Teheranek lau puntuko plan bat proposatu du Yemengo gatazka konpontzeko

Irango Atzerri ministroak Pakistanen eman du planaren berri, eta herrialde horri eskatu dio bat ez egiteko matxino xiiten aurkako nazioarteko koalizioarekin

Sanan atzo izandako leherketa. Telebista publikoaren arabera, nazioarteko koalizioak atzo 27 herritar hil zituen hiriburuan, aire erasoetan. YAHYA ARHAB / EFE.
mikel rodriguez
2015eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Mohammad Javad Zarif Irango Atzerri ministroak lau puntuko plan bat proposatu du Yemengo gatazka konpontzeko. Su-eten bat ezartzea, giza laguntza helaraztea, elkarrizketa prozesu bat hastea eta batasun nazionaleko gobernu bat eratzea dira planaren lau puntuak. Ez da proposamen berria, Nazio Batuen Erakundearen bitartekaritzarekin 2014 bukaeratik martxan zegoen prozesuak ere oinarri berberak baitzituen, baina gatazka zeharo gogortu da ordutik, eta Zarifen planak garrantzi berezia du, Pakistanen jakinarazi duelako.

Izan ere, Saudi Arabiak huthien aurka zuzendutako koalizioarekin bat egitekotan da Pakistan. Egunak daramate Riadeko eta Islamabadeko agintariek negoziatzen, eta Pakistanen atxikimenduaren berri ere eman dute zenbaitetan azken egunotan. Iranek, ordea, bat ez egiteko eskatu dio Pakistani. «Yemengo herriak ez lituzke jasan beharko aireko bonbardaketak», adierazi du Zarifek Islamabaden.

Huthiak militarki laguntzea leporatzen dio Saudi Arabiak Irani , eta Riadek haien aurka esku hartzea erabaki zuen, Abd Rabu Mansur Hadi presidentearen agintea berrezartzeko. Monarkia sunitaren eta errepublika xiitaren arteko lehia geopolitikoaren jokalekuetako bat da Yemen, eta zaila dirudi Saudi Arabiak bertzerik gabe onartuko duenik Iranek proposatutakoa. Horregatik, Zarifen aukeretako bat da Pakistanen bitartekaritza bilatzea, Riadek eta Islamabadek dauzkaten harreman onengatik.

Teheranek ekinbide diplomatikoaren alde egin badu ere, oharkabean pasatu ez den mugimendu militar baten berri ere eman du, bi gerraontzi bidali baititu Adengo golkora (Yemenen hego-mendebaldeko itsasora). Habibollah Sayyari almiranteak Press TVri adierazi dio Irango ontzi zibilak Somaliako piratengandik babesteko mobilizatu dituztela ontzi horiek. Duela egun batzuetatik, Egiptok eta Saudi Arabiak adierazia dute Adengo golkoa kontrolpean daukatela beren ontziekin, huthiak itsasotik blokeatuta mantentzeko helburuarekin.

Hain zuzen, Aden hirian dago huthien eta Hadi presidentearen aldekoen borroka gune nagusia. Berri agentzien arabera, hiriaren erdigunea kontrolatzeko borrokan jarraitzen dute bi miliziek. Gurutze Gorriak eta MSF Mugarik Gabeko Medikuek jakinarazi dute giza laguntza daramaten lehenbiziko ontziak ailegatu direla Adenera, nazioarteko koalizioak baimena eman ondoren. Huthiek martxoaren 19an Adenen lehenbiziko erasoa egin zutenetik, OME Osasunaren Munduko Erakundearen arabera 519 lagun hil dira borroketan.

AEBen buruhausteak

Yemengo gatazkak AEBei buruhauste handia sortu die Ekialde Hurbilean, interes kontrajarriak elkar gurutzatzen ari baitzaizkie. Alde batetik, Saudi Arabia babestea erabaki dute, eta Anthony Blinken Estatu idazkariordeak herenegun jakinarazi zuen are arma eta informazio gehiago emanen diotela Riad buru duen koalizioari. «Saudi Arabia mezu azkar bat ematen ari zaie huthiei eta horien aliatuei: ezin dutela Yemen indarrez hartu». Biharamunean, baina, Ash Carter Defentsa idazkaria kezkatuta agertu zen Al-Qaeda huthien aurkako nazioarteko esku hartzea baliatzen ari delako eremu gehiago kontrolpean hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.