Tentsioak gora egin du beste behin Ekialde Hurbilean

Iranek ukatu egin du AEBetako militarren aurkako erasoan parte hartu izana. Al-Nujaba milizia irakiarrak egin du erasoa. Irakek eskatu du baretzeko eskualdeko tentsioa.

Palestinako gatazka
Palestinako errefuxiatu bat, Khan Yunistik Rafahko errefuxiatu esparrura bidean, ostiralean. HAITHAM IMAD / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko urtarrilaren 29a
15:00
Entzun

Hamasek iazko urriaren 7an Israelen aurka egindako erasoaren ostean, Ekialde Hurbila bolborategi tankera hartzen ari da. Nazioarteko eragile gero eta gehiago sartuta daude gatazkan, nork azken txinparta piztuko zain. Egunotan nabarmen egin du gora tentsioak, Irakeko Erresistentzia Islamikoaren parte den miliziak, Al-Nujabak, larunbatetik atzorako gauean, eraso egin baitzion AEB Ameriketako Estatu Batuek Jordanian duten base bati, eta hiru soldadu hil baitzituen. Miliziak droneak baliatu zituen erasorako, eta, hildakoez gain, 34 lagun zauritu zituen, AEBen arabera.

Gazako gerra hasi zenetik, lehen aldiz, AEBetako soldaduak hil dituzte Ekialde Hurbilean. AEBek Jordaniako ipar-ekialdean —Siriaren eta Iraken mugetatik gertu— duen 22 Dorreaizeneko basearen aurkakoa izan zen erasoa. Eraso hilgarri horrez gain, igandean droneak erabilita gauzatutako beste hainbat eraso ere bere gain hartu zituen, ohar batean. Eraso horien jomugak AEBek Sirian eta Iraken dituen base militarrak ziren. Miliziaren arabera, erasoek, guztira, AEBetako 50 soldadu baino gehiago zauritu dituzte. «Eraso horiek Irakeko Erresistentzia Islamikoaren operazioek eragingo duten infernurako sarrera txiki bat dira soilik», adierazi du miliziak.

AEBek Irani leporatu diote erasoak sustatu izana; izan ere, herrialde askorentzat —AEBentzat, esaterako—, Iran Erresistentziaren Ardatza deituriko aliantzaren burua da. Aliantza horretan daude, besteak beste, Irakeko Erresistentzia Islamikoa, huthiak, Hamas eta Hezbollah. Joe Biden AEBetako presidenteak erasoa gaitzetsi zuen atzo, eta errepresaliak egongo zirela jakinarazi zuen: «AEBak arduratuko dira erasoaren erantzule guztiei erantzuteaz; guk erabakiko dugu noiz eta nola».

Bidenek ere Iranen parte hartzea baieztatu zuen: «Badakigu Iranen babesa duten talde erradikalek egin dutela erasoa». Ildo beretik jo du Erresuma Batuak. David Cameron Atzerri ministroak, gainera, eskualdean tentsioa baretzeko neurriak eskatu dizkio Teherani. Iranek, bestalde, haren parte hartzea ukatu du gaur.

Nasser Kanaani Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak IRNA Irango estatu informazio agentziari esan dio Iranek ez duela parte hartzen «inguruko erresistentzia taldeen» erabakietan: «Iranek ez du eskurik sartzen erresistentzia taldeek Palestina babesteko eta haien nazioak defendatzeko egiten dituzten ekintzetan». Are gehiago, bozeramaileak adierazi du milizien ekintzak Israelen «gerra krimenei eta genozidioari» emandako erantzuna direla. Iranek denbora darama ezeztatzen Al-Nujaba taldea bere esanetara dagoela. Hala ere, babesten dituela adierazi izan du.

Teheranen aurkako salaketak «helburu politikoa» duela gaineratu du Kanaanik: «AEBen eta beste hainbat herrialderen baieztapenek eskualdearen errealitatea aldatzea dute xede». Izan ere, Gazako gatazka eskualdera hedatzeko duen arriskuak sortzen dion egonezina azaldu du behin baino gehiagotan Iranek. Are gehiago, Teheranek AEBei leporatu die Ekialde Hurbileko ezegonkortasuna areagotu izana Iraken, Sirian eta Yemenen egindako operazioak direla eta.

