"Terrorismoaren" eta haren kontrako borrokaren inguruan egin ditu lehendabiziko hitzak Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentegai sozialistak. Borroka horretan aurrera egiteko eta indartzeko, Espainiako segurtasun indarren artekokoordinazioa hobetzeko saioa egingo dutela esan du, eta, horretarako, aginte bakar bat eratuko dutela. Halaber, Eusko Jaurlaritzarekin eta Kataluniako Generalitatearekin segurtasun arloko harremanak garatu nahi dituela agertu du Zapaterok, Ertzaintzaren zein Kataluniako Poliziaren eta Espainiako Segurtasun Indarren arteko koordinazioa hobetzeko.
Nolanahi ere, "terrorismoaren kontrako borrokak" ez duela askatasunen murrizketarik eragin behar esan du PSOEko buruzagiak, eta, halaber, Martxoaren 11ko sarraskiak sor ditzakeen xenofobia agerpenak borrokatuko dituztela.
Dena den, PPrekin hitzartutako Itun Antiterroristak indarrean segitzen duela adierazi du Zapaterok, baina bere xedea dela hitzarmen hori Espainiako Gorteetan ordezkaritza duten alderdi guztiei zabaltzea. Gobernua eratu eta berehala, alderdi guztiekin Itun horren inguruko batzarra egingo duela iragarri du, hain zuzen ere, estrategia bateratuak adosteko. Izan ere, "terrorismotik errentagarritasuna ateratzeko jarrerak", zein "biolentoak babesten dituztenenak" gaitzetsi ditu Zapaterok.
Estatutuen erreforma
Estatutuen erreformak onartzeko prest dagoela esan du Zapaterok, baina bi baldintza jarri ditu aldaketa horiek egiteko: Konstituzioaren baitakoak izatea, eta "adostasun politiko eta sozial handi batekin" gauzatzea. Ildo horreatik, Espainiako autonomi erkidego guztiekin elkarrizketa berreskuratu nahi duela nabarmendu du presidentegaiak; zehazki, uda baino lehen erkidegoetako presidente guztiekin bilduko dela agindu du, eta udazkenerako erkidegoetako lehendakarien kontseilu bat eratuko duela.
Espainiako Konstituzioaren aldaketa "mugatua" ere proposatu du Zapaterok, arlo zehatz batzutan. Hala, Senatuaren erreforma gauzatzeko, "Felipe Borboikoaren kalterik gabe"Espainiako Koroaren ordoinekotzan "emakumeei berdintasuna emateko", eta Konstituzioaren testuan ageri ez diren 17 autonomi erkidegoak sartu eta "aintzatesteko" proposatu du aldaketa.
Hezkuntza Legea eta homosexualen ezkontzak
Beste neurri zehatz bat ere iragarri du Espainiako presidentegaiak: Jose Maria Aznarren Gobernuak gehiengo osoaz baliatuta onartu zuen Hezkuntza Kalitate Legea bertan behera utziko duela. Dagoeneko, Kataluniako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Andaluziako Gobernuak iragarria zuten lege hori ez zutela aplikatuko.
Arlo sozialean egin duen irgarpenik nabarmenetako bat, berriz, homosexualen eta transexualen eskubideen ingurukoa izan da. Hain zuzen ere, Espainiako Kode Zibila aldatu eta sexu bereko pertsonen ezkontzak ontzat emango dituela agindu du Zapaterok, "heterosexualen eskubide eta betebehar berekin".
Beste alderdien babesaren beharra
Martxoaren 14ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeak PSOEk irabazi zituen, baina ez zituen erdietsi gehiengo absolutua izateko behar zituen 176 diputatuak —164 eskuratu zituen—. Ondorioz, beste alderdi batzuen aldeko botoa behar du. IUko bost diputatuek zein CHA Chunta Aragonesistako bakarrak hautagai sozialistaren alde bozkatuko dutela iragarri dute. ERCk ez du bere jarrera zein izango den argi eta garbi erabaki, baina beren zortzi diputatuek Zapateroren alde bozkatuko zutela iradoki zuen atzo. Halaber, oso litekeena da BNGko bi diputatuek ere hautagai sozialistaren inbestidura babestea.
Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten Hego Euskal Herriko alderdi abertzaleek —EAJ, EA eta Nafarroa Bai— abstenitu egingo direla jakinarazi dute.
Espainia / Inbestidura saioa
"Terrorismo guztien kontrako borroka" izango duela lehentasun nabarmendu du Zapaterok
Goizeko hamaikak eta bost inguru zirela hasi du Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEko buruzagi eta Espainiako Gobernuko presidentegaiak inbestidura saioko hitzaldia. Martxoaren 11ko biktimak gogoratu ditu lehendabizi, baina, oro har, "terrorismo guztien biktimei" zabaldu die oroimen hori. Ildo horretatik, eratuko duen gobernuaren lehentasuna "terrorismo guztien kontrako borroka" izan dela nabarmendu du. Hori lortzeko, Espainiako segurtasun indarren koordinazio hobea —Ertzaintzarekikoa eta Kataluniako Poliarekikoa barne—, eta PPrekin duen Itun Antiterrorista beste alderdiei zabaltzeko asmoa aipatu ditu. Nolanahi ere, "terrorismoaren kontrako borroka" askatasunen murrizketa gabe eramango dutela aurrera agindu du. Estatutuen erreformak egiteko bi baldintza jarri ditu: Espainiako Konstituzioaren baitakoak izatea, eta "adostasun politiko zein sozial zabalez" egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu