ASIAKO ITSASIKARA

Tamil Tigreen arabera, Kolonbo giza laguntza desbideratzen ari da

Sri Lankako Gobernuak, berriz, dena ukatu du; haren esanetan, errebeldeak eta soldaduak elkarlanean ari dira

Erredakzioa
2005eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Tamil Tigreak gerrillari taldeak (Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreak) Sri Lankako Armada salatu du, errebeldeen kontrolpean dauden tokietara bidalitako giza laguntza desbideratzeagatik. Bi aldeen arteko menia ikuskatzen ari den Eskandinaviako ordezkaritzari helarazi diote Tamil Tigreen bitartekariek salaketa. Hala, Trincomaleko eskualdeko gerrillarien buru militarra, Sornam koronela, Eskandinaviako ordezkaritzako buru Trond Furuhactrbn jeneralarekin bildu da.

Tamilnet webguneak gerrillarien web orria atzo zioenez, «errebeldeen kontrolpean dauden tokietan» banatzen den atzerriko laguntza bidezkoa izan dadila bermatzeko eskatu die Sornamek ikuskatzaileei.

Itsasikara gertatu zen egunetik iragan abenduaren 26a akusazio bera egin dute. Tamil Tigreen arabera, Kolonboko gobernuak beren kontrolpean dauden tokiei eman beharreko giza laguntza murriztu du, zorigaiztoari etekin militarra ateratzearren. Horren adibide garbia da joan den aste bukaeran gertatutakoa. NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, Kofi Annanek, Sri Lanka bisitatu zuen. Gobernuak, baina, gerrillarien kontrolpean dauden inguruetara sartzea eragotzi zion.

Kolonbok, berriz, dena ukatu du. Horren arabera, soldaduak eta errebeldeak elkarlanean ari dira, gerrillarien kontrolpean dauden tokietan giza laguntza banatzen.

Gobernuko Bake Prozesurako idazkari Jayanda Dhanapala areago joan zen, Kolonboren eta Tamil Tigreen arteko harremana etengabekoa dela adieraziz. Dhanapalaren ustez, soldaduek eta errebeldeek beren arteko desadostasunak alde batera utzi dituzte, tsunami-ak kaltetutakoei laguntzeko. Era berean, elkarrekin lan egiteko eta bake prozesua berriro martxan jartzeko oinarri egokia dela iritzi dio.Izan ere, ia 20 urteko gatazkaren ondoren, Gobernuak eta Tamil Tigreek su-etena hitzartu zuten 2002ko otsailean, Norvegiaren bitartekaritzari esker bake prozesua abiaraziz. Zazpi hilabete geroago, Tamil Tigreen aurkako debekua kendu zuen Kolonbok, eta abenduan, berriz, autonomia hitzartu zuten tamilentzat, ipar zein ekialdean. Hilabete berean, boterea banatzea erabaki zuten Gobernuak eta errebeldeek. 2003ko apirilean, baina, gerrillariek negoziazioak alboratu zituzten, «baztertuta» sentitzen zirelako. Meniak bere hartan dirau oraindik, nahiz eta liskarrak maiz gertatzen diren.

Esaterako, Human Rigths Watchek, giza eskubideen aldeko erakundeak, Tamil Tigreek 1.000 haur baino gehiago soldadu izateko bildu dituztela salatu du. Era berean, Sri Lankako Gobernuak atxilotutakoak torturatu eta tamil etniako biztanleei jazartzen diela nabarmendu du elkarte horrek.Bilaketa lanek, bestalde, bere hartan jarraitzen dute eta, atzo aurkitutako 21 gorpuekin, 31.000 dira tsunami-ek Sri Lankan hildakoak.Nazioarteko Diru Funtsak (NDF), berriz, Sri Lankak zor zizkion 113,5 milioi dolarren ordainketa atzeratzea erabaki du.

Mangle arboladiek kalteak arindu zitzaketen

Indiako aditu baten esanetan, itsasikararen kalteak «askoz ere txikiagoak» izango ziren mangladi mangle arboladia gehienak txikitu izan ez balira:Devinder Sharma Elikadura eta Nezaritza politikan adituaren aburuz, mangladi horiek marea altuen aurkako babesgarri naturalak ziren. Otarrainxka-haztegien goraldiak, baina, ekosistema horien susntsipena eragin zuen.

NBEren arabera, kaltetutako eremuen egoera humanitarioa gero eta kontrolatuago dago. Halere, kostaldetik urrunen dauden tokiek inolako laguntzarik ez dutela jaso baieztatu zuen NBEren bozeramaile batek, «erabateko ebaluazioa» ez dutela egin onartzearekin batera. Indonesiak 23 urte iraun duen arma enbargoa kentzeko eskatu die AEBei. Hori eginez,tsunami-ak kaltetutako tokietan hobeto lagundu ahal izango luketela dio hango gobernuak.Mundu osoko 50 bat hiritako alkate eta ordezkari Parisen bilduko dira gaur, kaltetuei eman beharreko laguntza motak aztertzeko asmoz.Erdialdeko Ameriketako psikologo batek, haatik, itsasikarak eraginiko traumak epe ertainera indarkeria areagotzea ekar dezakeela ohartarazi zuen atzo.

-

Datua





30

Kaltetuen aldeko diru laguntzak 30 estatuk eman dituzte jada. Horixe adierazi zuen atzo NBEk. Orain arte, Kofi Annan NBEko idazkari nagusiak eskatutakoaren %74a bildu dute: 725,5 milioi dolar batu dituztela baieztatu zuten atzo NBEren iturriek. Annanek, berriz, 977 milioi dolar eskatu zituen. Diru gehien Japoniak eman du; orotara, 250 milioi dolar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.