Donald Trump AEBetako presidenteak beti jopuntuan eduki izan ditu bere erritmora dantzatzen ez diren komunikabideak. Eta joan den urtarrilean Etxe Zurira itzuli zenetik, areagotu egin du horien kontrako presioa. Are, zuzenean mehatxatu ditu. «Ez dakit non, baina irakurri dut kateak %97an nire kontra zeudela. Eta, halere, erraz irabazi nuen [presidentetzarako] hauteskundeetan funtsezkoak diren zazpi estatuetan. %97an nire kontra badaude, nire irudi txarra ematen badute eta lizentzia bat badute, esango nuke beharbada baimena kenduko beharko lieketeela», adierazi die kazetariei presidentearen hegazkin ofizialean gaur goizaldean, Erresuma Batuan egindako bisita ofizialetik bueltan.
Horren guztiaren harira, kontuan hartu behar da azken orduetan AEBetan hautsak harrotu dituela Jimmy Kimmel umoristari gertatutakoak. ABC telebista kateak bertan behera utzi du hark 22 urtez gidatutako saioa. Astelehenean iruzkin bat egin zuen, joan den astean, mitin batean, Charlie Kirk Trumpen aliatua tiroz hil zuen susmagarriaren arrazoien harira. Komentarioa egin eta hiru egun geroago kaleratu zuten.
Late night bat aurkezten zuen Kimmelek. AEBetan gisa horretako saioek plazaratzen duten edukiaren aurka egin du Etxe Zuriko maizterrak. «Atzera egiten baduzu, konturatzen zara aspaldian ez dutela [gidari] kontserbadore bat eduki. Uste dut norbaitek esan zuela: 'eman begiratu bat: Trump jipoitu besterik ez dute egiten'. Lizentzia dute. Ez dute hori egiteko baimenik. Alderdi Demokrataren adarra dira», gaineratu du, akusazioak frogarik gabe egin ondoren, beste behin.
Legediari izkin eginez
Dena den, legedi federala eskuan, Komunikazioen Batzorde Federalak (FCC) ezin du lizentzia bat indargabetu argudiatuta saio batean gobernuaren kontrako iritziak edo gobernuak gustuko ez dituenak plazaratu dituztela.
Eta, hain zuzen, FCCko presidente Brendan Carrek asteazkenean iradoki zuen ABC telebista kateak bertan behera utzi beharko zukeela Kimmelen saioa. «Onean ez bada txarrean egin beharko du», ohartarazi zuen, Fox News telebista katean egin zioten elkarrizketa batean. Ordu batzuk geroago heldu zen ABCren erabakia.

Carr 2012an hasi FCCn lanean, eta 2017an, Trump aurrenekoz izendatu zutenean AEBetako presidente, batzordearen gidaritza eman zion. Eta Trump Etxe Zurira itzuli denean, gauza bera egin du. «Trumpen funtzionarioak behin eta berriro ari dira beren boterea gehiegikeriaz erabiltzen, gustatzen ez zaizkien ideien kontra egiteko; haiek erabakitzen dute zertaz hitz egin daitekeen, zertaz idatzi, are, zerekin barre egin», salatu zuen ACLU Ameriketako Askatasun Zibilen Batasunak ohar batean, Kimmel kanporatu zutela jakin ondoren.
Afganistanek erantzun dio Trumpi ez duela AEB-en base militarrik nahi
Donald Trump AEBetako presidenteak herenegun esan zuen berriro ezarri nahi zutela base militar bat Bagramen (Afganistan). Hogei urtez okupatu zuten AEBek Afganistan, harik eta 2021eko udan han geratzen ziren tropek kolpetik alde egin zuten arte, talibanei agintera itzultzeko bidea guztiz irekiz. Eta, hain zuzen, Afganistango Atzerri Ministerioko goi kargudun Zakir Jalalyk erantzun dio Trumpi ez dutela beren lurraldean AEBen base militarrik nahi. Hori bai, lankidetza ekonomikoari ateak ireki dizkio. «Trump negozio-gizon arrakastatsua da. Afganistanek eta Amerikak harreman ekonomiko eta politikoak eduki ditzakete, elkarrekiko errespetuan oinarrituta, AEBek Afganistanen presentzia militarra eduki beharrik gabe», adierazi du mezu batean, sare sozialetan.
Hitzez hitz, zera esan zuen Kimmelek aurreko astelehenean, saioa irekitzeko bakarrizketan: «Asteburuan behea jo genuen. MAGA kuadrillakoak [Trumpen Make America Great Again leloa izentzat hartzen duena] hor ari dira, desesperatuki, Charlie Kirk hil zuen mutila haiengandik desberdina den norbaiten gisa karakterizatzeko ahaleginean, eta ahal den guztia egiten ari dira horri etekin politikoa ateratzeko».
Trumpek erabakia txalotu zuen, Truth Social bere sare sozialean: «Albiste onak: bertan behera utzi dute Jimmy Kimmelen saioa. Audientzia datuekin arazoak eduki ditu». Halere, beste mezu batean adierazi zuen Kirki buruz «zerbait izugarria» esan zuelako kaleratu zutela.