«Izapidea prozesu garden eta erraza da. Ez da bisaturik eskatzen, eta bizkor eta arazorik gabe egiten den erregistroa soilik behar da luzaroan geratzeko. Herri multietnikoa izanik, Pridnestroviek ongietorria egiten die bisitariei». Muga ez ofizialeko mugazainek ez omen dute haien gobernuaren agiria irakurri, edo, agian, guk lartxo sinetsi dugu. Chisinau Moldaviako hiriburutik gakartzan autotik gu bakarrik jaitsarazi gaituzte, bizpahiru bulego pasarazi eta militarrak atea itxi du gure ondotik. Ez dugula sartzerik dioskute, gonbidapen gutuna edo ez dakigu zein agiri faltan. Eskupekoa zenbatekoa den pentsatzen ari ginela, Hego Osetian eman ziguten argazki bat atera dugu. Transnistriako militar baten erretratua da, eta eskuz idatzitako papertxo batean bilduta dago: «Transnistria eta Hego Osetia, herri senideak». Irribarre egin digu mugazainak: «Ongi etorri Transnistriara».
ZIRILIKOA. Errepide, kale eta iragarkietatik berehala desagertu da alfabeto latinoa eta zirilikoa nagusitu. Errusiera da jaun eta jabe Transnistrian, nahiz eta ukrainera eta moldaviera ere sarri agertu. Beti zirilikoz, hori bai. Azken urteetako gatazketako bat moldaviar eskolekin gertatu da, Transnistriako Gobernuak itxi egin baititu hainbat, moldaviera barik «errumaniera» bultzatzen dutela leporatuta. Hizkuntza berbera dira hizkuntzalari gehienentzat, baina hemengo agintarien arabera, zirilikoz idatziz gero moldaviera da, latinoa hautatzen denean, berriz, errumaniera.
Topikoa izan arren, sobieten herrialdera itzultzea da lehen begiratuan Transnistriak iradokitzen duena: Leninen monumentua dago gobernuaren egoitzaren aurrean, mailua eta igitaia ageri ditu banderan, eta aurrez aurre, Dniester ibai ertzean, 1991ko gerran eroritakoen gunea. Hiriko beste txoko batean Leninen bustua aurkitu dugu, eta, haren atzean, Transnistriako Parlamentua, antigoaleko izenarekin oraindik: Dom Sobietom, Sobieten Etxea edo Sobiet Gorena alegia. Detaile kitsch-agoak ere bai: Igor Smirnov presidentea nongura ageri da, Vladimir Putinen ondoan sarritan. Kale baten Che Guevara eta Putin daude elkarren aldamenean.
Europa ekialdeko bihotzean dago Transnistria, hainbat errepide eta trenbide garrantzitsuren bidegurutzean. Moldaviako eskualderik industrialena ere bada, eta horregatik, haren galerak dimentsio nazionalista bezainbat ekonomikoa dauka. Eta lantegietan legez, kaleetan eta baita futbol zelaian ere izen bat da nagusi: Sheriff, herrialde sozialista baten barik oligarkikoan gaudela jakinarazten diguna. Sheriff izena dute herriko hainbat txokok, fabriketatik hasi eta segi gasolindegiekin eta supermerkatuekin. Moldaviako Ligako txapeldun da Tiraspolgo Sheriff taldea (bai, horretan batera daude), eta Sheriff futbol zelaian jokatzen du Moldaviako selekzioak. Viktor Gushan du izena Sheriff-eko akziodun nagusiak, baina Transnistriaren aurkariek haren itzalean Smirnov presidentearen familia dagoela esan izan dute.
KONPONBIDEAREN AMAIERAN? Dniester ibaia Europa eslaviarraren eta erromanikoaren arteko muga gisa ikusi izan da. Sobiet Batasunaren erorketako sukarraldi nazionalistan Errumaniarekin bat egitea eskatu zuten moldaviar askok, hizkuntza berbera izateaz gain (Sobiet Batasunean zirilikoz idatzi arren), II. Mundu Gerra arte batera egon baitziren. Orduko Errumaniako mugak Dniester ibaian amaitzen ziren, gogorarazten dute Transnistrian, beste aldean Ukrainako Errepublika Sozialista Sobietarra zegoen. Baina moldaviarrek erantzuten dute Tiraspol Sobiet Batasunean egon arren, «Moldaviako Errepublika Autonomoa» osatzen zuela Ukraina barruan.
Hiri gehienetan errusiera da nagusi; herrietan, berriz, ukrainarrak edo moldaviarrak dira gehiengo. Beste hizkuntza askotako biztanleak ere badira: ijitoak, bulgariarrak, eta gagauzak, besteak beste. Azken horiek turkiar kristauak dira, eta Moldaviako independentzian, Transnistriak legez, bereizi eta gerra laburra izan zuten, baina 1994an akordioa lortu zuen Chisinaurekin. Autonomia dauka ordutik, eta konstituzioaren arabera, «Moldaviako status politikoa aldatuko balitz» (hau da, Errumaniarekin bat egitea erabakiz gero), akordioa bertan behera geratu eta Gagauziak bere bidea egin ahalko luke. Gatazka izoztuetarako eredu gisa aipatu izan da Gagauzia, baina Transnistriako agintariek entzun ere ez dute gura: «Gagauzia ez da guretzat eredua, inola ere ez. Moldaviak autonomia eman zion, baina bizitza ekonomikoa eta politikoa kontrolatzen hasi zen, eta gaur Moldaviako leku atzeratuena da, diru sarrera guztiak zuzenean Chisinautik datoz. Ezin dugu egoera hori erreferente izan», esan digu Sergei Simonenko Atzerri ministrordeak.
Egoera nahasia dago orain bertan, Sobiet Batasunaren heriotzatik hainbeste urtetara: Moldavia Europako herrialderik behartsuenetakoa da, oso errusiartuta jarraitzen du, eta Alderdi Komunistako Vladimir Voronin da presidente. Egun Transnistriarekin baino Errumaniarekin dituzte arazo gehiago. Batasun politikoak agendatik kanpo dirudien arren, Errumania Europako Batasunean sartu denetik 300.000 moldaviarrek baino gehiagok hartu dute errumaniar naziotasuna, laster mendebaldean lan egiteko berme izango baita.
Baina nahasmenaren abiapuntua ekialdean dago, eta hortxe egon daiteke gatazkaren konponbidea: Ukrainak mendebalderanzko politikak hartu dituenetik Transnistriak blokeo egoera dauka. Umiliagarria izan arren, bertako enpresek Moldaviako agiria jartzea onartu behar izan zuten 2006an, muga zeharkatu eta Odesako portutik esportatu nahi bazuten. Konponbide negoziatuak bere alde dauka, tentsioak tentsio eta Errusiako «bake tropak» egon arren, ez dela inor hil azken urteotan. Errusia indartsu egonda ere, urrun dago Mosku, eta Ukraina eta Moldavia artean bizi da Transnistria. Datozen hilabeteak erabakigarriak izan daitezke.
sergei simonenko Transnistriako Atzerri ministrordea
«Ez gara herrialde komunista»
Urtzi UrrutikoetxeaTiraspol
Transnistriako Sobiet Gorenetik hurbil dago Atzerri Ministerioa. Hantxe hartu gaitu Sergei Simonenko Atzerri ministrordeak. 1991tik bizi duten egoeran jarraitzerik duten galdetuta, ez du zalantzarik, Errusiak laguntzen duen artean iraungo dutela uste du: «Errusia izan da, bada eta izango da. Errusiak dauka azken hitza». Blokeo ekonomikoa ez eze, «blokeo informatibo eta diplomatikoa ere badaude, nazioarteak ez du gure bertsioaren berri, eta Moldaviako propagandak gezurrak hedatu ditu, talde terroristen gune ginela eta arma eta droga eta pertsona trafikoaren herrialdea zela esan dute». Europako Batasunak ezarritako muga zaintzak kontrabandoa etetea lortu du, «baina Moldaviaren gezurrak ere agerian geratu dira: hemen ez da ez arma ez droga trafikorik izan, alkohol eta oilasko kontrabandoa bakarrik atzeman dituzte».
Blokeoaren aurrean Transnistria ere gogortu daitekeela dio Simonenkok: «Erraz eten dezakegu garraioa, Europako bide guztiak hemendik pasatzen baitira». Mapari begiratzea aski da ikusteko kaltea ez litzatekeela horrenbesterako izango, bide alternatibo asko baitago Tiraspoldik pasatu barik.
