Quim Torra Kataluniako presidenteari 48 orduko epea eman dio Kataluniako Auzitegi Nagusiak Generalitatearen jauregiaren aurrealdean dagoen pankarta kentzeko. Pankarta horrek "askatauna" eskatzen du espetxeratuta eta erbestean dauden buruzagi independentistentzat, katalanez eta ingelesez, eta xingola hori bat du alboetako batean. Auzitegiak behin-behinean erretiratzeko agindu du, Impulso Ciudadano elkartearen eskaria aintzat hartuta. Berehala erantzun du Torrak, ohar baten bidez: ez du pankarta kenduko, eta helegitea aurkeztuko du auzitegiaren erabakiaren kontra, "adierazpen eta iritzi askatasunaren urratze argia" dela iritzita.
Impulso Ciudadano elkarteak salaketa aurkeztu zuen, Espainiako hauteskundeen ondoren, Generalitateak kanpainan erretiratu zuen pankarta berriro ere gobernuaren egoitzan jarri zuelako. Impulso Ciudadanoren iritziz, Kataluniako gobernuak urratu egin du administrazioek herritar guztien ordezkari izateko duten betebeharra. Auzitegiak aintzat hartu du elkartearen eskaria, eta behin-behinean pankarta erretiratzeko galdegin dio Torrari. 48 orduko epea izango du horretarako. Auzitegiaren arabera, pankarta erretiratzeak ez ditu "era larrian" kaltetuko "interes orokorrak".
Erabakia argudiatzeko, Espainiako Auzitegi Gorenaren eta Auzitegi Konstituzionalaren doktrina aipatu ditu Kataluniako Auzitegi Nagusiak. Adierazi du erakunde publikoak ez direla adierazpen askatasunaren jabe, herritarrak diren moduan. Horrez gain, adierazi du "neutralitate instituzionala" hauteskunde garaian indartzea beharrezkoa bada ere, eginkizun hori "une oro" bete behar dutela erakunde publikoek.
Eduard Paricio magistratuak boto partikularra eman du. Pankarta behin-behinean kentzearekin ados dago, baina auzitegia ebazpenean urrunegi joan dela uste du, auziaren "sakoneko eztabaidan" sartu delako.
Epaiketa, azaroaren 18an
Espainiako azken hauteskundeetan, pankarta bera kentzeko agindu zion Espainiako Hauteskunde Batzordeak Torrari. Fiskaltzaren arabera, Torrak uko egin zion batzordearen agindua betetzeari: ez zituen garaiz kendu xingola horiak eta esteladak eraikin publikoetatik. Hori dela eta, salaketa jarri zuen Kataluniako presidentearen aurka. Urtebete eta zortzi hilabeteko kargugabetzea eta 30.000 euroko isuna ezartzeko eskatu du.
Kataluniako Auzitegi Nagusiak irailaren 25ean hasi behar zuen xingola horien auziaren epaiketa, baina atzeratzea erabaki du. Torrari pankarta berriz erretiratzeko agindu dion egun berean jakinarazi du epaiketaren data berria: azaroaren 18an hasiko da. Beraz, Espainiako hauteskundeak egin ondoren egingo dio aurre Torrak epaiketari —azaroaren 10ean izango dira Espainiako bozak—.