Kataluniako prozesu subiranistari epaiketa

Torrent: "Helburua kataluniarrek botoa ematea eta etorkizunaz erabakitzea zen"

Jose Antonio Nieto Espainiako Segurtasun idazkari nagusi ohiak salatu du mossoek ez zutela urriaren 1eko erreferenduma eragozteko agindua bete eta Espainiako segurtasun indarren jokabidea defendatu du. Jarraitu epaiketa zuzenean.

Jon Ordoñez Garmendia - Gorka Berasategi Otamendi
2019ko martxoaren 4a
07:16
Entzun 00:00:0000:00:00

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak deklaratu du gaur arratsaldean Espainiako Auztegi Gorenean buruzagi independentisten aurka egiten ari diren epaiketan. Torrentek lekuko gisara deklaratu du, eta adierazi du Kataluniako gatazka politikoa soilik erreferendum baten bidez konpon litekeela: "Ez diogu uko egingo kataluniarrok gure etorkizuna erabakitzeko borondateari. Vox alderdi ultraeskuindarraren galderak ere erantzun ditu, eta horien txandan esan du prozesuaren helburua zela kataluniarrek botoa ematea eta etorkizunaz erabakitzea.

Torrentek bere deklarazioan azpimarratu du hamabi auzipetuetatik hamaika Kataluniako Parlamentuko parlamentariak izan direla. Parlamentuko presidentetzan bere aurretik zegoena dago horien artean, Carme Forcadell; horren jardueraz galdetuta Torrentek esan du eguneko gai ordena ezin dela erabili erabakitzeko zertaz hitz egingo den parlamentuan eta zertaz ez. Voxek gogorarazi dio parlamentuko abokatuek ebatzi zutela zenbait neurri Espainiako Konstituzioaren aurkakoak izan zitezkeela, eta Torrentek erantzu dio esanez ebazpen horiek ez zirela derrigor bete beharrekoak. "[Parlamentuko Mahaia organu politiko bat da, eta ez du baloratzen proposamenen muina, horiek konstituzioaren aurkakoak izanagatik".

2017ko irailaren 6ko eta 7ko saioetan onartutako legeek gatazkari irtenbide politiko bat ematea zutela helburu azaldu dio estatuaren abokatuari. "Estatuarekin negoziazio eta elkarrizketa prozesu bat bilatzen zuten. Trantsizio Legeak sekula ez zuen izan ondorio juridikorik".

Goizean Jose Antonio Nieto Espainiako Segurtasun estatu idazkari ohiak deklaratu du, eta Fiskaltzaren akusazio tesiak babestu ditu horrek. Baieztatu du Kataluniako Gobernuak eta Espainiakoak ikuspegi desberdinak zituztela irailaren 20ko polizia operazioan gertatu zenari buruz, "baita urriaren 1ean gertatu zitekeenari buruz ere". Mossoei leporatu die ez zutela behar beste egin erreferenduma eragozteko. Kataluniako Gobenruak urriaren 1ean polizia gutxiegi mobilizatu zituela salatu du eta Generalitateak elkarlanerako borondate gutxi zuela gaineratu du. Nietoren esanetan, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak "ahal izan zen indarkeria txikiena" erabili zuten hauteslekuan babesten ari ziten herritarren kontra.

Segurtasun estatu idazkariak adierazi du Espainiako Gobernuak indarkeria arriskuaz ohartarazi ziola Generalitateari, urriaren 1eko erreferenduma baino lehen. Aurretik, tentsio egoerak izan zirela nabarmendu du, eta irailaren 20an jo zuela goia giro horrek.

Haren esanetan, egun horretan, egoera "larritzen joan zen" Ekonomia kontseilaritzaren pareko elkarretaratzean. Manifestariek Guardia Zibilaren zenbait ibilgailu kaltatu zituztela nabarmendu du. "Ibilgailu guztiak ezin izan ziren berrerabili, kalteak oso larriak zirelako". Nietok ziurtatu du Espainiako segurtasun indarrek herritarren kontra erabili zuten indarkeria saihestu zitekeela, erreferenduma bertan behera utzita.

Kataluniako Gobernuak, baina, erreferendumaren deialdiari eusteko borondatea zuela nabarmendu du. Haren esanetan, Espainiako Gobernuak uste zuen mossoen prefekturak ez zuela Generalitatearen ildo beretik joko. Azkenean, baina, Kataluniako poliziak ez zuen agindu judiziala bete, Nietoren arabera. Estatu idazkariak salatu du Espainiako Gobernuak ez zuela Mossos d'Esquadraren informazio zehatzik jaso urriaren 1ean.

Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko Segurtasun batzarrari buruzko xehetasunak eman ditu Nietok fiskalaren galderei erantzunez. Adierazi duenez, Joaquim Forn Kataluniako Barne kontseilaria kexu agertu zen Espainiak 6.000 guardia zibil eta polizia gehigarri bidali izanarekin, mossoak agindu judizialak betetzeko gaitasuna zutela argudiatuta.

Nietoren iritziz, erreferenduma debekatzeko agindua ez zen bateraezina elkarbizitza bermatzearekin. Azaldu duenez, elkarbizitza bermatzearen irizpidea aitzakia bezala erabili zuten mossoek erreferenduma ez eragozteko. Nietok nabarmendu du jarrera hori ez dela egokia; bestela, edozein delitu egin daitekeelako jendez inguratutako gune batean. Urriaren 1ean, poliziaren eta guardia zibilaren jarduna "neurritsua" izan zela zuirtatu du, eta "ahalik eta indarkeriarik txikiena" erabili zutela gaineratu du. Mossoek erreferenduma eragozteko nahikoa ez zutela egin iritzita, Poliziak eta Guardia Zibilak hauteslekuak ixteko ardura hartu zuten beren gain, Nietoren esanetan.

Hauteslekuen inguruetan bildu ziren herritarrak "antolatuta" zeudela ziurtatu du Nietok, eta beraien helburua segurtasun indarrei barrura sartzea eragoztea zen, bere hitzetan. Erresistentzia "handia" izan zela ziurtatu du eta hautesleku "askotan" indarkeria ekintzak izan zirela adierazi du. Nietoren arabera, polizia eta guardia zibil "kopuru garrantzitsu bat" zauritu zituzten. Aitortu du poliziek eta guardia zibilek indarkeria erabili zutela; "batzuetan, era deigarrian". Nietoren esanetan, baina, indarkeria hori erabili zuten poliziak eta guardia zibilak inguratu zitzatela eragozteko. "Indarkeria gehiegizkoa zenean" segurtasun indarrek atzera egitea erabaki zutela azaldu du, segurtasun indarretako kideen eta herritarren segurtasunarengatik.

Urriaren 3an ere indarkeria ekintzak izan zirela ziurtatu du Nietok. Errepide mozteak eta Bartzelonako Sants geltokiaren okupazioa aipatu ditu. Mossoek ez zutela esku hartu nabarmendu du, eta horrek Kataluniaren "kolapsoa" eragin zuela.

Joquim Forn Kataluniako Barne kontseilariak Nietoren hitzekiko desadostasuna agertu du bere Twitter kontuaren bidez. "Nieto estatu idazkariaren kontakizuna Fiskaltzaren eta VOXen bera da, Llarena epailearen instrukziokoa, Guardia Zibilaren atestatuena... Gezurrez betetako kontakizuna da, urriaren 1eko indarkeria ukatzen duena eta bozkatu nahi zuen jendearen aldetik indarkeria izan zela asmatzen duena".

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.