KORSIKA

Talamoni independentisten burua aske utzi dute, baina auzipeturik

Courroye epaileak bost orduz hartu dio deklarazioa Charles Pieri abertzalearen auzia dela eta

BASTIA
2004ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Unione Naziunale taldeko Korsikako Lurralde Asanbleako diputatu eta Korsika Nazione alderdiko buru Jean-Guy Talamoni baldintzapean libre utzi zuten igande gauean. Buruzagi independentistak hiru egun eman ditu Frantziako Poliziaren Finantza Brigadako egoitzan, Parisen. Talamoni iragan ostegunean atxilotu zuten Bastiako bere bulegoan, «estortsioa» leporatuta. Atxilotu zuten egunean bertan bost orduz deklaratu zuen Charles Pieri abertzalearen auzia zuzentzen ari den Philippe Courroye epailearen aurrean. Pieri kartzelaldi prebentiboan dago, Nouvelles Frontieres bidai enpresari xantaia ekonomikoa egin eta diru horrekin SCB Bastiako Sporting Kluba finantzatzea leporatuta.

Courroye epaileak Korsika Nazione alderdiko U Ribombu astekarian agertutako Nouvelles Frontieres enpresaren publizitateaz galdetu zion Talamoniri FLNC Korsikako Nazio Askapen Fronteak astekari horri helarazten dizkio bere oharrak. Antza, bidai agentziako zuzendari ohi Jean-Christian Pinotek SCB eta U Ribombu astekariaren finantzazioa Talamonirekin zuzenean hitzartu zuela adierazi zien Pieriren ikerketako arduradunei. Epaileak, oraingoz, aintzat hartu ditu enpresa gizonaren adierazpenak. Talamonik, berriz, ukatu egin zuen xantaia ekonomikoan zerikusia izatea auzia 1994. urtekoa da.Parisen hiru egun eman ondoren, harrera beroa egin zioten igande iluntzean buruzagi independentistari. Bastiako aireportuan ehun bat abertzale zituen zain. Hamabost urteko alaba eta bere neska-laguna ere bertan zeuden. «Parisen ni bezala euren txostena erabat garbi duten hainbat pertsona daude. Espero dut egun hauetako protesta ekintzak preso guztiak askatzeko baliagarriak izatea», adierazi zuen.

Zuccarelliren etxera

Militante independentistek aireportua eta hirigunera arteko bidean lagundu zioten buruzagiari. Auto-ilara sortuta, ibilbidea egin zuten Bastiako kaleetan. Goizaldeko ordubata aldera Bastiako alkate eta PRG Ezkerreko Alderdi Erradikaleko diputatu Emile Zuccarelliren etxearen aurrean klaxona jotzen aritu ziren abertzaletasunaren kontra agertu da beti uharteko ezker tradizionaleko politikaria. Azken egunotan gertatu dena sakonean aztertzeko bilera egingo dutela zabaldu zuten ordezkari abertzaleek.

Ildo horretan, Unione Naziunaleko buruzagi autonomista Edmond Simeonik Parisen jarrera salatu zuen Radio Corse Frequenza Mora (Radio France) irratian: «Zilegi bihurtu nahi den jazarpen politika aintzat hartuta auzipetu dute Talamoni. Mugak jarri behar zaizkie neurri eta ekintza basati hauei; izan ere, matxinada sortzeko baino ez da baliagarria eta hori kezkagarria da. Jean-Guy Talamoni Korsikako Lurralde Asanbleako diputatu da 1992. urteaz geroztik kide gazteena izan zen. Urte horretatik aurrera talde nazionalistaren presidente izan zen. Azken hauteskundeetan, akordio historikoa lortu zuten uharteko talde abertzale gehienek, Unione Nazionale koalizioa osatuta. Taldeak zortzi diputatu lortu zituen bozetan 1998. urteko kopuru berdina, nahiz eta botoetan gora egin.

-

MANIFESTAZIOA



 

Hiru gazteri bi hilabeteko kartzela zigorra ezarri diete





Bastian iragan larunbatean izan zen manifestazioan atxilotutako zortzi gazteren kontrako epaiketa izan zen atzo arratsaldean Bastiako Justizia Auzitegian. Atxilotuetako bati bi hilabeteko kartzela zigorra finkoa eta beste biri luzatzen ahal den beste bi hilabeteko kartzelaldia ezarri zieten. Beste bost gazteek hemezortzi urtez beherakoak guztiak adingabekoen epailearen aurrean deklaratu beharko dute datozen egunotan.

Epaiketan Jean-Guy Talamoni bera izan zen abokatua da. «Zugatik egin dugu hau», esan zion gazteetako batek. Errepresioaren Kontrako Batzordeko kideak ere epaitegian izan ziren. Orotara zortzi gazte atxilotu zituzten larunbata gauean, Talamoniren alde Bastian izan zen manifestazioaren bukaeran. Martxaren amaieran liskarrak izan ziren segurtasun indar eta manifestarien artean. Ehun bat gaztek suzko barrikadak egin eta Frantziako Poliziari aurre egin zioten. Liskarren ondorioz, bi polizia eta suhiltzaile bat zaurituta eraman zituzten ospitalera. Bi polizik ospitalean jarraitzen dute.Antolatzaileen arabera, 3.500 pertsona bildu ziren hiriburuan diputatuari babesa ematera. Bertan koaliziokoalderdi eta erakunde guztietako buruak izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.