Kataluniako Gobernua zatitu egin du Torrari diputatu akta kentzeak

Generalitateko presidenteak Torrenti ohartarazi dio ataka larrian jarri dituela «legealdia eta gobernua». Bozetara deitu aurretik aurrekontuak onartzearen garrantzia nabarmendu du ERCk

Pere Aragones Kataluniako presidenteordea eta Quim Torrako presidentea parlamentuan, atzoko osoko bilkuran. QUIQUE GARCIA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
JxCren eta ERCren arteko azken krisiak hauteskundeen atarian utzi du Katalunia. Ikusteko dago Quim Torra Kataluniako presidenteak datozen egunetan deituko duen bozetara, ala, ERCk eta En Comu Podemek eskatu bezala, Generalitateak alderdi morearekin adostu dituen aurrekontuak onartzea erabakitzen duen lehenik. Argi dagoena da Kataluniako Parlamentuko Mahaiak atzo Torrari diputatu akta kendu izanak haustura sakona eragin duela gobernuan. Torrak berak adierazi zuen diputatu akta galtzeak ataka larrian jarri dituela «legealdia eta gobernua»: «Erakundeen segida dago arriskuan».

Kataluniako Parlamentuko Mahaiak ERCren, PSCren eta Ciutadansen botoekin onetsi zuen Torrari diputatu akta baliogabetzea. Hala, bide eman zion ganberako idazkari nagusiak Espainiako Hauteskunde Batzordearen aginduz goizean hasi zuen tramiteari. Halere, parlamentuko zerbitzu juridikoen arabera, Torra presidente izan daiteke diputatu akta galduta ere, haren kontrako epai irmo bat ez den artean.

JxCk eta ERCk enfrentamendu zuzena irudikatu zuten arratsaldeko osoko bilkuran. Roger Torrent parlamentuko presidenteak jakinarazi zuen Torrak ezin izango zuela saioan bozkatu, eta Generalitateko presidenteak hitza hartu zuen. Gogor mintzatu zen parlamentuko mahaiaren erabakiaren kontra: gaitzetsi egin zuen parlamentuak onartu izana «organo administratibo batek diputatuak kentzeko eta jartzeko» aukera izatea.

Torrak gogora ekarri zuen Kataluniako Parlamentuak urtarrilaren 4an onartu zuen ebazpena. Haren arabera, presidenteari ezarri ahal zaion «legedi bakarra» Kataluniako Estatutuak ezartzen duena eta hango ganberarena da. «Hilabete ere ez da igaro ordutik», adierazi zuen. «Sinbolikoak dira parlamentuaren ebazpenak?», galdetu zuen. «Ezinezkoa da demokrazia defendatzea, herri borondatearen marra gorria defendatzen ez bada».

Presidenteak oinarrizko eskubideak defendatzeko eskatu zion parlamentuari. «Diputatua eta presidentea naiz, eta soilik parlamentu honek alda dezake hori». Torrak bere egoera leheneratzea galdegin zion parlamentuari, etaohartarazi zuen hala egin ezean arriskuan jarriko zuela «erakundeen jarraipena». «Erakundeen hondatzeari atea ireki» izana ere leporatu zion Torrenti.

JxCk bozeramaileen batzordea biltzeko eskatu zion parlamentuko presidenteari, taldeak aurkeztu zuen proposamen bat aztertu zezean, Torraren eskubideak bermatze aldera. Saiakera hori ere antzua izan zen, ordea.

ERCren partetik, Sergi Sabria bozeramaileak azaldu zuen bere alderdiaren jarrera. Ziurtatu zuen hauteskunde batzordearen erabakia Torraren kontrako «bidegabekeria» bat dela, eta Torra diputatu gisa onartzen dutela «politikoki»; ordea, erakundeak «babesteko» beharra lehenetsi zuen. Azaldu zuenez, batzordeari muzin egitea «desobedientzia antzua» litzateke, eta horrek «botere guztia estatuari» emango lioke.

Botoa «etetea»

ERCren proposamena da «Generalitateko presidente kargua blindatzea, Espainiako Hauteskunde Batzordearen erabaki bidegabea indargabetzeko borrokatzea eta parlamentuko bozketen eraginkortasuna ziurtatzea». Horretarako, Torraren botoa «eten» egin behar dela aitortu zuen. Izan ere, Kataluniako presidenteak bozketetan parte hartuko balu, parlamentuaren jardunaren kontrako neurri juridikoak hartzeko atea irekiko litzatekeela ohartarazi zuen. Sabriak «paralisia» eragoztera deitu zuen: «Gobernatzen jarraituko dugula bermatu behar dugu».

Eraginik izango ez lukeen «desobedientzia antzu» baten arriskuez ohartarazi zuen ERCk. Torrak bere botoari eusteak Generalitatearen aurrekontuak etaGloria ekaitzaren kalteentzako diru laguntzak baliogabetzea eragin dezakeela azaldu zuen Sabriak —parlamentuak datozen asteetan eztabaidatuko ditu proposamenak—. «Uste dugu aurrekontu batzuk merezi ditugula, eta horiek ez onartzea traizio bat izango litzateke», adierazi zuen.

Kataluniak 2017ko aurrekontuak dauzka luzatuta. JxCren eta ERCren gobernuak 2020rako aurrekontuak adostea lortu du aurten, En Comu Podemekin. ERCk gidatu ditu negoziazio horiek, Pere Aragones presidenteordearen eskutik, eta errepublikanoek ez diote uko egin nahi lortutakoari.

Aurrekontuen garrantzia nabarmendu zuen En Comu Podemeko Jessica Albiachek ere. Legealdia agortuta dagoela ziurtatu zuen, baina bozetara deitu aurretik aurrekontuak onartzeko eskatu zion Torrari, gizarte beharrak larriak direla argudiatuta. ANCk Torraren diputatu izaerari eusteko eskatu zion parlamentuari, eta ganberaren parean elkarretaratzera deitu zuen, «subiranotasuna» defendatzeko. Ehun manifestari inguru bildu ziren, eta ganberara sartzen saiatu ziren.

Gaur Kataluniako Parlamentuan izango dira espetxeratutako hainbat buruzagi independentista: 155. artikuluaren ezarpena aztertzeko batzordean parte hartuko dute Oriol Junqueras, Jordi Turull, Raul Romeva, Dolors Bassa, Joaquim Forn eta Josep Rull kontseilari kargugabetuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.