Katalunia

Torrentek ostiralerako deitu du Sanchezen inbestidura saiora

Jordi Sanchezen hautagaitzak JxCren eta ERCren babesa du soilik ziurtatua.

Roger Torrent, Kataluniako Parlamentuko korridoreetan. Artxiboko irudia. QUIQUE GARCIA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko apirilaren 9a
17:05
Entzun

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak ostiral goizerako (10:00) deitu du Jordi Sanchez JxCko diputatuaren hautagaitza eztabaidatzeko saiora. Torrentek Auzitegi Gorenari galdegin dio har dezala aintzat NBEk Espainiari eginiko eskaria, eta har ditzala neurriak Sanchezek eztabaidan parte hartu ahal izateko. Parlamentuak Sanchezen hautagaitza eztabaidatzeko saiora deitu zuen martxoaren 12rako, baina Auzitegi Nazionaleko epaile Pablo Llarenak ukatu egin zion saioan parte hartzeko aukera.

NBEren Giza Eskubideen Komiteak Espainiari egin dion eskaria baliatu nahi du, ordea, Sanchezek beste Torrentek deitu berri duen inbestidura saioan bere hautagaitza defendatzeko. NBEk Espainiari galdegin dio har ditzala Sanchezen eskubide politikoak bermatzeko "beharrezko neurriak", Sanchezek NBEn aurkeztu zuen salaketa aztertu eta haren gainean ebatzi artean.

Torrentek ohartarazi du Llarenak Sanchezi parlamentuko saioan parte hartzeko aukera eragotziko balio auzitegiaren historiako "orrialderik beltzena" idatziko lukeela. Torrentek Auzitegi Gorenari galdegin dio NBEren Giza Eskubideen Komitearen eskaria aintzat har dezala, eta ezar ditzala Sanchezek inbestidura saioan parte hartu ahal izateko bitartekoak. Hala egin ezean, estatuak "naziarteko betebeharrei" muzin egingo liekeela ziurtatu du.

Sanchezek JxCren eta ERCren babesa du ziurtatua oraingoz; ez, ordea, CUPena. Elsa Artadi JxCko diputatuak hiru alderdien arteko akordioa lortu zutela adierazi zuen arren, CUPek ukatu egin du halako adostasunik lortu dutela.

JxCren eta ERCren botoek gehiengo nahikoa osatu dezakete Sanchez presidente izendatzeko, betiere CUPek, iragarri bezala, abstentzioaren alde egiten badu. Bi alderdi independentista nagusiek beharrezkoak dituzte, baina, Puigdemonten eta Toni Comin ERCko diputatu erbesteratuaren botoak. Puigdemontek boto delegatu bidez bozkatu zuen joan den asteko osoko bilkuran, eta Espainiako jusitiziak ez du oraingoz hartu baimen horren kontrako neurririk. Cominek ere era horretara bozkatzeko modua izatea eskatuko du aste honetan, ERCko bozermaile Marta Vilaltak adierazi duenez. "Posible ez bada, elkarrekin aztertuko dugu berak karguari uko egitea". ERCko ordezkaritza bat Bruselan da gaur, Cominekin biltzeko.

PPk Parlamentuko Mahaiari eskatu dio ez diezaiola utz Puigdemonti hurrengo bilkuran boto delegatua baliatzen, eta berriz ere bozkatzeko aukera onartzen badio Auzitegi Konstituzionalera joko duela iragarri du.

Torrentek Sanchezen hautagaitza proposatu eta ordu gutxira, Puigdemont presidente izendatzeko galdegin die beste behin ANCk alderdi independentistei. Adierazi du Puigdemont presidente egitea lagungarria litzatekeela Kataluniako auzia nazioartean zabaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.