Gaur bertan batuko dira Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroa, Mohamed Mursi Egiptoko presidentea eta Mahmud Ahmadineyad Irango presidentea, Siriako egoeraz hitz egiteko. Bilera D8 Garapen Bidean Diren Zortzi Herrialde Musulmanen Taldearen goi bileran izango da, eta Islamabad Pakistango hiriburuan egingo da. Aki Akbar Salehi Irango Atzerri ministroak adierazi duenez, «ahalik eta esfortzu gehien» egingo dute Siriako egoera modu baketsuan zuzentzeko. Salehik, hain zuzen ere, Siriako «elkarrizketa nazionala» antolatu du azken egunetan, eta elkarrizketon emaitzen berrri emango du Islamabadeko bilkuran. Iran Baxar al-Assaden gaur egungo aliatu nagusietako bat da.
Turkia eta Egipto, aldiz, matxinoen alde agertu izan dira nabarmen. Jarrera horren erakusle, atzo Turkiak misilak eskatu zizkion ofizialki NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeari.
Turkiak misilak galdegin ditu
Siriatik Turkiara jausitako bonbengatik, urriaz geroztik ari zen Istanbul nazioarteari esku hartzeko eskatzen. NATO ko idazkari nagusi Anders Fogh Rasmussenek atzo jakinarazi zuenez, erakundeak Turkiaren eskaera ofiziala jasoa dauka, Patriot misilak Siriarekiko mugan kokatzeko. «NATOren hego-ekialdeko mugako krisia arintzeko» balioko luke maniobrak, Rasmussenen aburuz. «Defentsarako baliabideak ezartzea izango da; ez dira erasorako izango, ezta aire eremua mugatzeko ere», gaineratu du. Alemaniak, AEBek eta Herbehereek dauzkate halako misilak, eta haiek erabaki beharko dute laga ala ez, baita lagatzekotan zein eperako izango litzatekeen ere.
Bestalde, Marokon abenduaren 12an egingo da Siriari buruzko nazioarteko goi bilera. Siriaren Lagunen Taldeko kideek antolatu dute, eta Marrakexen izango da. Siriako egoeraren bilakaera, trantsizio politikoa eta giza laguntza izango dituzte hizpide nagusiak, Marokoko Atzerri Ministerioaren arabera.
Turkia, Egipto eta Iran gaur bilduko dira Siriako egoeraz eztabaidatzeko
Iran da Al-Assaden gobernuaren aliatu nagusia; Egipto eta Turkia Siriako matxinoen alde daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu