Faizabad hiria ere hartuta, eskualdeko 34 hiriburuetatik bederatzi talibanen esku daude. Hala, Afganistan iparraldean, bi besterik ez dira geratzen Kabulen esku. Bien bitartean, bi aldeak Dohako negoziazio mahaian eserita daude. AEBetako Estatu Departamentuko eledun Ned Pricek uste du litekeena dela elkarrizketa haiek gatazka eremuan «eragina» izatea. Haren arabera, «bake negoziazioak egiteko gudu zelaian bakea beharrezkoa» dela dioen ideia okerra da.
Talibanek sei egun behar izan dituzte bederatzi hiriburu eta dozenaka barruti konkistatzeko. Hainbat kasutan, gainera, eskualde osoaren kontrola ere berenganatu dute matxinoek. Azkenak Badakhxan eta Baghlan izan dira, talibanen bozeramaile Zabibullah Mujahiden esanetan. Faizabad eta Pul-i-Kumri dira, hurrenez hurren, lurralde horietako hiriburuak, eta talibanek atzo gauean jakinarazi zuten biak hartu zituztela. «Inor ez da zauritu operazioetan, etsaiak ihes egin baitzuen», gehitu du eledunak. Pajhwok albiste agentziaren arabera, eremuko soldaduen «aire babes eta errefortzu eskaerek ez zuten erantzunik izan», eta hirietatik alde egitea erabaki zuten.
Hala, iparraldeko bederatzi eskualdeetatik zazpi daude talibanen esku: Jawzjan, Sar-e-pol, Kunduz, Takhar, Samangan eta Baghlan. Armadak, berriz, Paryab eta Balkh eskualdeen kontrola besterik ez du eremu horretan. Azken horretako hiriburuan, Mazar-e-Xarifen, gotortu dira segurtasun indarrak, eta han izan da Afganistango presidente Axraf Ghani, Tolonews agentziak jakinarazi duenez. Hura, besteak beste, herrialdeko uzbekoen buruzagietako batekin bildu da, Abdul Raxid Dostumekin. Milizia zibilak armatu eta koordinatzeko aukera aztertu du harekin. Atzo, Kabulek baieztatu zuen «altxamendurako indar herritarrak» eratuko dituztela. Izandako porroten ondorioz, armadako buru Wali Ahmadzai ere kargutik kendu du Ghanik, eta Hibatullah Alizai indar berezietako komandanteak hartuko du haren lekua.
Defentsa Ministerioaren arabera, armadaren eta matxinoen arteko borrokak izan dira gaur 11 eskualdetan: Balkh, Farah, Ghor, Helmand, Kapisa, Laghman, Logar, Nangarhar, Paktia, Uruzgan eta Zabul eskualdeetan. Farahren kasuan, izen bereko hiriburua talibanen esku dago jada, Nimroz eskualdea bezala; biak ere Afganistango hego-mendebaldean daude. Kabulen konkista, berriz, ez dago talibanen luze gabeko planen barruan. «Operazio planaren arabera, lehenik gainerako eskualdeak garbitu behar dira, eta gero erabakiko da Kabulen inguruan», adierazi du Mujahidek. Aurrez, besteak beste, Kandaharren aurkako oldarraldia hastea espero da; joan den mendearen amaieran ezarritako agintaldiaren kontrolgune nagusia izan zen.
Gobernuaren arabera, atzo 439 taliban hil eta 77 zauritu zituen armadak liskarretan. Defentsa Ministerioak ez du hildako soldaduen eta zibilen inguruko informaziorik ematen, baina NBE Nazio Batuen Erakundeak atzo jakinarazi zuen uztailaren 9tik lau hiritan —Laxkar Gah, Kandahar, Herat eta Kunduz— 180 zibil baino gehiago hil eta 1.200 zauritu dituztela. Gurutze Gorriak, berriz, esan du hilabete hasieratik 4.000 zauritu artatu dituela.
Dohara begira
Talibanek hogei urte betetzear den gerran ikusi den oldarraldirik handiena hasi zuten maiatzean, nazioarteko tropek herrialdea uzteko operazioa abiatzearekin batera. Azken asteetako egoerak ez du AEBetako presidente Joe Bidenen iritzia aldatu, eta berretsi du hilabete amaierarako soldaduek herrialdea utziko dutela: «Ez naiz erabakiaz damutzen. Beren kabuz eta beren herrialdeagatik borrokatu behar dira». Hitz horiek hala arrazoitu ditu Estatu Departamentuko eledun Ned Pricek, AEBek eta matxinoek iazko otsailean sinatutako akordioari erreferentzia eginez: «Indarkeria mailak ez du bat egiten akordio hartan hitzeman zutenarekin. Halere, akordioan bada garrantzitsua den beste elementu bat: AEBetako eta [nazioarteko] koalizioko indarrei ez apuntatzea».
Hala, atzo Dohan hasitako elkarrizketetan jarri dute AEBek arreta. Izan ere, hara bidali dute Afganistanen duten ordezkari berezi Zalmay Khalilzad. Ez da diplomazialariak elkarrizketetan parte hartzen duen lehen aldia, baina, oraingoan, helburu argi bat du, Pricen arabera: «Talibanei presio egingo die oldarraldi militarra eten eta konponbide politiko bat negozia dezaten». Horretarako arma nagusia nazioarteak egin dezakeen indarra da, Etxe Zuriak azaldu duenez; talibanek ulertzea «indarrez inposatutako gobernu batek» ez duela nazioarteko komunitatearen babesa izango.
Qatarren dira, besteak beste, NBEko, EB Europako Batasuneko, Errusiako eta Txinako ordezkariak ere. Haiei eta Washingtoni «axolagabe» ez jokatzeko eskatu die HCNR Adiskidetze Nazionalerako Kontseilu Nagusiko presidente Abdullah Abdullahk: «Bakearen beharraren inguruko mezu argi bat bidali behar da». Talibanei, berriz, exijitu die oldarraldiari amaiera eman eta konponbide politiko bat bilatzeko, bide militarra baztertuta: «Talibanei eskatzen diegu mahai gainean konponbide politiko bat jartzeko, eta onartzeko nazioarteko bitartekarien presentzia».
Europa eta migratzaileak
Europako Batzordeak beste alor batean jarri du arreta, gatazkak bere lurretan izan ditzakeen ondorioetan. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, Afganistanen 400.000 desplazatu baino gehiago daude, eta ugari dira Iranerako bidea hartu dutenak ere. Batzordearen esanetan, baina, urtea hasi zenetik 4.000 migratzaile afganistandar iritsi dira «legez kanpo», iaz baino %25 gutxiago. Beraz, egoera «ona» dela azaldu du: «Krisi militar bat da, ez migrazio krisi bat».
Egoera hori zela medio, Afganistango Gobernuak eta hainbat erakundek EBko estatu kideei eskatu zieten afganistandarren deportazioak eteteko. Horren aurka agertu ziren atzo Alemania, Danimarka, Belgika, Herbehereak, Grezia eta Austria, eta Afganistani migratzaileak deportatzeko «herrialde seguru» izaera ez kentzeko eskatu zioten Bruselari. Belgikako Asilo gaietarako idazkari Sammi Mahdiren esanetan, estatu bateko «zenbait eskualde» seguruak ez izateak ez du esan nahi herrialde horretako herritar guztiei babesa eman behar zaienik. Gaur, baina, Alemaniako eta Herbehereetako gobernuek atzera egin dute, eta adierazi behin-behinean etengo dituztela beren lurretan dauden afganistandarren deportazioak.