Katalunia

Torra irtenbide proposamen baten bila joan da; Sanchez, "normaltasuna berreskuratzera"

11:30ean bildu dira Perdo Sanchez Espainiako presidentea eta Quim Torra Kataluniakoa, Moncloa jauregian. Bi gobernuen arteko lehen bilera da urriaren 1eko erreferendumaz geroztik.

Quim Torra Kataluniako presidentea eta Pedro Sanchez Espainiakoa, gaur, Madrilgo Moncloa jauregian egin duten bileran. BALLESTEROS, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko uztailaren 9a
15:24
Entzun

Ez da akordiorik espero. Espainiako eta Kataluniako presidenteek ere ez dute adostasun esanguratsurik lortzeko esperantzarik, adierazi dutenez, baina Bartzelonaren eta Madrilen arteko tentsioa baretzeko bilkura izan daiteke.

Sanchezek esana du Katalunia eta Espainiaren arteko harremanetan "normaltasuna berreskuratu" nahi duela. Torrak aurreratu du Madrilera entzutera doala; jakin nahi du zer "irtenbide" proposatzen duen Sanchezek Kataluniako auziarako. Hala adierazi du Twitter sare sozialean. "Madrilera bidean, Espainiako Estatuak Katalunian sortu duen egoera larria azaltzera. Zer irtenbide proposatzen duen entzuteko borondatez".

Horrez gain, Torrak adierazi du Kataluniaren autodeterminazio eskubideaz hitz egingo diola Sanchezi. Espainiako presidenteak bileraren aurretik erantzun dio ezer gutxi dagoela horri buruz hitz egiteko, Espainiako Konstituzioan ez baita jasotzen halako eskubiderik.

Espainiako presidenteak bilkuraren hasierako irudi bat hedatu du sarean. "Konstituzioa errespetatuz, Espainiari normaltasuna itzultzeko borondatez hasi dugu bilera, elkarrizketak elkar ulertzeko bideak zabalduko dituen konfiantzaz".

Bilera amaitutakoan, hedabideen aurreko agerraldia egingo du Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak. Moncloak 13:15erako iragarri badu ere agerraldia, ezabatu egin du deialdia, bi presidenteak ordu horretan oraindik ere bilduta jzeudelako. Torrak ere adierazpenak egingo ditu, baina ez du Moncloan hitz egingo, Generalitatearen ordezkaritzaren egoitzatik baizik.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.