Quim Torra Kataluniako presidenteak arriskuan du bere kargua, Espainiako Auzitegi Gorenak bere kontrako desobedientzia auzi baten gaineko epaia eman behar duelako. Kataluniako Auzitegi Nagusiak ebatzi bezala, erruduntzat jotzen badu, inhabilitatu egingo du Gorenaren epai irmoak, eta Generalitatea utzi beharko du. Auzi horri beste kausa bat gehitu dio gaur Kataluniako Auzitegi Nagusiak, aparteko pieza batean. Hori ere desobedientziagatik ireki diote.
Gorenaren erabakiaren zain dagoen auzian, Torrari leporatzen diote apirilaren 28ko Espainiako bozetarako kanpainan Espainiako Hauteskunde Batzordearen aginduari muzin egitea eta Generalitatearen egoitzatik buruzagi independentista espetxeratuen askatasuna eskatzeko pankarta bat ez erretiratzea. Gaur ireki dioten kausa berrian, desobedientzia leporatu diote azaroaren 10eko hauteskunde aldian pankarta bera ez erretiratzeagatik.
Torrari pankarta kentzeko agindu zion hauteskunde batzordeak irailaren 23an, eta 24 orduko epea eman zion horretarako. Pankartak gobernuaren egoitzako aurrealdean jarraitu zuen, irailaren 27an Mossos d'Esquadrak erretiratu zuen arte.
Erabakiaren berri izan ostean, Kataluniako Gobernuak salatu du Espainiako justiziak «independentismoaren kontrako auzi orokorrarekin» jarraitzen duela, «arrazoi politikoengatik». Generalitatearen esanetan, «Espainiako Estatuak arazo bat du adierazpen askatasunarekin eta oinarrizko eskubideen defentsarekin».
Puigi buruzko erabakia, 24an
Lluis Puig Kataluniako kontseilari kargugabetua estraditatuko duen ala ez, berriz, Belgikako epaitegi batek erabakiko du, hilaren 24an. Egun batzuk lehenago, otsailaren 18an, Carles Puigdemont eta Toni Comin eurodiputatuen kontrako euroagindua bertan behera utzi ala ez ebatziko du.