haren esanetan, Txinak, potentzia gisa, «inoiz ez ditu hegemonia eta espantsionismoa izango helburu», eta «Gerra Hotzaren pentsamoldearen» aurkako jarrera berretsi du.

Aitzitik, Txinako presidenteak ez zuen inolako aipamenik egin AEBekin dituen tentsioen inguruan, ezta Ukrainako gerraren inguruan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.