Katalunia

Terrorismoa eta matxinada egotzi diote Guardia Zibilak atxilotu duen CDRko kideari

Auzitegi Nazionalak agindu du operazioa. Kide bat atxilotu dute, errepide mozketak eta ordainlekuetan ez ordaintzeko ekintzak bultzatzea leporatuta. Elkarretaratze jendetsuak egin dituzte operazioaren kontra.

CDRko ekintzaile talde bat, Kataluniako autobide bateko ordainleku bateko langak altxatzeko ekintzan, joan den Aste Santuan. CDR
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko apirilaren 10a
07:50
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak CDRren kontrako polizia operazioa agindu du, eta Guardia Zibilak kide bat atxilotu du. Atxilotua Viladecanseko (Bartzelona, Herrialde Katalanak) emakumezko bat da. Beste kide bat atxilotzeko agindua ere emana du Auzitegi Nazionalak, hainbat hedabidek polizia iturriak aipatuta adierazi dutenez.

Atxilotuari Aste Santuko itzulera operazioan ordainlekuetan ez ordaintzeko kanpainan nola parte hartu azaltzen duen audio bat grabatzea leporatu diote, eta hura sare sozialetan zabaltzea. Audio horrek, halaber, astebeteko greba egitera eta Mercabarna Bartzelonako elikagai saltoki handia eta hiriko portua kontrolpean hartzera deitzen du.

Azken asteetan CDRk antolatu dituen mobilizazioak jo puntuan hartu ditu Auzitegi Nazionalak. Mobilizazioak azkartu dituzte errepublikaren defentsarako batzordeek, joan den martxoaren 23an, Pablo Llarena epaileak Jordi Turull, Josep Rull, Raul Romeva eta Dolors Bassa Kataluniako azken gobernuko kontseilaria kargugabetuak eta Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia espetxeratzea agindu zuenetik.

CDRk hainbat errepide nagusi itxi ditu ordezkari independentisten kontrako neurri judizialak salatzeko, eta joan den Aste Santuan zenbait autobidetako ordainlekutako langak altxatu zituzten, gidariak ordaindu gabe igaro zitezen.

Fiskaltzak CDRren gaineko ikerketa abiatu eta egun gutxira egin du operazioa Guardia Zibilak.

Operazioaren harira, oharra argitaratu du CDRk. Nabarmendu du polizia operazioak "bide onetik" doazela adierazten duela. "Egunak dira gisa honetako ekintza bat iragartzen ari zirela, eta espero genuen". Sareak adierazi du kalera irteteko duten arrazoia "autodeterminazio eskubidea ukatzen duen, politikariak bere ideiengatik kartzelaratzen dituen eta erakundeak bahituta mantentzen dituen inposizio faxista gainditzea" dela.

CDRren esanetan, atxiloketek "borrokan jarraitzeko erabakia indartu" dute, eta elkarretaratzea deitu dute gaurko. Bartzelonako Sant Jaume plazan ez ezik, Kataluniako hainbat Udaletako atarietan elkartu dira milaka lagun, operazioaren kontra protesta egiteko. 'Jo soc CDR' (Ni ere CDR naiz) afitxak erakutsi dituzte.

Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak, berriz, "300 indarkeria ekintza" baino gehiago egitea leporatu dio CDRri. Azaldu duenez, operazioaren helburua "indarkeria ekintzen arduradun nagusiak" atzematea da, eta ez du baztertu Guardia Zibilak atxiloketa gehiago egitea.

Sei atxiloketa gehiago

Mossoek sei lagun atxilotu dituzte, joan den urtarrilaren 30ean, Kataluniako Parlamentuaren inguruetan izan ziren protestekin lotuta. Poliziaren segurtasun lerroa hautsi eta parlamentuaren atariraino joateagatik. Autoritatearen kontrako atentatua eta desordena publikoa egozten diete. Egun horretan, ehunka manifestari bildu ziren parlamentuaren parean Carles Puigdemonten presidentetzarako hautagaitzari babesa adierazteko.

Sei atxilotuak aske gelditu dira 13:00ak aldera.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.