Atzerri ministrordeak ez du sinesten Moldaviaren negoziatzeko borondatean: «Esan bai, esaten dute, autonomia, hau eta beste, baina gero blokeo neurriekin jarraitzen dute. Hemen matrikulatutako autoak Moldavian eta Ukrainan ibiltzea debekatu nahi dute orain». Horregatik, «lehendabizi statusa erabaki beharra dago, Pridnestroviek erreferenduma egin zuen iaz -% 98k baietz, EBk eta ESKEk ez dituzte baliagarritzat jotzen, Errusiak bai-, Errusiarekin harreman estua nahi zuela esan zuen jendeak, baina horrek ez du esan nahi Errusiarekin bat egitea erabaki genuenik. Lehenik nazioarteko aitorpena behar dugu eta gero erabakiko dugu zein harreman mota». Hala ere, badakite presioa gorantz doala, eta ez diete aterik ixten negoziazioei: «Orain Moldaviak ideia berriak ditu gatazka konpontzeko, Vladimir Voroninek lan taldeak eskaini ditu, elkarrizketa normalari ekiteko eta adostasunak aurkitzeko. Blokeoa eten dadila eskatzen dugu; gero hasiko ditugu negoziazioak».
Kosovorekiko dagoeneko ezagun zaigun jarrera dauka Simonenkok: Errusiaren aliatu izanik, ezin begi onez ikusi independentzia («haiek baino eskubide gehiago ditugu guk, ez gara terrorista-estatua»), baina argi dauka Kosovok bidea irekiko duela.
Solasa topikora ere lerratu da azkenean, hainbeste baitira sobietarren garaiko monumentuak. «Ez gara komunistak, baina estimatzen dugu gure historia. Alderdi Komunistak jarraitzaile gutxi ditu, jendeak oroitzapen negatiboa dauka Alderdi Komunistaz, ez baitzuten bakea ekartzerik lortu. Monumentu komunista eta guzti, Pridnestrovie estatu modernoa da, garapen maila handia dauka. Voronin da komunista, eta bere politikak ez dauka inolako atxikimendurik hemen».
«MUNDUKO HERRIALDERIK HANDIENEAN JAIO NINTZEN».Stanislav Lazovski ministroaren laguntzaile eta itzultzailearekin joan gara kalera. Ez dator bat Simonenkorekin: «Sarri entzun dut bertsio hori, eta egia da monumentuena azaleko ikuspuntua dela, baina hori ere garrantzitsua da. Pertsona bat hona badator eta Leninen estatua ikusi eta, batez ere, igitaia eta mailua banderan, normala da herrialde komunista dela pentsatzea. Absurdua dena da hori ukatzea gobernuaren aldetik. Eta ez denez komunista eta nik diotsut ez dela, zorionez garai hartako babes sozial askori eutsi diegun arren, ez du zentzurik garai hartako hainbeste oroigarri izatea, hain gutxi kaleetan. Besterik litzateke museoren baten, baina kalean eta banderan!».
Mutil gaztea da, baina gobernuko kide ere bai. Erreparatu dio gure harridura aurpegiari: «Hara, kanpotik denak berdintzeko ohitura daukazue, alderdi bakarreko erregimena bagina legez. Bada ni oposizio demokratikokoa naiz. Bai, hemen gehienak Putinen alderdikoak dira, eta komunistak gutxi batzuk, eta Ukrainako bozetan parte hartzen dutenean Janukovitxen zaleak dira, noski, baina ni ez. Oposizioa ahula da tamalez eta gehienok ez dugu jasaten Gari Kasparov. Horretan arrazoi ematen diogu gobernuari, mendebaldearen txotxongiloa dirudi. Atxilotu zutenean ere ingelesez hitz egin zuen, atzerritarrentzat ziharduen, ez bere herrikideentzat».
Lazovskik ez dauka Transnistriako pasaporterik. «Ez da nostalgia kontu hutsa, baina Sobiet Batasuneko agiria daukat oraindik. Zergatik? Ume jaio berria dut, eta gauzak horrela badoaz, herrialde txiki eta itxi honetan haziko da, hamar kilometro egin eta muga daukazun herrialdean. Baina nik erakutsiko diot ni munduko herrialderik handienean jaio nintzela, hemen hasi eta milaka kilometrotan hedatzen zen herrialdea izan zela».