Epaile batek atzera bota du Trumpek Harvard Unibertsitateari eman dion ultimatuma

Etxe Zuriak bertan behera utzi du ikasle ez-egoiliarrak jasotzeko programa. Unibertsitateak programa hori berreskuratu nahi badu, ikasle horien datuak eman beharko dizkio, igandean beranduenez. Epaile batek, ordea, neurria atzera bota du, kautelaz.

Donald Trumpek unibertsitateetan egin asmo duen esku hartzearen aurkako protesta bat New Yorken, apirilaren 17an.  SARAH YENESEL / EFE
Donald Trumpek unibertsitateetan egin asmo duen esku hartzearen aurkako protesta bat, New Yorken, apirilaren 17an. SARAH YENESEL / EFE
Igor Susaeta.
2025eko maiatzaren 23a
09:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Donald Trump AEBetako presidenteak esku hartu nahi du herrialdeko eliteko unibertsitateen jardunean, «antisemitismoa» eta «terrorismoa» egotzita, besteak beste. Harvard, AEBetako unibertsitaterik zaharrena, jopuntuan jarri du azken hilabeteetan, eta ultimatuma eman dio: igande arratsaldea baino lehen ez badio modurik ematen Etxe Zuriari ikasle ez-egoiliarren datuak eskuratzeko, baliogabetu egingo dute unibertsitate horren atzerriko ikasleentzako programa. Hala jakinarazi zion Kristi Noem Segurtasun Nazionaleko Departamentuko idazkari nagusiak Harvardeko zuzendaritzari atzo iluntzean.

Egiazki, programa bertan behera utzia du jada Etxe Zuriak, eta epe hori eman dio, ultimatum hori egin, egoera lehengoratzeko. Hala adierazi du Noemek, unibertsitateari bidalitako gutun batean. Haren esanetan, unibertsitate horrek —1636an sortu zuten— «giro arriskutsua» piztu du campusean, «erasok egiten utzi baitie estatubatuarren aurkako asaldatzaileei eta terroristen aldekoei, hala nola ikasle judu askori».

Bada, Harvard Unibertsitateak Trumpen administrazioak ezarritako neurriaren kontrako salaketa bat aurkeztu du gaur Massachusettseko barrutiko epaitegi federalean, eta bertako epaileak kautelaz erabaki du hori atzera botatzea. Salaketan, unibertsitateak argudiatu du «berehalako eragina» izango lukeela ikasle ez-egoiliarrengan: «Harvardeko ikasleriaren laurdena ezabatu nahi izan du gobernuak; nazioarteko ikaslerik gabe, Harvard ez da Harvard».

Etxe Zuriak ikasle ez-egoiliarren datu pertsonalak —besteak beste, zigor erregistroak— eskatu zizkion apiril hasieran Harvardi, eta jakinarazi zion zer ondorio izango zen eman ezean: zerga salbuespena bertan behera geratuko zela, eta funts federalik ez zuela jasoko; hau da, 2.700 milioi dolar inguru (2.400 milioi euro). Agintarien arabera, identifikatu egin nahi dituzte «indarkeriazko» jardueretan parte hartu dutenak; administrazioaren irudiko, gisa horretakoak dira iaztik campus horretan egiten ari diren Israelen jarreraren aurkako protestak, esate baterako.

%27

Zenbat ikasle ez-egoiliar dauden Harvarden, ehunekotan. Unibertsitatearen beraren datuen arabera, 2024-2025eko ikasturtean nazioarteko 7.000 ikasle zeuden matrikulatuta; hau da, ikasleen %27,5 AEBetatik kanpokoak ziren. 2010ean, %19,7 ziren.

Unibertsitateak, ordea, ez dio eman informazio konfidentzial hori Etxe Zuriari, eta, horrenbestez, ez da legea betetzen ari, Noemek gutunean adierazi duenez. Harvardek komunikatu bat kaleratu zuen atzo gauean, eta nabarmendu administrazioaren erabakia legez kanpokoa dela. «Bere hartan eusten diogu 140 herrialdetatik baino gehiagotatik datozen eta bai gure unibertsitatea bai herrialde hau nabarmen aberasten duten ikasleak eta akademikoak hartzeko konpromisoari». Aintzat hartu behar da apirilean, eskaera egitean, instituzio horretako presidente Alan M. Garberrek azpimarratu izana uko egin ziotela gobernuaren eskakizunari.

«Ohartarazpena»

AEBetako zenbait hedabidek legelarien iritziak bilduta kaleratu dutenez, ez dago argi administrazioak gisa horretako erabaki bat har dezakeen, hau da, ea modu orokorrean debeka dezakeen ikasle ez-egoiliarrek unibertsitate batean ikastea. Noemek zera jaso idatzi gutunean: «Honek balio beza ohartarazpen moduan herrialdeko unibertsitate eta instituzio akademikoentzat».

Harvardek 53.000 milioi dolarreko ondare funtsa du (47.000 milioi euro inguru), besteak beste Islandiaren, Boliviaren, Paraguairen eta Hondurasen BPG barne produktu gordina baino handiagoa. Milioi askoko dohaintza ekonomikoak jasotzen ditu, eta aintzat hartu behar da ikasleek, matrikulatzeagatik bakarrik, 59.320 milioi dolar (52.000 milioi euro inguru) ordaindu zituztela 2024-2025eko ikasturtean, The New York Times egunkariak argitaratutako datuak kontuan hartuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.