Trumpen esanak gorabehera, Ukrainari erasotzen jarraitu du Errusiak

AEBetako presidenteak adierazi du Putin «erotuta» dagoela, eta ez duela ulertzen zertan ari den. Kremlinek esan du Trumpen hitzak «gainkarga emozionalaren» ondorio direla.

Suhiltzaile batzuk Errusiako drone batek eragindako sua itzaltzen, gaur, Ukrainan. SERGEY KOZLOV / EFE
Suhiltzaile batzuk Errusiako drone batek eragindako sua itzaltzen, gaur, Ukrainan. SERGEY KOZLOV / EFE
urko iridoy alzelai
2025eko maiatzaren 26a
15:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Hirugarren egunez jarraian, Errusiak eraso egin dio Ukrainari, 355 droneeta bederatzi misil erabilita. Ukrainak azaldu du 288 drone eta misil guztiak suntsitu dituela. Ukrainak ere eraso egin dio Errusiari, Ukrainako Defentsa eta Segurtasun Kontseiluaren arabera, eta, besteak beste, jomuga izan du droneak fabrikatzen dituen lantegi bat. Erasoak Istanbulen onartutako preso trukearen erdian egin dira. Atzo egin zuten hitzartutako hirugarren eta azken trukea, eta horrela, mila preso trukatu dituzte elkarren artean. Azken egunetako erasoen harira, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak adierazi du Putin «erotuta» dagoela, eta ez duela baztertzen Errusiari zigorrak ezartzea.

Erasoak Ukraina osoan zabaldu dira azken hiru egunetan. Mendebaldean, gerra frontetik urrun, hainbat herri jo ditu Errusiak, eta hango eraikin eta argindar sistemak suntsitu. Gainera, atzo, Errusiako Defentsa Ministerioak iragarri zuen bi herri bereganatu zituztela Ukrainako Sumi eskualdean. Asteburuan, Errusiak erasoak egin ditu Kieven ere.

«Azken egunetan egindako erasoek ez dute logika militarrik. Erabaki politikoak dira inongo dudarik gabe»

VOLODIMIR ZELENSKIUkrainako presidentea

Sare sozialen bidez, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak gaur goizean idatzi du Errusiak «merezi» duela zigorrak ezartzea asteburuan egindako erasoengatik: «Soilik AEBen, Europaren eta bizitzari balioa ematen dioten herrialde guztien indarrarekin lortu daiteke bakea. Nazioarteko presioa ezarri behar zaio Errusiari». Ukrainako presidenteak beharrezkotzat jo du Errusiak petrolioa sal dezan galaraztea, Moskuk asteburuan egindako erasoak «zentzugabekoak» baitira. «Azken egunetan egindako erasoek ez dute logika militarrik. Erabaki politikoak dira inongo dudarik gabe».

AEBen aurka egin zuen Zelenskik asteburuan, haren hitzetan herrialde horren «isiltasunak» mesede egiten baitio Errusiari. Horren harira, AEBetako presidente Donald Trumpek esan zuen Zelenskiren hitzak ez direla lagungarriak Ukrainarentzat, eta, are gehiago, «arazoak» sortzen dituztela.

Trump haserre mintzatu zen atzo. «Ez dakit zer gertatzen zaion Putini, baina jende asko ari da hiltzen haren erabakiengatik. Ez dut ezer ulertzen», esan zuen Trumpek, hedabideen aurrean egindako agerraldi batean. Adierazpen horiei erantzunez, egunero ematen duen prentsaurrekoan Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak azaldu du Trumpen hitzak «gainkarga emozional baten ondorio» direla, eta, era berean, eskerrak eman dizkio Trumpi Ukrainaren eta Errusiaren arteko elkarrizketetan erakutsitako «konpromisoarengatik».

«Ez dakit zer gertatzen zaion Putini, baina jende asko ari da hiltzen haren erabakiengatik»

DONALD TRUMPErrusiako presidentea

Horrez gain, Trumpek atzo Truth sare sozialaren bidez azaldu zuen Putinek Ukraina guztia bereganatzeko asmoa badu zera lortuko duela azkenean, Errusia suntsitzea. «Beti esan dut Putinek Ukraina guztia nahi duela, ez soilik parte bat, eta badirudi orain hori erakusten ari dela», idatzi zuen Trumpek. 

Menia proposamenaren zain

Hilaren 19an, telefono bidez, Putinek Trumpi esan zion 30 eguneko su etena egiteko proposamen bat aurkeztuko zuela. Kremlinek oraindik ez du aurkeztu, eta Andri Yermak Ukrainako presidentearen bulegoko zuzendariak adierazi du Errusiak «bakearen aldeko» saiakerak «azkartu» egin behar dituela. «Errusiak negoziazioak blokeatu ditu, eta, horrela, soilik denbora galdu besterik ez dugu egiten. Errusiak prozesua azkartzea nahi badugu, nazioarteko zigorrak dira irtenbide bakarra», idatzi du Yermakek gaur sare sozialetan. 

Gaur, Kremlinek azaldu du meniaren proposamena lantzen ari direla. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak esan du proposamena «oso garrantzitsua» dela, eta xehetasun guztiak ondo aztertu behar dituztela Ukrainari eman aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.