Carles Puigdemont Kataluniako presidentetzarako hautagaiaren inbestidura izan du hizpide Roger Torrentek, gaur goizean, RAC1 irratian egin dioten elkarrizketan. Adierazi du Puigdemont JxCren zerrendaburuaren hautagaitza eztabaidara eramateko lanean jarraituko duela, eta haren inbestidura "eraginkorra" izateko "berme juridikoak" ziurtatzen ahaleginduko dela. Hori dela eta, Torrentek ez du inbestidura saiorik iragarriko berme horiek lortu arte. "Puigdemont da hautagaia, eta hala izango da". Torrentek nabarmendu du epaitegiek ezin dutela erabaki Kataluniako presidentea nor izango den.
Puigdemonten inbestidura ahalbidetze aldera, "ikuspuntu juridikotik borroka" egingo duela ziurtatu du Kataluniako Parlamentuko presidenteak, Espainiako Gobernuak eta Auzitegi Konstituzionalak egin duten "lardaskeria" juridikoaren kontra. Jakinarazi duenez, Konstituzionalean aurkeztuko diren helegiteak prestatzen ari dira legebiltzarreko letratuak.
Bide juridikoaz gain, lan politikoa ere beharrezko jo du Torrentek, Puigdemont presidente bihurtzeko modua aurkitu ahal izateko. Ildo horretan, Torrentek nabarmendu du mugimendu subiranistak "eskuzabala" izan den garaietan izan dituela lorpen garrantzitsuenak. "Onartu behar dugu aurrera egiteko ahalik eskuzabalen izan behar dugula", adierazi du.
Torrentek ez du adierazpenik egin nahi izan Puigdemontek Antoni Comin Generalitateko kontseilari kargugabetuari bidali zizkion mezuen inguruan —Espainiako telebista kate batek eman zituen argitara atzo—. Mezu horietan prozesu subiranista "hilda" zegoela zioen Puigdemontek. Puigdemontek berak argitu zuen zalantza une batean idatzitakoak izan zirela, baina hautagaitzarekin aurrera egiteko asmoa duela. Torrenten esanetan, "gehiengoa duen herritar mugimendua" ez da amaitu. Aldiz, "bizirik" dagoela eta "hazten" ari dela adierazi du.