Alderdi eta ekintzaile kurduek beste kolpe gogor bat jaso dute: Turkiako Poliziak 32 lagun atxilotu zituen atzo, PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin lotura izatea leporatuta. Selahattin Demirtas BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdi kurduko presidenteak Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroa jo du atxiloketen erantzule. «Operazio hori gobernuak eta agintean den alderdiak gidatu dute, AKP Justizia eta Garapenerako Alderdiak, eta kurduak deuseztatzeko agindu dute».
KCK Kurdistango Herri Konfederazioaren kontrako operazioaren barruan egin dituzte atxiloketak eta miaketak. BDP alderdiko kideak, giza eskubideen aldeko ekintzaileak, KESK sindikatuko kideak eta komunikabide kurduetako langileak daude atxilotuen artean. Besteak beste, Tuncer Bakirhan BDPkozuzendaritzako kidea, alderdiko presidenteorde Fatma Kurtulan eta DIHA berri agentziako Murat Çiftçi kazetaria eraman dituzte preso.
Poliziak ehun etxebizitza eta lokaletik gora miatu zituen atzo. Besteak beste, Leyla Zana BDPko diputatuaren etxean sartu ziren. Diyarbakir hiriko udaletxea ere miatu zuten. Eguerdirako 32 lagun atxilotu zituen, 17 hiritan. Firat albiste agentzia kurduaren arabera, baina, 45 atxilotze agindu zituen Poliziak. Hori horrela, datozen egunetan lagun gehiago atxilo ditzaketela ohartarazi dute. 2011ko maiatzetik azarora 4.500 lagun inguru atxilotu ditu Turkiak, eta 1.800 lagunetik gora modu prebentiboan atxilo eduki dituzte.
Turkiak 32 kurdu atxilotu ditu, PKKrekin lotura izatea leporatuta
Kurduak deuseztatzeko agindua eman izana leporatu dio BDP alderdi kurduak Erdoganen gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu