E. Kaushalya LTTE Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreen buruzagietako bat eta beste lau gerrillari hil zituzten atzo Batticaloatik 40 kilometrora. Erasoan beste bi pertsona zauritu zituzten. Polizia erantzulea nor den ikertzen ari da. Hala ere, Daya Ratnayaka Armadako bozeramailearen esanetan, iazko martxoan LTTEtik banatutako gerrillari talde batek egin zuen erasoa. Karuna koronela da gerrillari talde horretako burua. Iparraldeko buruzagiei hegoaldeko tigreak baztertzea leporatu zien Karunak iaz. Geroztik borroka ugari izan dira bien artean.
Aldiz, Tamil Tigreek Armadaren esanetara lan egiten duten paramilitarrei egotzi zieten hilketa. Haien esanetan, Karunari laguntzen diote paramilitarrek.Autoan zihoazela eraso zieten. Ekintzaileek errepidea itxi eta tiroz hil zituzten bostak. «Ez dugu horrekin zerikusirik. Azken hiru urteetan ez dugu LTTEren aurkako ekintzarik egin», esan zuen Ratnayakek.
Milaka hildako
Gutxienez 60.000 pertsona hil dira Gobernuaren eta gerrillarien arteko borrokak hasi zirenetik. Abenduaren 26ko hondamendiaren ostean, ordea, erasoak alde batera utzi eta Gobernuarekin elkarlanean aritzeko prest agertu ziren tigreak.
Bake prozesua, aldiz, geldirik dago azken urteotan, tigreek baldintza gisa Sri Lanka iparraldeko eta ekialdeko eskualdeak beren menpe uztea eskatu zutenetik. Kaushalyanen heriotzak ez du lagunduko.
SRI LANKA
Tamil Tigreen buruetako bat hil dute
Tigreek Armadari leporatzen diote erasoa eta Armadak, berriz, LTTEren politikarekin bat ez datorren tigre talde bati
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu