Trumpek musulmanei jarritako betoa baliogabetu du epaile batek

AEBetako presidenteak emandako agindu exekutiboa indarrik gabe utzi du legezkoa den aztertu bitartean. Gobernuak ukatu zituen milaka bisa berriz ere erabiltzeko moduan dira, atzotik

Emakume bat, atzo, New Yorkeko Askatasunaren Estatuaz jantzita, John F. Kennedy aireportuan, atzo. JOHN TAGGART / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko otsailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
AEBetako Gobernuak, gogoz kontra bada ere, hegazkin konpainiei atzo agindu behar izan zien berriz ere onar zitzatela duela bederatzi egunetik zerrenda gorrian zeuzkaten bidaiariak. Izan ere, James Robart Washingtongo epaile federalak, baliorik gabe utzi zuen, behin-behinean, Donald Trump presidenteak gehiengo musulmana duten zazpi herrialdetako herritarrei jarritako betoa, ostiral iluntzean —atzo goizaldea Euskal Herrian—. Epaile horrek presidentearen agindu exekutiboa legezkoa den aztertu eta erabaki bitartean geratu da bertan behera, edota gobernuak jarritako helegitea goragoko instantzia batean onartu arte, seguruenik Auzitegi Gorenean. Etxe Zuriak helegitea «berehala» jarriko du.

Estatu Departamentuak atzoemandako datuen arabera, Irakeko, Irango, Sudango, Yemengo, Somaliako, Siriako eta Libiako jatorria duten 60.000 bisa utzi zituen baliorik gabe, Trumpek agindua indarrean jarri zuenetik, urtarrilaren 27an. Baimen berezia zuten errefuxiatuez gainera, lanerako baimena edota herritartasun bikoitza zuten bidaiariak ere AEBetara sartu ezinik geratu ziren. Eta tramitean zeuden eskaera guztiak bertan behera utzi zituen, baita bisa eskatzeko bide guztiak 90 egunez geldiarazi ere. Errefuxiatuei, berriz, atea itxi zien 120 egunez, eta, Siriako errefuxiatuei, betiko.

Atzo James Robarten erabakia jakin bezain laster, CBP Mugetako Babeserako Bulegoak —immigrazioaz arduratzen den agentzia federala da—, hegazkin konpainiei azaldu zien herri horietako bisak legezkoak direla eta, beraz, ez zutela inolako oztoporik bidaiatzeko, eta errefuxiatu bisa dutenek ere sarrera onartua dutela AEBetan. Teherandik (Iran) iritsi ziren lehen hegaldiak AEBetara.

Robarten erabakiak lan asko du atzean. Agindu exekutiboa eman bezain laster, politikarien eta epaileen ekinaldiak martxan jarri ziren, eta epaile demokratak salaketak jartzen hasi ziren, ustez AEBetako Konstituzioa urratzen duela eta. Washingtongo eta Minnesotako estatuetako fiskal demokratek jarritako salaketei erantzunez hartu du orain Robartek agindua atzera botatzeko erabakia —George W. Bush presidente errepublikano ohiak izendatutakoa da Robart—.

Epailearen argudioak

Argudiatu duenez, «aginduak familiak banandu ditu, AEBetan bizi diren milaka pertsonari min eman die, estatuaren ekonomiari kaltea ekarri, eta immigranteei eta errefuxiatuei ongietorria egiten dien herriaren subiranotasun izaera ahuldu du». Epaileak dioenez, konstituzioak justiziari estatuaren erabakiak «zaintzeko» ematen dion ahalmena erabili du, eta agindu du zorroztasunez aztertuko duela deliberatu aurretik.

Epaileak erabakia argitaratu eta lau ordura egin zuen Etxe Zuriak adierazpen publikoa, atzo:«Justizia Departamentuak ahalik eta azkarrena aurkeztuko du presako eskaera, presidentearen agindua defendatzeko eta erabaki amorragarri hau bertan behera uzteko». Minutu batzuk geroago eduki berarekin, baina «amorragarria» hitza kenduta argitaratu zituen berriz arrazoiak. Gobernuak uste du presidentearen aginduak «etxekoak babesteko beste asmorik ez» duela, eta «konstituzioak presidenteari amerikar jendea babesteko emandako ardura bete» duela. Gainera, berriz ere na- barmendu du Trumpen egitasmoa ez dela musulmanen kontra egitea, segurtasuna bermatzea baizik.

Trumpek Etxe Zuriak baino lehenago eman zuen bere iritzia, epailearen erabakia jakin orduko, eta, ohi duen bezala, Twitter bidez: «Herri bat ez denean gai nor sartzen den eta ez den erabakitzeko, segurtasun arrazoiengatik bereziki, arazo handia!», edo beste hau: «Ustezko epaile baten erabakia, zeinak gure herriari legea aplikatzeko gaitasuna kendu dion, zentzugabea da, eta bertan behera utzi behar da», eta hau ere bai: «Deabrua gure herrialdetik urrun mantendu behar dugu».

Presidenteak epaileari «ustezko» deitzea ez da ustekabean igaro. «Oso larria» iruditu zaio Chuck Schummerri, Senatuko demokraten bozeramaileari: «James Robarten kontrako erasoak, zeina George Bushek proposatu zuen eta 100 senatarietatik 99k onartu zuten, erakusten du ez duela sistema judizial independentea errespetatzen, ezta konstituzioa bera ere. Akusazio horiek ez dira onargarriak demokrazia batean». Trumpen adierazpenek senatari demokraten jarreran eragin dezaketela aurreratu du, Auzitegi Gorenerako epailea aukeratzerakoan. Neil Gorsuch izendatu berri du Trumpek goreneko bederatzigarrena izateko, eta Senatuan onartu behar dute bere izendapena. Gorsuchek postua eskuratuko balu, errepublikanoak lirateke gehiengoa —bederatzitik bost—.

Mugimendua aireportuetan

Atzo goizean AEBetako aireportuetan izugarrizko mugimendua zegoen. Bidaiatu ezinik atzerrian geratu ziren senideen zain egotera joan ziren ehunka lagun, baita legearen kontra protesta egitera ateratakoak ere, oraingoan haiei babesa ematera Welcome(ongietorri) zioten kartelekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.