Thailandia hasi da hmong etniako 4.000 errefuxiatu Laosera deportatzen

Laosen jazarri egingo dituztela ohartarazi du NBEk; Vietnamgo gerran AEBei eman zieten babesa hmongek

Kristina Berasain Tristan.
2009ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Hmong etniako kideek ez dute non bizi. Thailandiak igandean ekin zion errefuxiatu gune batean babestuta zeuden etnia horretako 4.000 lagun deportatzeari; nora eta Laosera. Hmong etniaa, izan ere, etnia jazarria da herrialde komunista horretan, eta ohartarazpena egin du horregatik Nazio Batuen Erakundeak. Bangkoki kanporatzeak bertan behera uzteko eskatu dio nazioarteak, baina ohartarazpenei muzin egin, eta armadak jada ekin dio lanari. Abhisit Vejjajiva Thailandiako lehen ministroakadierazi du «aberriratzea geldiezina». Bangkokek ez die hmongei errefuxiatu estatusa aitortzen; agintarien hitzetan, errefuxiatu ekonomikoak dira, eta ez politikoak.

Thailandiako Petchabun eskualdean bizi ziren orain arte etnia horretako kideak, errefuxiatu guneetan, hiriburutik 280 kilometro iparraldera. Laosek eta Thailandiak 8.000 hmong aberriratzeko akordioa adostu zuten iaz, eta horien erdiak -lau mila- aurtengo urtea amaitu baino lehen deportatzeko baldintza jasotzen zen hitzarmenean. Tartean, errefuxiatu estatusa jaso duten 158 kide izango dira deportatuak-Nong Kain daude hmong horiek-.

Vietnamgo gerran AEB Ameriketako Estatu Batuei eman zieten babesa etnia horretako kideek, eta horregatik dira jazarriak Laosen -komunisten alde egin zuen herrialdeak 1975. urtean-. Laos, Txina, Myanmar eta Thailandian sakabanatuta bizi dira orduz geroztik hmongak. HRW Human Rights Watch erakundeak behin baino gehiagotan salatu du, aurkariari emandako sostenguaren mendekuz, atxilotu, torturatu, bortxatu eta exekutatu egiten dituztela hmong etniako kideak Laosen. Amnesty International erakundeak gogorarazi du aurretik kanporatuak izan ziren lagunei ere jazarri zitzaizkiela. 2005. urtean deportatutako hogei emakume eta neskato, esaterako, hemezortzi hilabetez eduki zituzten preso, eta horietako batzuk torturatu eta bortxatu egin zituzten. Thailandiak gutxiengo horretako 3.000 kide kanporatu ditu herrialdetik azken urteetan, eta horietako batzuk desagerrarazi dituztela salatu dute giza eskubideen aldeko erakundeek. Laosek «ekintza iraultzaileetan» parte hartu izana leporatzen die deportatuei atxilotzerakoan.

Nazioartearen kezka

Washingtonek kezka agertu du hmongen deportazioarekin.Ameriketako Estatu Batuetako bederatzi senatarik, berriz, eskutitz bat bidali diote lehen ministroari kanporatzeen harira hmongei errefuxiatu estatusa aitor diezaien. Sunai Phausk HRW erakundeko kidea ere kezkatuta agertu da eta, iraganean egindako beste deportazioetan bezala, oraingoan ere hmongek operazioari erresistentzia jarriz gero armadak indarra baliatuko ote duen beldur da: «Hmongek erresistentzia jartzen badute eta borrokak pizten badira, indarkeria balia dezake armadak».

Antonio Guterres UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak jakinarazi du nazioarteko zuzenbideak errefuxiatuei babesa ematen diela aberrira itzultzeko soilik euren borondatea denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.