Hegoafrikan apartheida ahalbidetu zuen Bantustan egitasmoarekin alderatu dute nazioarteko 50 ministro ohik Donald Trump AEBetako presidenteak Ekialde Hurbilerako aurkeztutako bake plana. El País egunkariak argitaratutako gutunean salatzen dute Washingtonen asmoek nazioarteko legedia urratu eta betikotu egiten dituela Israelek palestinarren lurretan eraikitako kokaguneak.
Idatzia sinatu dutenen artean daude, besteak beste, Massimo D'Alema Italiako lehen ministro ohia, Mary Robinson Irlandako presidente izandakoa, Ruth Dreifuss Suitzako estatuburu ohia eta Chris Patten Europako Batzordeko buru izandakoa. Idatzian ohartarazten dute bakea bultzatu beharrean Trumpen planak gatazka elikatzen duela, eta «Jordania eta eskualde osoa arriskuan jarri».
Urtarril amaieran aurkeztutako egitasmoan soilik Israelen aldarrikapenak jasotzen direla salatzen dute idatzian, eta ez diela irtenbiderik ematen urte luzez erbestean bizi izan diren errefuxiatu palestinarrei. «Zatikatutako lurralde batean ezarritako eta subiranotasunik gabeko estatu palestinar bat aurreikusten du. Egitasmoaren arabera, palestinarren eremuak Israelen kontrol militarpean egongo lirateke betiko, eta horrek Hegoafrikako Bantustan plan beldurgarria ekartzen du gogora»; hala salatu dute agintari ohiek gutunean.
Eta gaitzetsi egiten dute Trumpen proposamena ez dela bide orri egokia, ez dituelako onartzen bi herrien eskubideak, bakarrarenak baizik. «Nazioarteko komunitateak eta, zehazki, Europako Batasunak saihestu egin behar dituzte modu honetako testuinguruak, baldin eta palestinarren duintasuna eta eskubideak, eta Israelgo demokrazia bermatu nahi badute».