Errefuxiatuen krisia

Tirita bat, odoljarioa gelditzeko

Adostasunik lortu ez, eta gehiengoz onartu dute EBko Barne ministroek 120.000 asilatu banatzeko plana. Iheslarien auziari irtenbide iraunkor bat bilatuko diote gaur estatu eta gobernuetako buruek.

Kroaziako poliziak iheslariei ura banatzen, Opatovaceko harrera gunean. ZOLTAN BALOGH, EFE
Xabin Makazaga.
2015eko irailaren 23a
09:06
Entzun

«Europak ezin du onartu gaurko saioa emaitzarik gabe amaitzea». Thomas de Maiziere Alemaniako Barne ministroaren hitzak dira, atzo Europako Batasuneko 28 estatuetako kargukideak Bruselan bildu aurretik esandakoak. Eta akordio bat lortu dute azkenean, lortu dutenez, 120.000 asilo eskatzaile kuota bidez banatzeko. Baina Bruselako ohiko prozedura urratu, eta, aho batez beharrean, gehiengo kualifikatuz hartu behar izan dute erabakia: Hungariak, Txekiar Errepublikak, Eslovakiak eta Errumaniak kontra bozkatu dute. Halaber, banaketa akordioan 120.000 errefuxiatu aipatu arren, lehen urtean behintzat 66.000 iheslariri eragingo dio Europako Batasunaren planak; beste 54.000, Hungariari zegozkionak, «erreserban» geratuko dira, Budapestek uko egin diolako gaizki ikusten duen sistema baten onuradun izateari.

Siria odol husten ari da lau urteko gerraren eraginez —bertakoak dira Europara iritsitako errefuxiatuen %40—, eta migratzaileen jarioak etenik ez duela izango iragarri zuen atzo OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak. Balkanetako igarobidea errefuxiatuz bete aurreko datuekin, Europako Batasunera aurten milioi bat iheslari iritsiko direla aurreratu du OCDEk. Baina azken hilabeteetako uholdearen ondorioz, Alemaniak berak bakarrik espero ditu ia milioi bat errefuxiatu aurten. Egoera horren aurrean, odoljario handi bat gelditzeko tirita bat jartzearen parekoa da azken hiletan Italia, Grezia eta Hungariara iritsitako 120.000 asilo eskatzaile banatzeko Bruselan lortu duten akordioa —bi urteko epean eta neurria eraginkorra izango ote den auzitan jartzeko arrazoi sendoekin—, Europa II. Mundu Gerraren osteko migratzaile krisi handienaren lekuko ari baita izaten.

Egoeraren larriak aspaldi eskatzen zuen arren erantzun azkar bat —2013ko urrian gertatu zen Lampedusan gutxienez 359 hildako utzi zituen hondoratzea—, Europako Batasuneko agintariek hilabeteak eman dituzte 160.000 asilo eskatzaile nola banatu eztabaidatzen. Uztailean onartu zuten Italia eta Greziara iritsitako 40.000 iheslari banatzeko akordioa, baina oraindik ez dute bakar bat ere mugitu. Eta operazio hori martxan jartzeko logistikari buruzko eztabaidak datorren hilean hasiko dituzte.

Bete beharrekoa, teorian

Estatu kideen artean kuotak ezarrita 120.000 errefuxiatu banatzeko akordioa «gehiengo handi batekin» onartu dutela nabarmendu du Luxenburgok —berari dagokio Europako Batasuneko presidentetza 2015eko bigarren sei hilekoan—; eta, lau herrialdek kontra bozkatu duten arren, haiei ere ezarriko zaizkie onartu beharreko asilatu kuotak. Akordioa beteko ez lukeen estaturen bat izango balitz, ordea, hura zigortzeko neurririk ez dute jaso atzo sinatutako testuan. Eta herrialde bati dagozkion errefuxiatuen %30 behar baino urtebete beranduago hartzeko aukera ere zabalik utzi du atzo Bruselan sinatutako akordioak.

Greziara iritsitako 50.400 iheslari eta Italiara iritsitako 15.600 hango errefuxiatu guneetatik Europako Batasuneko beste herrialdeetara eramango dituzte lehen urtean. Eta Hungariari zegozkion beste 54.000 tokiak ere, printzipioz Italia eta Grezia jasaten ari diren presioa arintzeko baliatuko du Europako Batasunak, hurrengo urtetik aurrera. Baina, EBko herrialderen batera ezohiko errefuxiatu jario bat iritsiko balitz tarte horretan, estatu horrek erreserbako kuota zati hori eskatu ahal izango luke. Europako Batzordeak berak ere proposatu ahalko du herrialde jakin bat onuradun izatea, migratzaileen presio handia duela iritziz gero.

Europako Batzordeak garrantzitsutzat jo du atzo lortutako akordioa, baina lanean jarraitzeko premiaz ohartarazi du: «Barne ministroek Grezian, Italian eta migratzaileen krisiak eragindako beste herrialde kideetan diren 120.000 errefuxiatu tokiz aldatzeko erabaki garrantzitsu bat hartu dute; Europako Batzordeak proposamen bat egin eta hiru hilabete ere igaro ez direnean, gainera». Hurrengo zereginetako bat, herrialde seguruen zerrenda bat osatzea behar luke, Europako Batzordearen ustez.

Kanpoko mugen kontrola

Atzo lortutako akordioa migratzaileen krisia bideratzeko «pieza garrantzitsu bat» dela, baina ez besterik, esan zuen bilera amaieran Alemaniako Barne ministroak. Eta iheslari bakoitzarentzat izendatzen den norakoa ezingo dutela nahieran aldatu nabarmendu zuen: «Ezingo dute aukeratu zein herrialdetara joan, eta egokitzen zaienean geratu beharko dute».

Migratzaileen krisiari aterabide iraunkor bat ematen saiatzeko bilduko dira gaur EBko estatuetako eta gobernuetako buruzagiak, eta herrialde bakoitzak bere ekarpena egin behar duela nabarmendu zuen atzo Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak. Europak «balioak» erakutsi baina «ordena seinaleak» ere eman behar dituela esan zuen, eta kanpoko mugak kontrolatzearen garrantzia nabarmendu zuen. Igandetik Bruselan bilera etengabean aritu diren diplomazialari gehienek alor hori azpimarratu zuten.

Gerran diren herrialdeen auzoetatik iheslariek Europarako bidea hartzea eragotzi behar dela ere esan zuen Merkelek, horretarako NBEk eskualde horietan dituen agentziak indartuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.