EUROPAKO BATASUNA

«Turkia EBn sartzearen aurkako jarrera ezjakintasunetik dator»

2004ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Mehmet-Ali Akinci hizkuntza zientzian doktorea da eta Frantziako CNRS Zientza Ikerkuntzarako Zentro Nazionalean ikerkuntza arduraduna. Frantzian sortua da, baina bere jatorri turkiarrak herrialde honen bilakaeren begirale egotera erakartzen du. Turkiaren izaeraz eta Europako Batasunean sartzeko aukerez mintzatu da Akinci elkarrizketan.

Zer iritzi diozu Turkia EBko kide bilakatzearen ikuspegian, Frantzian azken garaiotan hazi den eztabaida handiaz?

Uste dudana zera da: Frantzian bizi diren barne arazoei buruz herritarren arreta desbideratzeko xedez Turkiako kontua erabiltzen dela aitzakia gisa. Hala gertatu zen Europako Parlamenturako hauteskundeen kanpaina denboran eta errepikatzen da gaur berriro ere. Niri iritzian, beraz, Frantziako barne arazoen ezkutatzeko erabiltzen da Turkiako auzia.

Frantziako arduradun politiko batzuek diote Valery Giscard d'Estaing presidente ohiak esaterako Turkia ez dela, geografia kontutik, Europan kokatzen...

Egia baldin bada ere, Turkiaren zati handi bat Asia hurbilean kokatua dela, aspaldiko mendeetan, betidanik ere esan nezake, Europari buruz bihurtu da Turkia. Nazioarteko elkartzeetan, kirol topaketetan edo beste edozein sailetan, Turkia Europa alderat bideratu da eta ez Asia alderat. Argurdio honek, beraz, ez dauka inolako funtsik.

Hedabideek zabaldutako aburu ikerketen arabera, frantziarren gehiengo zabal bat Turkia EBn sartzearen kontra litzateke. Frantziako iritzi publikoaren ustezko jarrera honek zer gogoeta eginarazten dizu?

Lehenengo ohar bat litzateke iragan irailaz geroztik, dagoeneko ere, Turkia Europako Batasunean sartzearen aurka liratekeenen kopurua gutxitu egin dela. Orduko inkestekzioten frantsesen %75ek Turkia EBn sartzeari arbuio ziotela. Gaur, berriz, %67 lirateke. Honek esan nahi luke jende andana eta ez gutxiiritziz aldatu dela. Lehen ohar honetarik haratago, haatik, nire iritzia da frantziarrek edo beste herri batek jarrera hori hartzen dutela Turkiaren eta turkiarren ezagutza gabetasun batengatik. Turkiako herria, Turkiako kultura, Turkiako zibilizazioa ez direlakoz ezagutzen da jarrera hori hartzen.

Komunikabideek beraiek ere erantzukizuna izango duteTurkiarekiko hautemate edo irudipen horretan.

Jakina. Turkian, giza eskubideen alorrean egon daitezkeen arazoez irudi bat eman nahi delarik Frantzian Midnight Express filmea pantailaratzen da. Filme hau 1970eko harmakada hasierakoa da eta orduz geroztik, munduan zehar, obra honetan salatzen diren gertaeren antzeko asko eta asko jazo dira eta ez da hauetaz filmerik egin! Filme honek, besteak beste, asko egin du Turkiaz oso irudi txarra hazteko Frantziako eta mundu zabaleko iritzi publikoetan.

Garai haietako Turkiak eta egungoak ez dutela zerikusirik esan daiteke?

Bai. Esperientzia pertsonal bat aipatuko dut. Orain dela gutxi unibertsitari lankide talde batekin joan naiz Turkiara. Hara joan aitzin, nire lagun hauetatik batzuek aurriritzi okerrak edo irudi txarrak zeuzkaten Turkiaz: poliziak alde guztietan, emakumeak buruzapiekin, garatu gabeko herrialde bat... Istanbulera iritsi ginelarik, nire lagun hauek harrituta geratu ziren. Istanbul eta Paris antzeko zeudela argi agertu zitzaien. Istanbulek Europako irudia duela egia baldin bada ere, gero, haatik, Anatolian ibili ginen, hots, Turkiaren muinean eta han ere ustekabez ibili ziren: polizia ez zen edonon ageri, emakume askok ez zeramaten buruzapirik. Berriz ere, aurriritziak, ustekeria okerrak daude herrialde bat eta hango herritarrak ez direlarik ezagutzen edo hedabideen bitartez irudi makurrak plazaratuak direlarik.

Ezagutzen ez denaz edo gaizki ezagutzen denaz beldurra daukate Europako herritarrek?

Hori da. Bestearekiko beldurra izatea gauza oso ezaguna da eta horrek du azaltzen, gehien batean, frantziarrak Turkia EBn sartzearen aurka izan daitezen. Alabaina, kontua da Turkian ibili izan diren frantziarrek ez dutelako antzeko beldurrik eta hauen artean inkesta bat eginez gero, Turkia EBn sartzearen alde daudela nabarmendu daiteke.

Genozidio armeniarraren auzia eta kurduen eskubideen ukazioa eta jazarkundea hor daude, haatik.

Genozidio armeniarra errekonozitzearen exijentzia aurrean emanda, Frantziako agintariek, berriro ere, saihestearen jokabidea daramate. Zehazki, Turkiak, Europako Batasunaren arauei egokitzeko gisan, urrats bat egiten duen aldi oro, Frantziak beti aurrean jartzen du genozidio armeniarra errekonozitzearen printzipioa. Frantziako Gobernuak badaki Ankararentzat nolako minberatasuna duen auzi honek eta hara zertarako mahaiaren gainean ezartzen duen beti.

Kurduen eskubideen kontuaz, berriz, aurrerapausoak badirela esan al daiteke?

Zalantzarik gabe, bai. Alabaina, nik esango nuke ere Turkiak kurduen alderat aplikatu duela zehatz-mehatz Frantziak korsikar edo euskal herritarren alderat, 1789ko iraultzaz geroztik, gauzatu duen politika berdina, hots, 'estatu bat, nazio bat, hizkuntza bat'. Alabaina, Kopenhageko irizpideen betebeharrak egoera hau aldatzera behartu du Ankarako gobernua. Azken batean ere, Turkia EBn sartzea onuragarria litzateke kurduentzat, aukera emango bailieke euren nortasuna aldarrikatzeko eta euren nazio eskubideak errespetarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.