Lehen ministro karguan jarraituko du Justin Trudeauk, baina gutxiengoan osatu beharko du gobernua; izan ere, aurreikuspenen arabera, 157 eserleku eskuratuko lituzke parlamentuko behe ganberan —338 ordezkarik osatzen dute ganbera—. Alderdi Kontserbadorea litzateke bigarren indarra, 122 ordezkarirekin. Bozak egin aurreko inkestetan, bi alderdiak berdinduta ageri ziren, eta, botoetan kontserbadoreek gehiago eskuratu dituzten arren, ez dira gai izan ordezkaritan liberalei gailentzeko; ondorioz, oposizioko talde nagusia izango dira beste behin.
«Egitasmo progresista babestu dute milioika kanadarrek. Bizi dugun garaiak aldaketa errealak eta garrantzitsuak eskatzen ditu, eta zuek norabide zuzenera bideratu duzue gobernu hau eta parlamentu hau», goraipatu du buruzagi liberalak CBC telebista katearen aurreikuspenen berri izan eta gutxira. Trudeaurena, baina, ez da erabateko garaipena izan. Bi agintalditan Kanadako lehen ministro izandakoak abuztuan iragarri zuen bozak aurreratzeko asmoa, modu horretan behe ganberan gehiengora helduko zelakoan, besteak beste, koronabirusaren aurka hartutako neurriek bere alde egingo zuten itxaropenarekin. Haren nahiak, baina, ez dira bete.
Kontserbadoreen zerrendaburu Erin O´Toolek kritikatu egin dio Trudeauri pandemia betean bozetara deitu izana: «Gaur kanadarrek ez diote eman Trudeauri berak nahi zuen gehiengoa. Egiaz, gutxiengoko beste gobernu bat onartu diote, eta bidean 600 milioi dolar galdu ditugu, eta gure herri handi hau are zatituago geratu da».
Liberalek lortutako emaitzak 2019ko urrian egindako bozetakoen oso antzekoak dira. Orduan ere gutxiengoan geratu zen haien alderdia legebiltzarreko behe ganberan, eta emaitza hori iraultzea zen lehen ministroaren asmoa, hauteskunde federalak bi urte aurreratuta. Baina herritarrek ez dute begi onez ikusi izurria amaitu aurretik bozkatzera joan behar izatea. Trudeauren erabakiaren ondorioak jasan dituzten hautagaietako bat izan da orain arte Berdintasun ministroaren karguan aritu den Maryam Monsef. Peterboroughen aurkezten zen Monsef, Ontarion. Barrutia liberalen gotorleku izan da sei hamarkadaz, baina kontserbadoreen aldera irauli da aldi honetan.