Thailandiako kobazuloan harrapatutako hamahiru gazteak onik atera dituzte

Astebete ospitalean eman beharko dute hamabi haurrek eta beren entrenatzaileak. Kobazuloa utzi dute osasun laguntza eta laguntza psikologikoa ematen ari ziren medikuak eta itsas armadako hiru kideek

Erreskate taldea, lanak bukatu berri, atzo, Thailandian. RUNGROJ YONGRIT/ EFE.
2018ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Thailandiako Tham Luang kobazuloan harrapatuta zeuden hamabi gazteak eta haien entrenatzailea erreskatatu dituzte. Erreskate taldea gidatzeaz arduratzen den itsas armadako bozeramaile Narongsak Ossottanakornek esan du «ondo» daudela denak eta laster elkartuko direla familiekin. Helikopteroz Chiang Rai probintziako ospitalera eraman dituzte hamahiruak, banan-banan haitzulotik atera ahala. Osasun zerbitzuek uste dute astebete barru etxera itzuli ahal izango direla.

Ekainaren 23tik Thailandia iparraldeko haitzuloan harrapatuta zeuden 11 eta 16 urte bitarteko hamabi gazte eta 25 urteko entrenatzailea. Futbol entrenamendua amaitu, eta koban abentura saio bat egiten ari zirela, euriteak sarrera oztopatu zien, eta barruan harrapatuta geratu ziren irteeratik lau kilometrora. Gazteetako baten gurasoek eman zieten desagertuen berri Thailandiako segurtasun indarrei. Hamazazpi egun haitzuloan egon ostean, atzo atera zituzten harrapatuta jarraitzen zuten azken gazteak eta entrenatzailea. Igandean atera zituzten lehen lau haurrak, astelehenean beste lau, eta atzo azken laurak eta entrenatzailea. Oraindik ez dira familiekin elkartu, hamazazpi egun haitzuloan egon ostean ahul baitaude eta gaixotasunak hartzeko erraztasun handiagoa izan baitezakete. Osasun zerbitzua eta laguntza psikologikoa emateko haitzuloan egunak zeramatzaten lau pertsona ere atera dira kobatik, denak onik.

Erreskate lanek hamazazpi egun iraun dute euriteen eraginez. Lehenengo erreskate plana atzera bota behar izan zuten, eta beste bi modu aztertu zituzten gazteak salbatzeko. Zirrikitu naturalak aurkitu, eta bertatik haurrak atera nahi zituzten, baina itxuraz, gainazaletik tuneletaraino iristen den zirrikiturik ez dago. Haitzuloa husteko hodiak ere sartu zituzten ura ponpatzeko, baina montzoi garaian eurite gogorrak izaten dira, eta ur guztia ateratzea ezinezkoa da, husterako berriz betetzen baitira korridore estuak. Beraz, urpekari talde baten laguntzaz, urpean igeri eginda ateratzea izan da aukera bakarra.

Joan den ostiralean, erreskate lanetan zebilen Thailandiako itsas armadako urpekari bat itota hil zen kobazuloan. 11 orduko joan-etorriko bidean oxigenorik gabe geratu zen itsas armadako urpekari ohia, eta bertan hil zen. Ezbeharrak salbamendu lanen zailtasunak azaleratu zituen, eta gazteei urpekaritza irakasteko beharra nagusitu zen. Azkenean, ez da ezbehar gehiagorik izan, eta urpekariek lagunduta atera dira hamahiru lagunak.

Erreskate lan konplexuak

Azken urteetan zenbait erreskate lan burutu dira kobazulotan. Meatzarien istripu gehienak luzeak eta oihartzun handikoak izan dira. Hilabeteetako lanak espero ziren Thailandian, baina hamazazpi egunean lortu dute hamahiru pertsonak ateratzea. Azken hamarkadan oihartzun gehien izan duten kasuetan laburrena izan da Thailandiakoa. Behin erreskate lanak amaituta, Ossottanakornek uste du gisa honetako kasuek balioko dutela haur eta gazteak segurtasunaren garrantziaz ohartarazteko eta etorkizuneko istripuak saihesteko.

2010eko Txileko meatzarien erreskatea izan da azken urteetako luzeena; 33 meatzarik 69 egun eman zituzten lurpean, eta nazioarteko hedabideen bidez bi milioi pertsonak izan zuten erreskate lanen berri.

Txinan, 2016an gertatutako meatzari istripuan hil zen desagertu gehien. Lau meatzari onik ateratzea lortu zuten, baina hamazazpi desagertutzat eman zituzten 36 eguneko salbamendu lanen ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.