Katalunia

Torra eta Sanchez izango dira elkarrizketa mahaiko buruak

Espainiako presidenteak eta Kataluniakoak adostu dute hil honetan biltzea, eta Sanchezek «politika epaitegietatik ateratzeko eta memoria demokratikoa mantentzeko» konpromisoa ere hartu du.

Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Quim Torra Kataluniakoa, 2018ko uztailaren 9an, Moncloan. F. CALVO / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko otsailaren 6a
16:43
Entzun

Quim Torra Kataluniako presidentea eta Pedro Sanchez Espainiakoa bildu egin dira gaur, Kataluniako Generalitatearen jauregian. Kataluniako Gobernuaren eta Espainiakoaren arteko elkarrizketa mahaiari nola bide eman aztertzea zen bileraren arrazoi nagusia, eta argitu dira zenbait kontu: hila amaitu baino lehen bilduko dira bi gobernuak, eta ordezkaritzen buruak bi presidenteak izango dira. «Eztabaidarako batzordearen buru izateko nahia» duela adierazi du Sanchezek bilera bukatutakoan, baina onartu du ez dela erraza izango bitartekari bat adostea, JxCateko ordezkariek eskatu duten moduan. Torrak, berriz, mahaia «ahal bezain pronto» martxan jartzearen alde egin du.

Diskurtso ezberdina egin dute Espainiako presidenteak eta Kataluniakoak ordu eta erdi iraun duen elkarrizketa amaitutakoan. Proposamen zehatzez baino, «elkarrizketaz eta berreraikitzeaz» jardun du Sanchezek. Horretarako, ezinbestekotzat jo du «bestearen arrazoiak ulertzea», baina ezinbestean gauzak zailduko dituen baldintza bat jarri du: «Elkarrizketa da bidea, baina legearen barruan egin behar da». Hitzaldian zehar hainbat aldiz errepikatu ditu «itxaropena», «aurrera egitea», «bat egitea»... baina, proposamenei dagokienez, Torrari eman dion «berriz elkartzeko agenda» aipatu besterik ez du egin.

Bileran zeuden bitartean zabaldu da txosten hori. Bertan, Espainiako presidenteak 44 puntu proposatzen ditu, sei ataletan banatuta: Elkarrizketa politikoari eta instituzioen eraberritzeari buruzko atalak biltzen du otsailean elkarrizketa mahaia osatzeko proposamena, eta, bertan, «politika epaitegietatik ateratzeko eta memoria demokratikoa mantentzeko» konpromisoa ere hartu du Espainiako Gobernuak.

Gainontzeko ataletan landu diren gaiak oso zabalak dira: aurrekontu autonomikoak, elkarlanaren hobekuntza eta gizarte politikak, besteak beste. Torrak, hori ere «garrantzitsua» dela aitortu duen arren, «gatazkaren errora» jotzeko eskatu dio Sanchezi: «Gai horiek ezin dute gatazka politikoa ezkutatu».

Adeitasunetik proposamenetara

Adeitasuna eskertu dio Torrak Sanchezi, baina argi utzi du «adeitasunetik proposamenetara igarotzeko garaia» dela. Kritika hori egin dio Espainiako presidenteari: «Ea Sanchezek baduen asmorik gatazka benetan konpontzeko; gure proposamena badakit, baina ez Espainiako Gobernuarena». Bi dira nagusiak: «Guk autodeterminazio eskubidea erabili ahal izatea eskatzen dugu, baita errepresioa eta epaitegietako gatazkak amaitzea ere; Espainia ez da mugitu autodeterminazioaren gaian, eta errepresioaren amaierari buruz, berriz, ez dut erantzunik jaso». Dena den, Torrak aldebiko konponbideen alde egin du, eta gogorarazi du beraiek beti egon direla prest «negoziazio mahaian esertzeko». Azken helburua, esan duenez, «herriaren nahia errespetatzea da».

Azken egunotan, ERCk Torrari diputatu akta kentzeko emandako aldeko botoaren harira, nabarmen handitu da Kataluniako bi alderdi independentista nagusien arteko tentsioa. Halere, Torrak azpimarratu du badela «adostasun bat autodeterminazio eskubidearen inguruan», eta garrantzitsuena «independentisten ahotsa hartzea» dela. Elkarrizketa mahairako baldintza gisa jarri du presoak askatzea eta erbesteratuak itzultzea, Torraren hitzetan, «gatazka politikoa ez baita konponduko hori gertatu ezean».

Espainiako Gobernuak aurrekontuak onartu nahi baditu, ezinbestekoak ditu ERCren botoak. Horiek mahaia abian jartzearen araberakoak dira, baina garrantzia kendu nahi izan die Torrak: «Aurrekontu batzuk negoziazio horrekin lotzeak harritzen gaitu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.