TAMILEN ETA ZINGALESEN ARTEKO GERRA. Azken borroka Sri Lankan

Gerrillari tamilak 200 kilometro koadroko eremuan setiatu ditu armadak, eta garaipena aurki etorriko dela iragarri du

2009ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
«Askapenerako mugimendua gara eta lurraldea berreskuratuko dugu», ziurtatu zion B. Nadesan gerrillari tamilak Chris Morris BBCko kazetariari joan den astean. «Zaude, eta ikusiko duzu». Gutxi itxaron zuen, ordea, Udaya Nanayakkara Sri Lankako armadako bozeramaileak halako mutirikeriari erantzuteko. Reuter agentziari egindako adierazpenekin hau ohartarazi zion LTTE Tamil Eelam Askatasun Tigreen kideari: «Gerra amaituko dugu, lehenbailehen amaitu ere. Utz diezaietela zibilei irteten eta zein azkar egin dezakegun erakutsiko diegu».

Izan ere, Sri Lankako armada - eta Gobernua-, konbentzituta dago 30 urteko gerra amaitzear dela; irabaztear direla. Eta ahal izan duen guztietan aldarrikatu du garaipena Mahinda Rajapaksa presidenteak. Hilabete hasieran, Erresuma Batutik banatu zireneko 61. urteurrenaren ospakizunetan, esaterako, tamilen porrota «egun kontua» dela adierazi zuen. Armadak tigreen gotorleku gehienak bereganatu ditu urtarrilaz geroztik, gerrillak bereak dituen taktikak erabiliz- eta aurrekontu militarra %20 handituz-. Soldadu talde txikiak osatu dituzte, oihanean errazago barneratzeko.

Hala, bi hilabeteren buruan, Kilinochi gerrillaren hiriburu sinbolikoa, Mullaitivu hiria, eta uhartea Jaffnako penintsularekin lotzen dituen Elefanteen pasabidea hartu dituzte militarrek, besteak beste. Eta gerrillak 200 kilometro koadroko oihan eremua, han dauden Visuamadu eta Puthukudiyirippu hiriak, eta 32 kilometro kostalde baino ez ditu kontrolpean jada; irlako 15.000 kilometro koadroen %1 baino ez. Setiatutako gune horretan, gainera, etengabeak dira borrokak: 50.000 soldadu 2.000 gerrillari ingururi ari zaie aurre egiten, gau eta egun. Artean, 250.000 zibil harrapatuta daude gatazka eremuan, nazioarteko agentziek salatu dutenez.

Bestelakoa zen panorama orain ez hainbeste: de facto agintzen zuen LTTEk herrialdeko ipar-ekialdean. Sri Lankako Gobernuak aintzat hartzen ez bazituen ere, tamil tigreek Polizia, zerbitzu sekretu, banketxe, auzitegi eta zergak biltzeko bulego propioak zituzten. Tamil etnia da nagusi han -biztanle guztien %18-, eta hinduistak dira. Lurraldeko gainerako eremuak zingalesak dira, budistak. Beraz, ipar-ekialdeko eskualde hori tamilen estatu independentea izan dadin dihardute borrokan oraindik ere tigreek. Ez luzerako, armadaren arabera.

Gerra osteko egoera

Sri Lankako Gobernua hasia da gerra osteko egoera irudikatzen, hain dago ziur gerrillariak laster batean garaituko dituena. Zibil tamilentzat bost ongizatearen herrixka eraikiko ditu. Atxilotze gune moduko horietan, hesituta eta zainduta edukiko dituzte 195.000 iheslari; 39.000 bakoitzean. Hasieran, Nazioarteko Gurutze Gorriak eta UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak baino ezingo lukete haietara sartu.

Bestalde, agintarientzat su-etena ez da aukera. «Zergatik aldarrikatu beharko genuke?», egin zuen itaun Gotabaya Rajapaksa Defentsa idazkariak -presidentearen anaia- joan den astean. «48 orduko azken tregoa, esaterako, eraso suizidak egiteko baliatu zuten. Lehergailuz beteriko kamioiak zartarazi zituzten. Su-etena izan den guztietan LTTEk bere burua indartu du. Horregatik dugu 30 urteko gatazka». Eta tigreen azken eskaintzari ere modu berean erantzun diote. Joan den igandean agertu zen gerrilla berriz ere tregoarako prest. Barack Obama AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteari, EB Europako Batzordeko buru Jose Manuel Durao Barrosori, Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiari eta Norvegiako Jen Stoltenberg eta Japoniako Taro Aso lehen ministroei zuzendutako eskutitz baten bidez jakinarazi zuen. Keheliya Rambukwella militarren bozeramaileak, ordea, «irrigarritzat» jo du eskaintza. «Zeharo dibertigarria iruditzen zait proposatzen digutena. Gerra galtzear egon direnero erabili duten jukutria bera da. Munduak ongi baino hobeto ezagutzen du LTTEren izaera». Azken hitzekin AEBei, EBri eta Indiari egin dio erreferentzia. Terroristatzatjotzen dute LTTE.

