Indonesiako tsunamiak 357 hildako eragin ditu jada. Java uhartean izan zen itsasikara. Pagandaranda eta Cilacap hirietako milaka lagunek gaua etxetik kanpo igaro zuten gehiago izan daitezkeenaren beldur. Indonesiako komunikabideek jakinarazi dutenez, 601 zauritu daude eta 136 dira desagertuak.
Astelehen arratsaldean tsunamia eragin zuen lurrikara gertatu zenetik beste hogeita bat zenbatu dituzte uhartean. AEB Amerikako Estatu Batuetako Lurrikaren Hazards Programa agentziaren arabera, lurrikara gehienak uhartearen kostaldean izan dira eta Ritcherren eskalan 4 eta 6,3 gradu artekoak izan dira. Asteleheneko itsasikara Ozeano Indikoan Pagandaran eta Cilacap herrien aurrean gertatu zen, eta bi metroko olatuak altxatu zituen. Ritcher eskalan 7,7ko indarra izan zuen horrek.
Indonesiak herenegun tsunami bat egon zitekeela eta erne egoteko abisua jaso zuen eskualdeko agentzietatik. Baina, informazioa ez zutela zabaldu aitortu zuen atzo Kusmayanto Kadiman Ikerketa eta Teknologiako ministroak. Seismoa izan eta berehala bidali omen zuten informazioa Pazifikoko Tsunamien Alerta Zentrokoek. Kadiman ministroak, baina, ez zutela jakinarazi aitortu zein atzo komunikabideei: «Tsunamia gertatu ez balitz, zer gertatuko zatekeen?». Tsunamia gertatu baino 45 minutu lehenago jakinaren gainean jarri zituzten alerta zentrokoek uharteko agintariak, baina, antza denez, ez zuten bitartekorik arriskuaren berri emateko. «Herritarrei informazioa pasatzeko sistema egokirik gabe, hondartzetan bozgorailurik gabe, ezinezkoa zen ebakuazioa ondo egitea eta horrela hobe ez egitea»,azaldu zuen Kadimanek.
«ERANTZUTEKO DENBORA FALTA». NBE Nazio Batuen Erakundeak alerta sistemak ondo funtzionatu zuela adierazi zuen. Sumatra uhartean itsasikara baten arriskuaren aurrean erantzun ahal izateko alerta sistema ezarri zuen gobernuak, 2004ko abenduan 226.000 hildako eragin zituen tsunamiaren ondoren. Herritarrakarriskuaz garaiz ohartarazi zituztela esan zuen Elisabeth Byrs, NBEko auzi humanitarioen bulegoko bozeramaileak. Jusuf Kalla Indonesiako presidenteordearen ustez erantzuteko denbora faltagatik ez zuen funtzionatu alerta sistemak.
Salbamendu taldeak bizirik gelditu diren kaltetuak bilatzen ibili ziren atzo egun osoan zehar. Pagandaran gune turistikoko eraikuntzen %40 inguru suntsitu ditu tsunamiak. Java uharteko ospitaleak lanez gainezka daude. Banjarreko ospitalean zaurituak korridoreetan artatzen dituzte.
NBEko bozeramailearen iritziz laguntzen ari diren erakundeek oraindik ez dituzte nazioarteko laguntzak behar. Kaltetuei banatzen ari zaizkien elikagai eta materialak aurreko hondamendian emandakoak direla zehaztu zuen Elisabeth Byrsek. Kaltetutako herrialdean dauden beharrak ebaluatzeko nazioarteko erakundeak bi talde bidali ditu uhartera. Indonesiako Gurutze Gorriaren arabera, hildako eta zaurituen kopurua igo egingo da eta edateko ura, elikagaiak, mantak eta lekuz mugitu dituztenentzat aterpeak dira une honetan gehien behar dituzten gauzak.
Indonesiako Gobernuak mila milioi errupiako (857.956 euro) funtsa onartu du uhartearen hegoaldean lan humanitarioetara bideratzeko. Dirua zaurituak zaintzeko, jana emateko eta aterpeak lortzeko izango dela zehaztu du Jusuf Kalla presidenteordeak. Tsunamiak suntsitu dituen Indonesiako kostak berreraikitzeko Garapenerako Asiako Bankuak(GAB) laguntza eskaini dio Indonesiako presidenteari, Susilo Bambangi. «Berriz ere, Indonesiako kaltetutako guneetan errehabilitazioan eta behar diren eraikuntzak egitera konprometitzen gara ni eta GAB», esan zuen GABeko presidente Haruhiko Kurodak.
Tsunamiak jada 350 hildako eta 600 zauritu eragin ditu Java uhartean
Gobernuak alerta jaso zuela aitortu du, baina esan du ez zuela izan arriskuaren berri emateko bitartekorik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu