GREZIA

Tsiprasek dimisioa eman du, bozetan emaitza txarrak izan ondoren

Tsiprasek goratu egin du bera buru zela Syriza ezkerreko alderdiak egindako bidea. 2015ean lehen ministro izateko bidea eman zioten hauteskundeetan lortutako botoen erdiak bereganatu zituen igandeko bozetan.

Alexis Tsipras, gaur, Atenasen. EFE
Igor Susaeta.
2023ko ekainaren 29a
14:19
Entzun

Syriza ezkerreko alderdiak emaitza txarrak atera zituen aurreko igandean, Greziako Parlamenturako hauteskundeen errepikapenean, eta alderdi horretako lider Alexis Tsiprasek adierazi zuen buruzagi kargua militanteen esku utziko zuela. Bada, alderdiaren zuzendaritzarekin bildu da gaur, eta dimisioa eman du. Hala adierazi dute Greziako hedabideek, alderdiko iturriak aipatuz. 2015etik 2019ra, herrialdeko lehen ministro izan zen Tsipras, eta, igandeko hauteskundeetan, duela zortzi urtekoetan lortutako botoen erdiak ere ez zituen bereganatu Syrizak.

Ikusi gehiago: Greziarentzako «erreforma handiak» iragarri ditu Mitsotakisek

Kyriakos Mitsotakis buru duen ND Demokrazia Berria eskuindarra nagusitu zen, nabarmen, igandeko bozetan, eta, aurreko legegintzaldian egin bezala, gehiengo osoarekin gobernatu ahal izango du. Hori zen, hain zuzen, presidentegaiaren asmoa, eta horregatik erabaki zuen maiatzaren 21eko bozak errepikatu zitezen bultzatzea. Lehen bozen aurretik, hain zuzen, Tsiprasek espero zuen gai izango zela koalizio aurrerakoi baten buru izateko. Baina emaitzek erakutsi zioten ez zuela modurik izango horretarako.

Oposizioko lidergoa hartze aldera alderdiaren buruzagitza berritzera deitu duen arren, Tsiprasek defendatu egin du azkeneko hamarkadan indar politikoaren buruzagitzan egindako lana. Hedabideek jaso dutenez, Tsiprasi iruditzen zaio lortu dutela «ezkerreko alderdi txiki bat» zena gobernuan egondako alderdi baten, hau da, Pasok hegemonikoaren gainetik jartzea.

Ikusi gehiago: Mitsotakisek haizea alde du bozetan, hildako etorkinen auzia gorabehera

2004an sortu zuten Syriza, eta, urte bakan batzuk geroago, 2008an, mundu zabalean piztutako krisi ekonomikoak gogor jo zuen Grezia. Alderdiak abagune hori baliatu zuen bozkatzaileak erakartzeko, eta oposizioko indar nagusia izan zen 2012tik 2015era. Gobernura iritsi zen, baina, hain zuzen, Tsiprasek berak egin behar izan zituen, lehen ministro zela, troikak eskatutako murrizketa ekonomikoak, eta greziarrek ondo gogoan izan dute hura, txarrerako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.