Etxeak haizeak eramanak, herri osoak desagertuak, gorpuak nonahi, eta bizirik daudenak uraren eta atsekabearen erdian. Kostaldera iritsitakoan orduko 314 kilometroko abiada hartu du haizeak asteburuan, eta 378koa boladatan. Txinan eta Vietnamen da orain, apur bat leunago, baina oraindik ere indartsu, Filipìnetan inoizko tifoi handiena izan ondoren.
Leyte uhartean bakarrik 10.000 izan daitezke hildakoak, hango Poliziak dioenez. Gehienak, itota eta eraikinak gainera erorita. Tacloban hiriburuan izan da sarraski handiena —220.000 biztanle ditu hiriak—. Herrialde osoan 615.000 desplazatu daude, eta 9,7 milioi pertsonari eragin dio 36 eskualdetan. Hala ere, erreskate lanek aurrera egiten duten heinean hildakoak "askoz gehiago" izan daitezkeela esan dute Filipinetako Gurutze Gorriko arduradunek. "Izugarrizko erokeria" da gertatzen ari dena.
Herri asko bakartuta daude, eta argindarrik eta urik gabe, eta horrelakoetan gertatzen den moduan, biharamunak arpilatzeak eta miseria erakusten ditu. Jendea senide galduen bila dabil, ur eta jatekoaren bila, eta lapurretarako baliatzen dute askok kaosa. Larrialdi egoera jarria du Filipinetako Gobernuak, eta etxeratze agindua ere bai, arpilatzeak eragozteko. Dendetan ere neurri bereziak jarri ditu dauden baliabide eskasak kontrolatzeko. Egoera, ordea, kontrolik gabea da tifoiak gehien jo duen gunean.
Txinan eta Vietnamen
Vietnamen eta Txinan goizean sartu da Haiyan indarra galduta, baina sendo, 150 kilometro orduko abiaduraz. Kalte materialak eragin ditu batez ere. Vienamen Halong kostaldeko hiria urez gainezka dago, eta ehunka etxebizitza eraman ditu haizeak. Orain arte hamahiru lagun hil eta 70 inguru zauritu dira, gehienak tifoiari aurre egiteko lanetan ari zirela. Vietnamgo Gobernuak aurretik hainbat neurri hartu ditu, besteak beste, 600.000 lagun aterarazi dituzte beren etxeetatik.
Txinan, berriz, Hainan uhartetik igaro da, eta pertsona bat hil eta zazpi desagertu dira. Zazpi desagertuak itsasontzi bateko eskifaia dira. Kalte material ugari daude, argindarra moztuta daukate, eta hainbat larrialdi neurri ere hartu dituzte.