Dena den, Sri Lankako Gobernua negoziatzeko prest badago. Gerrillariek armak uzten badituzte, betiere. Haiek errendituz gero, amnistia emateko gertu agertu da Rajapaksa Defentsa idazkaria. «Armak uzteko baldintzez ez dugu hitz egingo. Baldintzarik gabekoa izan behar du armagabetzeak. Baina errenditzen direnei amnistia eman eta haiek gizarteratzeko prest gaude», jakinarazi du. Eskaintza horrek, ordea, behe mailako gerrillariak baino ez ditu barne hartzen. Tamil tigreen buruzagientzat ez legoke amnistiarik, beraz.

Dena den, tamilek askatasuna, duintasuna eta burujabetza bermatu artean ez dutela amore emango adierazi dute behin eta berriz. Horiek horrela, adituak Sri Lankako Gobernua bainozuhurragoak dira, eta historia ekarri dute gogora. 90eko hamarkadan bi gerra handi galtzear izan dira tamil tigreak. Baina berriro armatu eta borrokari ekin izan diote berriz.





Gatazka armatuaren historia luzea

1815. Erresuma Batuak te, kafe eta koko sailetan lan egin zezaten, tamilak eraman zituen Indiatik Zeilanera.

1948. Zeilanek independentzia lortu zuen.

1972. Sri Lanka izena hartu zuen uharteak.

1976. Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreak sortu ziren.

1983. Sri Lankako armadaren eta tamil tigreen arteko lehen borrokak izan ziren.

1985. Huts egin zuen bakea lortzeko lehen ahaleginak.

1987. Iparraldeko Jaffna hirian zokoratu zituzten tamilak.

1990. Bigarren gerra hasi zen.

1993. Ranasinghe Premadasa presidentea hil zuten tamilek.

1995. Tamilen aurkako hirugarren gerra hasi zuten.

2002. Norvegiako bitartekaritzari esker, gerrillak eta Gobernuak su-etena sinatu zuten.

2005. Borrokak gogortu ziren.

2008. Su-etena amaitutzat jo zuen gobernuak.

2009. Tamilak setiatu ditu Sri Lankako armadak.



Prabhakaran, tamil tigreen buruzagia, desagertuta

Buruzagi ausartaren eta errukigabearen ospea du Velupillai Prabhakaranek, LTTE Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreen liderrak. Eta hainbeste urtez armadari aurre egitea lortu badute, horrek ezarritako diziplinari esker lortu dute. Orain, ordea, ez dakite non dagoen; zenbaitzuk herrialdetik ihes egin duela uste dute.



60.000

Gatazkan hildakoak. Ia hiru hamarkadez iraun du tamil tigreen eta Sri Lankako armadaren arteko gatazka armatua. Azken urteetan, gainera, borrokak indartu egin dira. Indarkeriagatik hildakoak dagoeneko 60.000 inguru dira. Uharteko ekonomia ere nabarmen kaltetu da.



Mahinda Rajapaksa

Bide bakarreko buruzagia

Lehen ministro kargua eskuratzen bazuen tamil tigreekin negoziazioak hasiko zituela uste zuten askok. Kargua eskuratu eta bestela jokatu zuen, ordea, Mahinda Rajapaksak, orain herrialdeko presidente denak. Ikasketaz abokatu, 2004an izendatu zuten gobernuburu kargurako, eta berak aginduta indargabetu zuen Gobernuak tamil tigreekin 2002an hitzartutako su-etena. Halaber, askotan aldarrikatu du Sri Lankako lurralde batasuna; harentzat ez dago bakea lortzeko beste biderik.

Lehen ministro zela aurkeztu zen 2005ean presidentetzarako bozetara, eta alde txikiarekin garaile irten zen. Marxisten eta budisten sostengua du.



Suthaharan Nadarajah. Tamilen diasporako kidea Erresuma Batuan
Erresuma Batuko diasporako kidea ezkorra da Sri Lankako gatazkaren etorkizunari dagokionez; egungo egoera ikusita epe laburrean bakea ezinezkoa dela dio

«Nazioarteak tamilen sufrimenduari entzungor egiteak betikotuko du gerra»

L. Ventas

Ahots doinua aldatzen du Sutharan Nadarajah-ek LTTEko kide gisa aurkez daitekeen galdetzen zaionean. «Hori legez kanpokoa da». Erresuma Batuan bizi da, eta Londresko Unibertsitatean irakasle da, Nazioarteko Politika Sailean. Tamil Guardian egunkariko zuzendaria ere bada -ingelesez idazten duten egunkari tamil nagusia-, eta horri esker du gertu-gertutik diasporaren berri. Hamar urte daramatza horretan. «Inoiz ez dut ikusi egun bezainbesteko haserrea eta bekaitza».

Sri Lankako armadak dio LTTE behin betiko garaitzekotan dela. Egia da ala propaganda?

