IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari Yukiya Amano atzo ailegatu zen Teheranera. Bisitaren helburua hil honetan erakunde horrek Irango Gobernuarekin berreskuratutako harremanei segida ematea zen, eta bihar Bagdaden Teheranek 5+1 Taldearekin —AEBek, Alemaniak, Erresuma Batuak, Errusiak, Frantziak eta Txinak osatua— eginen duen bilerarako konfiantza giroa sustatzea. Bai Amano, bai Said Jalili Irango negoziatzaile burua gustura irten ziren elkarrekin edukitako bileratik. Amanok elkarrizketa «positiboa» izan zela erran zuen. «Negoziazio zabal eta bizia izan dugu giro onean». Jalilik, berriz, elkarrizketekin jarraitzeko prest dagoela adierazi dio Amanori.
IAEAko zuzendariak argi utzi du bidaia honetan erakundeko kideek ez dutela eraikin nuklearrik bisitatuko, baina horretarako Iranengandik konpromisoak lortzeko xedea dute. Jalilik berretsi du Errepublika Islamikoa «arma nuklearren aurka» dagoela, eta bere programak «energia nuklearraren erabilera baketsua» duela helburu. Jalilik erran du IAEAk bere «independentziari» eutsi, eta agentziako kide diren estatuen «eskubideak eta betebeharrak babestu» behar dituela nazioartean duen eragina handitzeko. Horregatik, Irango negoziatzaileak AEBen aurka jo du. Irak suntsipen handiko armen «aitzakia faltsuarekin» inbaditu izana kritikatu du. «Hiroshimako errudunek arma nuklearrak ekoizten eta biltzen jarraitzen dute, eta ezin dute arma nuklearren aurkako kanpainarik egin.
Jalili atzo bertan joan zen Bagdadera, Amanorekin bildu ondotik. Mendebaldeko herrialdeek, AEBak eta Israel buru, programa nuklearra helburu militarrekin egitea egozten diote Irani, eta bai Washingtonek, bai Tel Avivek erasotzeko mehatxua ere egin diote, nahiz eta Barack Obama presidenteak bide diplomatikoa hobesten duela adierazi duen.
Bileraz xehetasunik ez
Gainerakoan, bileren emaitzaz xehetasunik ez duela emanen adierazi du Amanok. «Agentziak ikuspuntu batzuk ditu, eta Iranek bereak». Inspekzioen gaiaz gain, elkarlanerako bertze hainbat esparruz mintzatu direla erran du.
Teheranekin egindako bilera «positiboa» izan dela erran du IAEAko zuzendariak
Errepublika Islamikoa «arma nuklearren aurka» dagoela berretsi du Said Jalili Irango negoziatzaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu