Nabarmen gogortu dira palestinar presoen bizi baldintzak Israelgo kartzeletan, iazko urrian Israelgo armadak Gazaren aurkako oldarraldia areagotu zuenetik. Palestinar atxilotuek jasandako torturak eta sexu abusuak behin baino gehiagotan salatu dituzte; azkena B'Tselem Israelgo gobernuz kanpoko erakundeak egin du, berriki askatu dituzten 55 preso palestinarren testigantzak bilduta. Lekukotasun horiek aintzat hartuta, Israelgo atxilotze zentroetan torturak eta sexu abusuak «sistematikoak» direla ondorioztatu du atzo kaleratutako ikerketak, baita atxilo hartutako palestinarren aurkako tratu txarrak «instituzioetatik bultzatutako neurriak» direla ere.
Ongi etorri infernura izeneko txostenean bildu ditu B'Tselemek 55 preso palestinarren lekukotasunak: horietako 30 Zisjordaniakoak dira, 21 Gazakoak, eta lauk israeldar herritartasuna dute. Atxilotze zentroetatik aske geratu ostean azaleratu dituzte euren esperientziak, gehienek oraindik ere epaiketarik izan ez duten arren. Ikerketak jasotako datuen arabera, iazko urrian Gazaren aurkako erasoak gogortu aurretik, 5.000 palestinar baino gehiago zeuden Israelgo kartzeletan preso. Uztailean, ordea, preso palestinarren kopurua ia halako bi zen —hau da, 10.000 inguru—, eta horietatik 4.700 «arbitrarioki» hartu zituzten atxilo, eta euren aurkako karguak ez dituzte aurkeztu oraindik, ezta epaiketak egin ere.
Iazko urriaren 7az geroztik Israelgo kartzelak «tortura zentro» bihurtu direla adierazten du ikerketak, eta preso palestinar gehienek jasandako hainbat tratu txar identifikatu ditu: abusuak, gosea, umiliazioak, lo falta eta osasun arreta ukatzea, besteak beste. B'Tselemek salatu du instituzioek ezartzen dituztela palestinarrek jasandako abusuak; IPS Israelgo Kartzelen Zerbitzua —espetxeen agintaritza bere gain hartzen duena— Segurtasun Nazionaleko Ministerioaren agindupean dago, eta haren buru Itamar Ben-Gvir Alderdi Sionista Erlijiosoko kidea da. Gazaren eta Zisjordaniaren aurkako erasoak areagotzearekin batera, Ben-Gvir gogor mintzatu da behin baino gehiagotan palestinarren aurka.
Sexu abusuen kasuei helduta, txostenak jasotako bizipenen arabera, ohikoak dira kartzeletako agintariek kolektiboki eginiko sexu erasoak: «Arropaz eta erlojuz beteriko gela batera eraman, eta biluztera behartu gintuzten. Metalezko detektagailu batekin hasi zitzaizkigun miatzen, eta gure eremu intimoak jotzen hasi ziren detektagailuarekin; behin eta berriz».
Barne arazoak azken egunetan
Israelgo kartzelen egoera kezkagarriaren adierazle azken egunetako gertakariak dira: Israelgo Polizia Militarrak Israelgo Armadako bederatzi soldadu atxilotu zituen joan den astean, Sde Teiman atxilotze zentroan. Hareetz Israelgo egunkariak jakinarazi zuenez, preso palestinar bati sexu erasoak egitea egotzi zieten; hain justu, ondestean zauri larriak zituela ospitalizatu zuten. Atxilotze zentrora iristean, hainbat soldaduk aurre egin zioten Polizia Militarrari, barrikadak eraikiz lekua ebakuatu beharrean. Atxiloketen berri publikoki eman bezain laster, pertsona ugari bildu ziren atxilotze zentroaren kanpoaldean, protestan —Israelgo Parlamentuko zenbait kide, besteak beste—.
Hanoch Milwidsky-k, Likud agintean den alderdiko kide batek, bederatzi soldaduen atxilotzea gaitzetsi zuen parlamentuan, Hamasen adar militarreko kideek torturak jasatea «justifikatuta» dagoela argudiatuta. Ben-Gvir-ek eta Bezalel Smotrich Finantza ministroak ere atxilotutakoen militarren alde egin zuten. Preso hartu ondoren, Beit Lid atxilotze zentrora eraman zituzten bederatzi soldaduak, bertan auzipetuak izan zitezen, baina protestetan bildutako lagunek zentroa okupatu eta atxilotuak askatzeko eskatu zuten. Azkenean, manifestariek alde egitea eta egoera baretzea lortu zuen Polizia Militarrak.
Israelek identifikatu gabeko 84 palestinarren gorpuak itzuli ditu
Gazako zerrendako hilerrietatik ateratako 84 palestinarren gorpuak itzuli zituen Israelek atzo. Hamas erakunde islamistak salatu zuenez, gorpu gehienak «deskonposizio egoeran» zeuden, eta horrek «larriki oztopatzen» du hildakoak identifikatzea. Gorpuak plastikozko oihal urdinetan bilduta iritsi ziren, kamioi batean, eta Khan Yunis hiriko —Gaza hegoaldean— hilerri batean lurperatu zituzten, Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi zuenez.