Borroka armatuak baditu 30 urte. Denbora horretan, armadak askotan aldarrikatu izan du garaipena. Egia da azken hilabeteetan aurrerapauso handiak egin dituela Vanni eskualdean -LTTEk de facto agintzen zuenean-, eta haren zati txiki bat baino ez dagoela jada LTTEren kontrolpean. Baina erabat ezegonkorra den eskualdea bereganatu du armadak. Aldi berean, ehunka soldadu behar ditu Jaffnako penintsulako kontrola bermatzeko -1995 eta 1996 artean bereganatu zuten-. Baita Kolonbo hiriburua bera kontrolpean mantentzeko ere. Horregatik igaroko dira 160.000 soldadu izatetik 300.000 izatera, Mullaitivu hartu ostean ere.

Kazetariak ezin dira sartu Sri Lankako ipar-ekialdera. Atzerrira heltzen den informazioa okerra da?

Kazetariak ezin dira sartu. Baina hori ez da gatazkaren inguruko informazioa helaraztea eragozten duen faktore bakarra. Gobernuak giza laguntzarako agentzietako langile guztiak aterarazi zituen iazko udan; eraso masiboak hasi bezperatan. 2002an Norvegia bitartekari zela hitzartutako su-etena ikuskatzekoak zirenek ere herrialdea utzi behar izan zuten, Gobernuak hala aginduta. Lekuko independenteak oso gutxi dira.

Ehunka zibil hil dira 2005ean borrokak gogortu zirenetik. Beste hainbestek ihes egin behar izan dute bizilekutik. Giza krisiak ez du LTTEren babesa murriztu?

Ehunka tamilek ihes egin behar izan dute Sri Lankatik, Mendebaldeko herrialdetara batez ere: Kanadara, Australiara, Erresuma Batura eta Indiara. Leku horietatik babesa agertu diote LTTEri. Ikuserrazagoa zen nazioarteak LTTE terroristatzat jo aurretik. Lasai ager zitezkeen tigreen alde, ordura arte. Diaspora gehiena tigreen aldekoa bada, beraz, logikoa da Sri Lankako tamilak ere hala direla pentsatzea. Horrek ez du esan nahi, noski, guztiak LTTEko kide direnik. Babesaren erakusgarri zera izan zen: 2004ko hauteskundeetan tamilen gehiengo zabalak TNAren alde bozkatu zuen; eta alderdi horren arabera, LTTE zen tamilen ordezkari bakarra. Bestalde, gero eta nabarmenagoa da nazioarteak nahi duena egiten uzten diola Sri Lankari, terrorismoarenkontra ari den aitzakian. Horren aurka gero eta tamil gehiagok uste dute borroka armatua dela bidea. Ziur esan diezazuket: giza krisiagatik ez ezik, nazioarteak herri tamilaren sufrimenduari entzungor egin izanagatik hazi da LTTEren babesa, eta horregatik betikotuko da gerra ere.

Bakea sinatzear izan ziren bi aldeak 2002an. Gerra presoak trukatzea adostu zuten, eta tigreek estatu independentea eskatzeari uko egitekotan egon ziren. Halakorik espero duzu laster?

Egungo egoerarekin ez da errealista bake prozesuaz hitz egitea. Tamilen eta zingalesen arteko polarizazioa eta liskarrak inoiz baino gogorragoak dira, eta okerrera doaz. Beste modu batera esanda: adostutako bakea ezinezkoa da egun. Herri zingalesak indarkeria bidezko azpiratzeari oniritzia ematen dion artean, tamilek erresistentzia babestuko dute. Amaigabeko gerra da etorkizuneko egoera posible bakarra, nazioarteak jarrera aldatzen ez badu behintzat. Serbiarrak eta kosovoarrak ezin ziren elkarrekin bizi, tamilak eta zingalesak ere ez.

Zein aukera dute tamilek egun? Estatu independenteari uko egin eta estatu federala onartzea?

Tamilek federalismoa edo beste edozer onartuko dute horrek zingalesen legedi zapaltzailea eta konstituzio arrazista alde batera lagatzea esan nahi badu. Baina nork ziurta dezake horrekin ez garela egungo egoerara itzuliko bakea hitzartu eta urtebetera, bostera, hogeira? Zer gertatuko litzateke etorkizunean herri zingalesak federalismoa arbuiatu eta berriz ere egungo egoerara itzuli nahiko balu? 2001ean, ekonomia krisiaren ostean, zingalesen %60k alderdi zingales gogorrenaren alde bozkatu zuten.

Giza eskubideen aldeko erakundeek giza eskubideak urratzea leporatu die, bai armadari, bai tigreei.

Nazioarteko agentziek bi aldeei gehiegikeriak egitea leporatzen diete, baina ez dute zehazten proportzio falta. Eta aurretik gertatutakoak ere ez dituzte gogorarazten. Hala, genozidioari ez diote erreferentziarik egiten. Bestalde, nazio askapenerako mugimenduak talde armatu huts gisa hartzen dituzte, eta haien beste jardueren garrantzi soziala alde batera uzten dute. Hamasekin gertatzen den bezala. Palestinarren sufrimendua arintzeko sortu zen, eta horren alde urratsak egin ditu. Nazioarteak, baina, erakunde terroristatzat dauka, talde armatutzat. Horrekin ez dute esan nahi talde armatuek gehiegikeriak egiten ez dituztenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.