Donald Trump AEBetako presidenteak migrazio dekretu berria sinatu du Virginiako (AEB) epaitegi batek lehen bertsioa legez kanpokotzat jo eta hilabetera. Bertsio berria malguagoa da, baina, Rex Tillerson Estatu Idazkariarentzat«segurtasun nazionalerako erabat beharrezkoa da»; hilaren 16an jarriko dute abian. Deportatzeko arriskutik kanpo utzi ditu dekretu berriak AEBetan egoteko bisa duten Siriako, Irango, Somaliako, Yemengo, Libiako eta Sudango herritarrak. Siriako errefuxiatuen debekua 120 egunera mugatu du Trumpek —mugagabea zen aurreko dekretuaren erabakiz—. Gainera, Irak ezabatu du betodunen zerrendatik.
Hasieran, Irakekeko biztanleek ere debekatuta zuten AEBetara sartzea. Izan ere, AEBek eta Irakek negoziazioa abiatu zuten betoaren zerrendatik irten ahal izateko, Pentagonoak ere salatu baitzuen Bagdaden gaineko debekua. Betoa kentzearen truke, Irakek haren herritarren gaineko kontrola areagotuko du,eta AEBetara bidaiatzeko beharrezko dokumentazioa lortzea zailagoa izango da. Hala ere, gainontzeko sei herrialdeek AEBetara sartzeko debekua dute oraindik; herritarren gehiengoa dira musulmanak. Hain zuzen ere, hori izan da epaitegietan dekretuari bidea itxi diona; erlijio eta kulturagatik komunitate bati debekua ezartzea.
Lehen dekretua sinatu zuenetik, gogor kritikatu dute Trumpen migrazio politika, eta oraingoan aurpegi atseginagoa erakutsi nahi izan du AEBetako gobernuak. «Behin-behineko» neurriak direla gogorarazi du Tillersonek: errefuxiatuen etorrera 120 egunez debekatuko dute eta betoa, berriz, 90 egunetara luzatu. Prozesua modu antolatu batean abiaraziko dutela ere azaldu du, aurreko dekretua sinatu ostean gertatu zena saihestu nahi dute horrela; kaosa zabaldu zen AEBetan eta betoa ezarri zitzaien herrialdeetan. Oraingoan hamar eguneko tartearekin jokatuko du gobernuak, prozedura behar bezala egin ahal izateko, ahalik eta modu «gizatiarrenean».
«Ulermena» eskatu die estatu aliatuei: «Edozein herrialdek du haren segurtasuna bermatzeko eskubidea». Aurrekoan ez bezala, Trumpek prentsaurrekorik gabe sinatu du dekretua; «nahasmena eta kaosa» ez sortzeko asmoz. Dekretu berriaren legezkotasuna «ukaezina» dela uste du Tillersonek. Espero du ez errepikatzea lehenengo bertsioarekin gertatutakoa, eta epaitegiek ez blokeatzea arau berria.
Malguagoa izanagatik, ordea, errefuxiatuen aurkako neurri gogorrak jaso ditu dekretuak. 120 eguneko sarrera debekuaz gain, Trumpek jakinarazi du ez dituela urtean 50.000 errefuxiatu baino gehiago jasoko, hau da, Barack Obamaren legegintzaldian herrialdeak hartzen zituen lagun kopuru erdia hartuko ditu Trumpek asko jota.
Hasieratik, tematuta
Trumpek sarritan esan izan du errefuxiatuen harrerak arriskuan jar dezakeela AEBen segurtasun nazionala. Hain justu, hori izan da presidente egin duen lemetako bat; legez kanpoko migrazioarekin amaitzea eta estatua erasoez babestea: «Ez dugu ahalbidetuko gure herrira terroristak sar daitezen». Presidente izendatu ostean ere, behin eta berriz aritu da legez kanpoko migrazioaren aurka, eta herrialde «are eta seguruagoa» eraiki nahian. Jarrera horrek protesta piztu du AEBetan, eta nazioartean ere ez dute begi onez jo haren migrazio politika. Azken bertsioarekin arindu egin nahi izan du sortutako polemika.
Trumpek musulmanei ezarritako betoa arindu du, legearen trabak saihesteko
Irak zerrendatik kendu du, bisa dutenak ez ditu deportatuko, eta Siriako errefuxiatuei debekua 120 egunera murriztu die presidenteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu