Trumpek esan du Patriot aireko defentsa sistemak bidaliko dituela Ukrainara

AEBetako presidenteak ez du zehaztu zenbat bidaliko dituzten; halere, nabarmendu du EB Europako Batasunak eta NATOk ordainduko dituztela. Moskuri ohartarazi dio 50 egun dituela «akordio bat» erdiesteko, eta mehatxu egin dio muga zergak ezarriko dituela.

Etxebizitza bat suntsituta Errusiaren eraso baten ondorioz, Kharkiven, herenegun. SERGEY KOZLOV / EFE
Etxebizitza bat suntsituta Errusiaren eraso baten ondorioz, Kharkiven, herenegun. SERGEY KOZLOV / EFE
maddi iztueta olano
2025eko uztailaren 14a
14:48
Entzun 00:00:0000:00:00

Donald Trump Ukrainara Patriot aireko defentsa sistemak bidaltzekoa da; hala jakinarazi du gaur goizaldean —AEBetan bart gaua zela—, prentsari egindako adierazpenetan. Halere, AEBetako presidenteak xehetasun gutxi eman ditu, eta aitortu du «oraindik» ez dutela adostu zenbat defentsa sistema bidali asmo dituzten; ziurtatu du, hori bai, EB Europako Batasunak «ordainduko» dituela. «Negozio bikaina izango da guretzat, eta haiek [ukrainarrek] Patriot sistemak jasoko dituzte».

Aireko defentsa sistema horiek lurretik eta airetik jaurtitako misil balistikoak identifikatu eta eraits ditzakete, eta Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik behin baino gehiagotan eskatu dio Trumpi halako gehiago bidaltzeko. Hain justu, Etxe Zuriaren Ukrainako gerrarako ordezkari Keith Kellogg Zelenskirekin bildu zen iragan ostegunean, Erroman —han egin zuten Ukraina Berreraikitzeko IV. Goi Bilera—, eta arma bidalketa eta Ukrainako «aireko defentsa sistemak indartzea» izan zuten hizpide, besteak beste.

Egun horretan bertan Trumpek jakinarazi zuenez, akordio bat erdietsi zuen NATO Ipar Atlantikoko Itun Erakundearekin: haren arabera, Washingtonek erakunde horren bitartez bidaliko ditu armak Ukrainara, eta NATOk ordainduko du laguntza militar hori. Gaur arratsaldean Etxe Zurian elkartu dira Trump eta NATOko idazkari nagusi Mark Rutte, eta bilera hasi aurretik prentsaren aurrean egindako agerraldian, baieztatu dute NATOk ordainduko duela AEBek egingo duten hurrengo arma bidalketa.

Horrez gain, Errusiari belarritik tira egiteko probestu dute abagunea. Trumpek aurpegiratu dio Moskuri hitzemandakoak ez betetzea, eta «egiaz gerra amaitzeko» saiakerarik ez egitea. Bestalde, Rutte alboan zuela, Europako zenbait herrialde egiten ari diren «lan ona» txalotu du; horrekin lotuta, berriki onartutako %5eko muga aipatu du. AEBek hala eskatuta, NATOk onartu zuen bere kideek beren BPG barne produktu gordineko %5 bideratzea gastu militarrera.

Hiru urte eta bost hilabete igaro dira Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi zuenetik, eta ordutik zera aurpegiratu die Trumpek NATOko kideei: Washingtonek gainontzeko estatuek baino laguntza ekonomiko eta militar handiagoa bidali diola Kievi. Rutterekin egindako bileraren bezperan, horixe bera azpimarratu zuen beste behin: «AEBek 350.000 milioi dolar bideratu dituzte Ukraina laguntzera, eta Europak 100.000 milioi besterik ez». Alemaniako Kiel institutuak egindako ikerketa baten arabera, baina, AEBek 119.700 milioi dolar bideratu dituzte Ukraina laguntzera —2022ko otsailetik 2024ko abendura arteko datuak hartu dituzte aintzat ikerketan—.

Rutte eta Trump elkartu diren egun berean iritsi da Kellogg Kievera. Aste osoa han egotekoa da, eta asmoa da Ukrainako agintariekin arma bidalketa posiblearen inguruan hitz egitea. Zelenskik sare sozialetan idatzi du Kellogg hara iritsi ondoren, eta esan du «elkarrizketa produktibo bat» izan dutela, besteak beste, Ukrainaren aire sistema indartzearen eta defentsarako armen inguruan.

Bestalde, egunero egin ohi duen prentsaurrekoan, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek salatu du AEBek ez diotela «inoiz» utzi Ukrainara armak bidaltzeari, eta «deigarritzat» jo du Trumpek NATOri eta EBri egindako eskaera; bidaltzekoa den arma sorta ordaintzea, alegia. Moskuren eta Kieven artean negoziazio zuzenak abiatuko ote dituzten galdetuta, berriz, Peskovek esan du oraindik ez dagoela akordiorik horretarako: «Agerikoa da Kievek ez duela inolako presarik. Proposamen baten esperoan gaude oraindik, baina Errusia prest dago beste bilera bat egiteko».

Zigor ekonomikoak

Washington Kievi laguntza militar gehiago emateko prest agertu den honetan, hozten ari da Trumpen eta Errusiako presidente Vladimir Putinen arteko harremana. «Putinek hitz politak esaten ditu, baina gero bonbak jaurtitzen ditu; hemen arazo txiki bat dago», gehitu du Trumpek. Horrekin lotuta, azken egunetan egindako adierazpenetan, Etxe Zuriko maizterrak mahai gainean jarri du Errusiari zigor ekonomiko gehiago ezartzea. Horixe bera errepikatu du gaur arratsaldean, Rutterekin bilduta zegoela: «Ez nago pozik Errusiarekin. Muga zerga gogorrak jarriko dizkiogu ez badugu datozen 50 egunetan akordiorik erdiesten». Haren arabera, %100eko muga zergak izango liratekeen.

Are, hori helburu duen proiektu bat dute esku artean AEBetako Kongresuko kide errepublikanoek, Lindsay Graham senatari errepublikanoak herrialdeko telebista programa batean atzo gauean jakinarazi zuenez. Haren arabera, neurri horren asmoa litzateke, besteak beste, Trumpi baimena ematea Errusiaren ofentsiba «babesten» duten herrialdeei %500erainoko muga zergak jarri ahal izateko. Atzo, AEBetako presidenteak iragarri zuen Errusiari buruzko «berri bat» ematekoa zela gaur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.