AEBetara haurrak zirela iritsi ziren 1,8 milioi migratzaileri eragingo lieke Trumpen proposamenak. Hau da, gainditu egingo luke haurtzaroan AEBetara iristeagatik lan egiteko baimena eta deportazioaren kontrako babesa dutenenkopurua: 690.000 inguru dira egun.
Ameslari edo dreamers izenez ezagutzen diren migratzaile horiei martxoan etengo zaizkie baimenak eta babes neurriak. Trumpen aginduz etengo dira neurri horiek. Orain, AEBetako presidenteak Kongresuari eskatu dio lege bat onar dezala ameslariei hiritartasuna hamar edo hamabi urtetan lortzeko aukera emango diena, baldintza batzuk betetzen badituzte: lana, ikasketak eta "jarrera moral egokia" izatea, besteak beste.
Trukean, Trumpek 25.000 milioi dolar galdegin dizkio Kongresuari. Baliabide horiekin AEBen eta Mexikoren arteko mugan migrazioa murrizteko horma eraiki nahi du. Horrez gain, Kanadako mugan kontrola zorroztu asmo du, eta pertsona eta salgaien trafikoaren gaineko neurriak zorroztu.
Bestalde, Trumpek ausazko bisen esleipena bertan behera uzteko eskatu du. AEBek 50.000 arteko bisa kopurua banatu ohi du urtero, ausaz, tradizionalki AEBetara migrazio korronte txikia duten herrialdeetako jatorria dutenen artean. Bereziki, herrialde afrikarretako herritarren artean. Trumpek proposatu du bisa horiek kualifikazio altuko langileei eta familiei banatzea.
Migratzaileen batasun familiarrerako neurriak ere aldatu nahi ditu AEBetako presidenteak. Sistema horri esker, herritar estatubatuarrek atzerrian dituzten senideentzako egoiliar txartela eska dezakete. Trumpek aukera hori "familia nuklearrera" mugatu nahi du. Hau da, egoiliar txartela eskatzailearen bikotekide eta seme-alaba adingabeei soilik ematea. Egun, horretarako aukera dute eskatzaileen gurasoek eta adinez nagusi diren seme-alabek ere.
Trumpen erreforma proposamenak deportazio azkarra ezartzeko aukera ahalbidetu nahi du, AEBetara era irregularrean sartzen diren herritarren jatorrizko herrialdea edozein dela ere. Egun, deportazio azkarraren neurria Mexiko eta Kanadako migratzaileei ezar dakieke soilik.
Kongresuan migrazio politikei buruzko akordioa lortzeko "konpromiso" gisa aurkeztu du Etxe Zuriak proposamena. Errepublikanoek gehiengoa dute Kongresuan, baina demokratek proposamena atzera botatzeko adina indar dute.
Etxe Zuriak espero du Kongresuan migrazioari buruzko lege bat bozkatu ahal izango dela otsailaren bigarren astean.