Tunisiako trantsizio politikoa bideratu nahi duen batasun nazionaleko gobernuak herren hasi du bere bidea. Mohamed Ganutxi lehen ministroak hura eratu eta egun bakarrera gobernu berriko lau kidek dimisioa eman dute. Hogei ministroetatik hamabi Zine el Abidine Ben Ali presidente ohiaren alderdikideak dira, eta hori salatzeko, protesta gogorrak egin dituzte Tunisian. Dimisioa eman duten gobernukideek salaketa horrekin bat egin dute. Aurkako giroa baretu nahian, Ganutxik eta behin-behineko presidenteak, Fued Mebazak, Ben Aliren alderdi RCD Asanblea Konstituzional Demokratikoa uztea erabaki dute, baina gobernuko karguei uko egin gabe. Erabaki horren berri eman aitzinetik, Ben Aliren alderdikideak gobernuan egotea defendatu du Ganutxik, eta adierazi du «eskuak garbi» dituztela. Azken hilabete honetako errepresioaren erantzuleak atxilotuko dituela zin egin du.
Trantsizioko gobernua utzi duten lau ministroetatik hiru UGTT Tunisiako Langileen Batasun Orokorra sindikatuko kideak dira —herrialdeko sindikatu nagusia da—, eta bertzea, berriz, FDTL Lanaren eta Askatasunaren Aldeko Foro Demokratikoa alderdiko buruzagia da. UGTTko buruzagitzak gobernua uztea erabaki du, «herriak karriketan egin duen eskariari erantzuteko». Ministroen dimisioa emateaz gain, UGTTk Parlamentuan eta Gizarte eta Ekonomia Kontseiluan dituen ordezkariak erretiratu ditu. Gobernua utzi duten kideak Hussine Dimassi Lan ministroa, eta Anuar Ben Gueddur eta Abdeljelil Bedui Estatu idazkariak dira. Kargua utzi duen laugarren gobernukidea Mustafa Ben Jafar Osasun ministroa da, FDTLkoa.
Ben Ali alderditik kanporatua
Era berean, Ettajdid alderdiak ere gobernua uzteko mehatxua egin du. RCDko kide diren ministroek alderdia uztea paratu du gobernuan segitzeko baldintzatzat. Gainerako ministroek karguaren zina egin diote.
RCD alderdiak, berriz, azaldu du Ganutxik eta Mebazak militantzia utzi dutela «estatuko erakundeen eta alderdi politikoen arteko banaketa bermatzeko erabakiaren ondorioz». RCDk jakinarazi du ere bai Ben Ali presidente ohia eta haren hurbileko sei laguntzaile alderditik bidali dituela.
Ben Alik legez kanpo utzitako oposizioko indarren buruzagietako bat, Moncef Marzuki, Tunisiara itzuli da erbestetik. 2001ean CPR Errepublikaren Aldeko Kongresua alderdia sortu zuen, baina hurrengo urtean gobernuak legez kanpo utzi zuen. Marzuki Frantzian egon da erbesteratuta, eta hauteskundeetara aurkeztuko dela iragarri du. 1994an Giza Eskubideen Aldeko Tunisiako Liga sortu zuen Marzukik.
Ben Ali agintetik bidali ondoren RCDko kideek gobernuan jarraitzea probokaziotzat hartu dute oposizioko indarren jarraitzaileek; beraz, trantsizioko gobernua eratu den arren, protestak ez dira itzali Tunisian. Atzo, Susa ekialdeko hirian, eta Tatauin eta Kasserin hegoaldeko hirietan RCDren egoitzei eraso egin zieten manifestariek. Tunis hiriburuan ere liskar gogorrak izan ziren. Poliziak negar gasarekin eta borrekin eraso zien manifestariei. Berri agentzien arabera, tiro hotsik ez zen aditu. Azken hilabeteko protesten errepresioan hildakoak 78 dira zifra ofizialen arabera; bertze iturri batzuek diote 120 direla.
Inguruko herrialdeetako gobernuak beldur dira Tunisiako krisi politikoa beren herrialdera ere hedatuko den. Egipton, bortz lagunek euren buruari su eman zioten atzo, bizi-baldintza eskasengatik protesta egiteko—horietako bat hil egin da—. Tunisian, 17 urteko gazte batek bere buruari su eman eta gero hasi zen matxinada, duela hilabete bat. Egiptoko Atzerri Ministerioko bozeramaile Hosam Zakik, ordea, ukatu egin du bere herrialdean matxinada gerta litekeenik. «Herrialde denek dituzte euren ezaugarri eta berezitasunak». Aljerian, berriz, astebetean gutxienez zazpi lagunek su eman diote euren buruari. Abenduan, Tunisiarekin batera Aljerian ere hasi ziren istiluak, oinarrizko elikagaien prezioen igoeraren ondorioz. Aljeriako Gobernuak, ordea, neurria gibelera botatzea erabaki zuen, protestak baretzeko.
EBren aurkako salaketa
FIDH Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioko presidenteak EB Europako Batasuna kritikatu du, eskualdeko gobernuak sostengatzen dituelakoan. Suhair Belhassenen arabera, EBk «gobernu zapaltzaileak» laguntzen ditu, Afrika iparraldeko «mehatxu fundamentalistaren aitzakiarekin». Belhassenen ustez, Egiptoko, Aljeriako eta Jordaniako gobernuek «Tunisiako karriketako ahotsa» aditu behar lukete. FIDH-ko presidenteak azaldu duenez, herrialde horietan «erregimen zahar eta gorrak» daude agintean, eta «ez dira gai beharrezko neurriak hartu eta Tunisian gertatu dena beren herrialdean eragozteko».
Tunisiako Gobernua kinka larrian dago, eratu eta egun bakarrera
Batasun nazionaleko gobernua utzi dute lau ministrok, barruan diktadorearen alderdiko hainbat kide daudelakoBen Aliren alderdia utzi dute presidenteak eta lehen ministroak, trantsizioa bideratzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu