Trump: «Nolabait itzuliko gara»

AEBetako 45. presidenteak Etxe Zuria utzi du, Bidenen kargua hartzeko ekitaldiaren aurretik. Agintaldia «sinestezina» izan dela ziurtatu du: «Ez gara administrazio normal bat izan».

Donald Trump eta Melania Trump, gaur, Air Force One hegazkinera igotzen. STEFANI REYNOLDS / EFE
ander perez zala
2021eko urtarrilaren 20a
16:29
Entzun

Presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituela konbentzituta: hala atera da Donald Trump, azkenekoz, Etxe Zuritik. Harekin batera doaz gezurrez, eskandaluz, arrakastaz, porrotez eta titular amaigabez beteriko agintaldi bat, eta AEBetako politika goitik behera eraldatu duen epe gatazkatsu bat. Amerika amerikarrentzat, protekzionista, populista eta segurua; halako herrialde bat irudikatu zuen duela lau urte, Kapitolioan presidente karguaren zina egin zuenean. Historiak ebatziko du helburu horiek bete dituen, baina zalantzarik ez dago agintariak utziko duen legatua sakona eta entzutetsua izango dela. Trumpentzat, ordea, ez da ezer amaitu: soilik liburu baten lehen atala. Eta ohartarazpen bat egin du: «Nolabait itzuliko gara».

74 milioi herritar baino gehiagorentzat, egun tristea da gaurkoa, batez ere ultraeskuindar, kontserbadore eta zuri nazionalistentzat. Badoa erreferente bat, haiek bezala pentsatzen duen buruzagi bat, ziurrenik bizitzan behin ikusiko duten agintari mota bat. Trumpek, behintzat, ez du agurra eman azken hilabeteotako diskurtso borrokalari eta gatazkatsuarekin; are, lasaitasun puntu bat ere sumatu zaio kazetarien aurrean agertu denean, Air Force One hegazkinean sartu aurretik. «Lau urteak sinestezinak izan dira. Ez gara administrazio normal bat izan». Haren aldekoa edo kontrakoa izan, herritar guztiak egongo dira ados azken esaldi horrekin.

AEBetako 45. presidenteak bakarrik amaitu du bere agintaldia, ia aliaturik gabe, eta epaiketa politiko baten atarian. Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteak ez ditu oraindik bidali Senatura epaiketa hori abiarazteko beharrezko dokumentuak, baina zalantzarik ez dago Trump kargugabetze saioari bi aldiz aurre egingo dion estatuburua bilakatuko dela. Eta, nork daki, agian inhabilitazio zigorra jasango duena.

Ikusteko dago Joe Bidenen agintaldiak zer norabide hartu eta zer-nolako arrakasta izango duen, horrek eragina izango baitu Trumpen hautagai izateko helburuan. Hurrengo hauteskundeak 2024an izango dira, eta agintaria horietara aurkezteko asmotan da; indar politiko berri bat sortuko lukeela ere zabaldu dute: Alderdi Abertzalea.

Aukera horri begirako lehen tantak gaur bertan eman ditu, Etxe Zuritik ateratzean. Ahoan irribarre bat zuela, honakoa adierazi du Bidenez: «Espero dut ez dizkizuetela zergak igoko. Hala egiten badu, nik ohartarazpena egin nizuen. Behatzen arituko naiz».

Trumpen agurra xumea izan da, baina ez alfonbra gorririk gabekoa: soldadu batzuk ere izan dira, eta era horretako zeremonietan egiten diren tiroak ere entzun dira. «Administrazio berriari zorte ona eta arrakasta handia opa dizkiot». Kargua uzten duen presidenteak kargua hartuko duenari aurrez aurre esan ohi dizkio hitz horiek, baina, mende eta erdian lehen aldiz, ez da halakorik gertatuko. Bideni ez dio inork emango lekukoa.

Etorkizun gatazkatsua

Presidentetzaren ostekoa garai gatazkatsua izango da Trumpentzat, gaurtik aurrera herritar pribatu bilakatuko baita berriz eta, hortaz, ez baitu estatuburu karguak ematen dion babesa izango.

Hainbat ikerketa martxan daude haren aurka, tartean finantza akordioei buruzkoak eta sexu jazarpeneko salaketen harirakoak. Eta, horiez gain, litekeena da presidente karguan zegoela ustez egindako delituei buruzko ikerketak ere abiatzea, kargua bere mesederako erabili ote zuen argitzeko. Agian Trumpek horregatik galdetu zuen, agintaldiko azken asteetan, ea bere burua barkatzea egokia izango litzatekeen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.