Mar-a-Lagoko luxuzko bere etxean dago Donald Trump AEBetako presidentea, gaur han ospatuko baitu Eskerrak Emateko Eguna. Hain zuzen, joan den ostiralean esan zuen Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak gaurko onartu beharko zuela AEBek eta Errusiak Ukrainarako ondutako planteamendua. Baina, kontuan hartuta presidenteak berak zer adierazpen egin dituen azken orduetan, eta ikusirik aldeak oraindik negoziatzen ari direla, ondoriozta daiteke epe hori bertan behera geratu dela. Hori bai, gaur goizaldean —atzo gauean AEBetan—, Air Force One hegazkinean Mar-a-Lagora zihoala, Etxe Zuriko maizterrak kazetariekin hitz egin du, eta adierazpen horietan iradoki dio Zelenskiri komeni zaiola eztabaidatzenari diren akordioa onartzea. «Gerra honek urteak iraun ditzake, eta Errusiak askoz ere jende gehiago du, askoz ere soldadu gehiago. Uste dut, beraz, Ukrainak akordio bat onartzea positiboa litzatekeela».
Bien bitartean, Washingtonek segitzen du batzuekin eta besteekin hizketan. Presidentearen hitzetan, Steve Witkoff Errusiarako eta Ekialde Hurbilerako Etxe Zuriaren ordezkariak Moskura bidaiatuko du datorren astean, egitasmoaz mintzatzeko. Vladimir Putin Errusiako presidentearen aholkulari Juri Uxakovek hori baieztatu du Errusiako telebista kate batean egin dioten elkarrizketa batean; baietz, Witkoffekin batzartuko direla. Eta AEBetako armadako idazkari Dan Driscoll, bestalde, ukrainarrekin biltzekoa da Kieven aste honen amaieran, Andri Yermak Ukrainako presidentetzaren bulegoko buruak sare sozialetan jakinarazi duenez.
AEBetako presidentearen hegazkinean zihoazen kazetarietako batek planari buruzko galdera bat egin dio Trumpi, eta hark zuzenketa bat egin dio, eta esan mahai gainean dagoena ez dela plan bat, «kontzeptu bat» baizik. Eta, presidentearen ustez, planteamendua, 28 puntukoa, «findu» egin dute azken astean, Errusiaren eta AEBen, eta Ukrainaren, Europaren eta AEBen arteko hartu-eman diplomatikoen ondorioz. «Ekarpen gehigarriak egin dituzte aldeek, eta desadostasun batzuk besterik ez daude», idatzi du Truth Social bere sare sozialean. Zelenskik Trumpekin biltzeko asmoa zuen aste honetan, baina Trumpek sare sozial horretan iragarri du akordioa «behin betikoa» denean batzartuko dela Ukrainako eta Errusiako estatuburuekin: «soilik» orduan.
Moskuk adierazi duenez, planaren «hainbat bertsio» jaso dituzte; «hainbeste, non nahastu ere egin daitezkeen», nabarmendu du Uxakov Putinen aholkulariak gaur, eta «analisi serio bat» eskatu du. Kremlin esaten ari da gatazkaren irtenbiderako oinarri bat eskaintzen dutela 28 puntu horietan, eta Trumpek eta Putinek abuztuaren 15ean Alaskan (AEB) adostu zutena jasotzen duela gutxi gorabehera.
3Zenbat lagun atxilotu dituzten Frantzian Errusiaren espioiak direlakoan. Frantziako Fiskaltzak gaur jakinarazi duenez, hiru pertsona atxilotu dituzte Errusiaren espioiak direlakoan. Ohar batean adierazi duenez, atxilotuetako bat gizon errusiar bat da, beste bat Errusian jaiotako emakume bat, eta hirugarrena Parisko gizon bat.
Trump areago joan da, eta Air Force One hegazkinean azpimarratu du Mosku «kontzesioak» egiten ari dela. «Hauek dira kontzesioak: borrokak geratzea eta [Ukrainan] lurralde gehiago ez hartzea», esan du, eta, soldadu kopurua aipatu duenean egin bezala, fronteko lerroa «norabide bakarrean» mugitzen dela nabarmendu du.
«Muturra sartzen»
Europako potentziek ere parte hartu dute negoziazioetan, eta Uxakovek uste du ez dagokien lekuan «muturra sartzen» ari direla. «Ez da beharrezkoa». Alemaniako kantziler Friedrich Merzen iritziz, ordea, badute zeresana, eta gaur Bundestagen adierazi du gatazkako «parte burujabe bat» direla. «Ez da jostailu bat; bere interesak eta balioak ditu». Alemaniako gobernuburuak Ukrainaren, Europaren eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen arteko batasuna aldarrikatu du.
Antzera mintzatu da Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea gaur Europako Parlamentuan, eta azaldu du talde komunitarioaren lehentasuna dela «bake iraunkor eta bidezko bat» lortzea. Horretarako Ukrainaren lurralde batasuna errespetatu behar dela erantsi du, eta ezin dela murrizketarik egon Ukrainako armadaren soldadu kopuruan. Hain justu, AEBen eta Errusiaren arteko akordioan jasota zegoen Donbass osorik geratzea Errusiaren menpe, eta Ukrainako armada 900.000 soldadutik 600.000ra murriztea.