Thailandiako Auzitegi Konstituzionalak lehen ministroa kargugabetu du

Kode etikoa urratzea leporatzen diote Paetongtarn Shinawatrari, filtratutako telefono dei batean herrialdeko armadaren kontra egiteagatik. Bederatzi epaileetatik zazpik bozkatu dute hura behin-behinean kargugabetzearen alde.

Paetongtarn Shinawatra, gaur egindako agerraldian. RUNGROJ YONGRIT / EFE
Paetongtarn Shinawatra, gaur egindako agerraldian. RUNGROJ YONGRIT / EFE
Iratxe Muxika
2025eko uztailaren 1a
14:07
Entzun 00:00:0000:00:00

Paetongtarn Shinawatra Thailandiako lehen ministroa behin-behinean kargugabetu du herrialdeko Auzitegi Konstituzionalak, senatari kontserbadore talde baten eskaerari men egin ondotik. Hain zuzen ere, 30 bat kideko senatari talde horrek herrialdeko «kode etikoa» urratzea leporatzen dio Paetongtarni, telefono dei batean armada kritikatu duela argudiatuta. 

Duela gutxi filtratu zen telefono deia, eta, senatariek auzitegian salatu dutenez, Paetongtarn telefonoz hitz egiten ari zen Hun Sen Kanbodiako lehen ministro ohiarekin. Mugakideak dira Kanbodia eta Thailandia, eta maiatz bukaeratik areagotu egin dira muga horretako gatazkak, Kanbodiako soldadu baten heriotzaren ondotik. Horren harira, Paetongtarnek «zalantzan» jarri zuen armadak egindako lana, eta Hun Sen bera izan zen audioa filtratu zuena, senatariek azaldu dutenez. Hala, kontserbadoreek «huts etiko larria» egitea leporatu diote Sinawatrari.  

Auzia mahaigaineratu ondotik, bederatzi magistratuk osatutako taldeak arrazoia eman die salaketa aurkeztu duten senatariei: zazpi boto alde eta bi kontra. Lehen ministroa kargutik kentzearen aurka bozkatu duten bi epaileek adierazi dute gertaera horiek ez direla «argiak», eta auzia eztabaidatu egin behar dela oraindik. Paetongtarnek hamabortz eguneko epea du erabakiaren kontrako helegitea aurkezteko. 

Bien bitartean, Suriya Jungrungreangkit lehen ministrorde eta Garraio ministroak zuzenduko du behin-behineko gobernua, baina Paetongtarnek Kultura ministro izateko aukera izanen du oraindik. 

Erabakia hartu berritan, agerraldi publiko bat egin du Paetongtarnek, eta barkamena eskatu filtratutako telefono deian errandakoengatik. Hala, argitu du bere hitzak «negoziazio» baten parte zirela, Kanbodiako gatazkak «baketzeko» asmoz. 

Familiako hirugarrena

Thailandiako armadaren inguruan dabiltzan kideak dira talde kontserbadore hori osatzen duten gehienak, eta, 2006an eta 2014an, Thaksin Shinawatra eta Yingluck Shinawatra boteretik kendu zituzten estatu kolpeen bidez. Gaur arte lehen ministro zenaren aita da Thaksin, eta, Yingluck, berriz, izeba; kargu hori eskuratu duen familiako hirugarren kidea da. Familiakideen alderdi politiko berekoa da Paetongtarn: Pheu Thai-koa. Lehen ministro kargua hartu duen gazteena da herrialdean —37 urte zituela bihurtu zen lehen ministro—, eta bigarren emakumea, izebaren gibeletik. 

Bide batez, gaur hasi da Thaksinen aurkako epaiketa, eta, tokiko hedabideek iturri ofizialak aipatuz jakinarazi dutenez, Fiskaltzaren hiru lekukok deklaratzea espero dute gaur. Monarkia iraintzea leporatzen diote, eta hiru eta hamabortz urte arteko zigorra jar diezaiokete. Lehen ministro ohiak, baina, «errugabea» dela defendatu du. Bertzalde, epaiketa uztailaren 23an bukatuko dela aurreikusi dute, Fiskaltzak bertze bi saio egin behar baititu gainerako zazpi lekukoek deklarazioak egiteko.

Joan den urteko abuztuaren 16an izendatu zuten Paetongtarn herrialdeko lehen ministro, Auzitegi Konstituzionalak aitzinetik zegoen Srettha Thavisin kargutik kendu eta bi egunera. Hura ere kode etikoa urratzea egotzita kanporatu zuten, espetxean izandako alderdikide bat Finantza ministro izendatzeagatik.

Joan den larunbatean, armadaren eta monarkiaren aldekoek manifestazioa egin zuten Bangkoken, lehen ministroaren dimisioa eskatzeko. Alkandora horiak jantzita atera ziren kalera, hala identifikatzen baitira mugimendu horretako kideak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.