Bidenek aurreratutako erantzunak hautsak harrotu ditu Ekialde Hurbilean, tentsioa areagotu egingo ote den eta gatazka zabalduko ote den beldur. Irakeko Gobernuak, esaterako, miliziaren erasoa gaitzetsi du, eta eskualdean duten «biolentzia egoera» amaitzeko eskatu du. Bassem al-Awadi gobernuko bozeramaileak nazioarteko gobernuei helarazi die Irak prest dagoela eskualdeko oldarraldia baretzeko: «Oinarrizko arauak ezartzen laguntzeko prest gaude, eskualdean ondorio gehiago ez izateko eta gatazkaren areagotzea geldiarazteko»

Bestalde, Gazan gerra piztu zenetik, Zisjordanian areagotu egin dira batez ere Israelek egindako erasoak. Azken 24 orduetan bost palestinar hil dituzte Israelgo indarrek lau jazoeratan, Palestinako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Palestinako Wafa berri informazioaren arabera, horietako bi Dura herrian izandako erasoan hil dituzte, bata tiroz eta bestea anbulantziaren laguntza galarazita. Eraso berean beste bi palestinar zauritu dituzte Israeleko indarrek.

Wafaren datuen arabera, urriaren 7tik Gazan Israelek egindako erosoetan hil diren 26.000 palestinarrei beste 378 gehitu behar zaizkie, Zisjordanian hilak. Eskualde horretan izandako hildako gehienak Israelek okupatutako lurretan izan dira.

UNRWA, kolokan

Gaur Europako Batzordeak egin du urratsa: finantzaketa eten dio UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoari. Israelek, ostiralean, UNRWAko hamabi langileri leporatu zien Hamasek urriaren 7an Israelen aurka egindako erasoan parte hartu izana. Harrabotsa eragin zuen informazio horrek, eta, nahiz eta talde islamistak gezurtatu egin zuen eta NBE Nazio Batuen Erakundeak —UNRWA NBEren menpe dago— langile horiei kontratua deuseztatu eta barne ikerketa bat hasi zituen, hainbat herrialde mugitzen hasi ziren; diruz laguntzeari utzi zioten.

Europako Batzordeak jakinarazi du otsailaren bukaera bitarte ez duela diru gehiago bidaliko. Izan ere, Bruselak ez dio otsailera arte diru gehiago bidali behar NBEren agentziari, eta hori egun batzuk atzeratu dute, azken erabaki bat hartu arte. Gaur kaleratu duten ohar batean, batzordeak adierazi du Bruselak gidatutako auditoretza baten pean jarri nahi duela UNRWA, «haren kideek ekintza terroristetan izan dezaketen parte hartzea saihesteko kontrol sistema bat ezarriz».

Ostiraleko informazioa plazaratu eta ordu gutxira heldu ziren lehen erreakzioak: larunbatean, zazpi ziren UNRWA finantzatzeari utzi zioten herrialdeak. Gazako gerra ankertu eta eskualdeko tentsioa gorantz doan heinean, beste hainbat herrialdek ere eman dute pausoa. Gaur, Austriak eta Errumaniak hartu dute erabaki bera.

UNRWAk gaur adierazi du finantzaketa ez bada berrezartzen otsailetik aurrera ezingo duela lanean jarraitu. NBEren Palestinako barne iheslariekin egiten du lan, batez ere, laguntza humanitarioa emanez. Guztira 1,9 milioi palestinar laguntzen ditu.

Finantzaketa eten zuten lehen hiru herrialdeak AEB Ameriketako Estatu Batuak, Kanada eta Australia izan ziren, ostiralean. Zeresana eman zuen haien erabakiak, baina beste hainbat gobernuk erabaki bera hartu dute: Japoniak, Italiak, Alemaniak, Finlandiak, Erresuma Batuak, Suitzak eta Herbehereek.

Europako Batzordeak eta Alemaniak argi utzi nahi izan dute UNRWAren finantzaketa bertan behera uzteak ez duela esan nahi laguntza humanitarioa etengo dutenik. Horregatik, adierazi dute laguntza hori helarazteko beste bide batzuk ikertzen dabiltzala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.