Tunisiako protestak baretze aldera, lanpostuak sortzeko hitza eman du presidenteak

Datu ofizialen arabera, hamabost lagun hil dira, eta, oposizioaren hitzetan, 35; Aljerian egoera lasaitzen ari da

2011ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Tunisian duela hilabete piztu ziren protestak zabaltzen eta gogortzen ari zirela ohartuta, promesak egiteari ekin dio presidenteak; matxinadak krisi politikoa eragin ez dezan bi urteko epean 300.000 lanpostu sortzeko hitza eman baitu Zine Al Abidine Ben Alik. Hitz gogorrak izan ditu, hala ere, protesta egileentzat, eta «mozorrotutako gaizkile batzuek egindako ekintza terroristak» salatu ditu, auzibidean jarriko dituela ohartarazita.

Egoerak gori-gorian dirau Tunisian. Abenduaren 17an hasi ziren protestak, eta gazte eta polizien arteko istilu gogorrak hedatzen ari dira; Kasserine, Thala, Regueb eta Gafsa hirietan, egunero legez, protesta egileen eta segurtasun indarren arteko borroka gogorrak izan dira. Meknassi eta Seliana hirietara ere armadako kideak bidali dituzte, ustez eraikin ofizialak babesteko eta ez manifestarien kontra egiteko. Gobernuaren arabera, azken hiru asteetan hamabost lagun hil dira eta dozenaka zauritu. Borroken sostengurako elkartasun taldearen arabera, baina, segurtasun indarren erantzun bortitzaren ondorioz gutxienez 24 lagun hil dira. Protesta egileen aldeko iturri batzuek, berriz, 35 hildako aipatu dituzte, poliziek benetako balekin tiro egin dutela zehaztuta.

Etajdid (Eraberritze) oposizioko alderdiak, bien bitartean, militarrak kuartelera itzul daitezen eskatu du. UDU oposizioko alderdiak eta UGTT sindikatu ofizialak, berriz, «herritarren zuzenbidezko eskarien alde» agertu dira, eta segurtasun indarrei bortitzegi jokatu izana egotzi diete. Catherine Asthon Europako Batasuneko diplomazia arduradun gorenak, aldiz, kezka agertu du, eta atxilotutako manifestariak «berehala askatzeko» galdegin dio Tunisiako Gobernuari. EB eta Tunisiaren arteko harremanetan aurrera egiteko «giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen arloetan aurrerapausoak ematea» ezinbestekotzat jo du txandakako presidentetzak. Ben Alik hogei urte daramatza agintean; duela bi urteko hauteskundeetan botoen %90 eskuratu zituen.

Aljerian, gobernuak atzera

Aljerian, berriz, egoera baretze bidean da. Joan den asteazkenetikigandera arte, ordea, indarkeria oldea bizi izan zen hiriburuan eta beste hiri andana batean. Protesta egileen eta segurtasun indarren arteko borroketan, hiru lagun hil direla eta 800 inguru zauritu —tartean 763 polizia— zehaztu du Dahu Uld Kablia Barne ministroak. Haren esanetan, «bortizkeria egoera amaitutzat eman daiteke». Gobernuak erabaki du oinarrizko produktuak merkatzea eta ezarri nahi zuen %41 zerga handitzea bertan behera uztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.