Turkiak 44 kazetari epaituko ditu, talde armatu bateko kide izatea egotzita

Kurduen KCK erakundearekin lotura izatea leporatu diete; Ankarak PKKren adar politikotzat du KCK

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2012ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Turkiaren menpeko Kurdistango 67 herritar epaitzen hasi dira Istanbulen. Auzipetuetako 44 komunikabide kurduetako edo ezkerreko egunkarietako kazetariak dira, eta KCK Kurdistango Herri Konfederazioarekin lotura izatea leporatzen diete. Hain justu, PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren «aurpegi politikoa» izatea egotzi dio TurkiakKCKri behin baino gehiagotan. Fiskalak, zehazki, erakunde armatuko kide, zuzendari, eta prentsa batzordeko kide izatea egotzi die. Auzipetutako hamabi lagunetako bakoitzarentzat, esaterako, 22 urte eta erdiko zigorra eskatua du fiskalak.

Inputatutako kazetari kurduek adierazi dute ez dutela «asmorik presioari amore emateko», eta epaiketak ez duela kazetaritza askea isilaraziko. Auzia ez dute kazetariek soilik salatu; izan ere, akusatuen lagunek eta familiakoek epaitegiaren kanpoaldean egindako protesten zaratak auzia hainbat orduz atzeratzera behartu zuen epailea astelehenean. Atxilotu zituztenean haien etxeetan topatutako liburuengatik eta kurduen aldeko manifestazioetan parte hartu izanagatik leporatzen diete erakunde armatuko kide izatea kazetariei. Haiek, ordea, azaldu dute lan egiten duten egunkarietarako idazteko egon direla manifestazio horietan.

Protestek ez dute etenik izan epaitegi barruan ere, akusatuek kurdueraz deklaratzeko zuten eskubidea aldarrikatu baitute kazetarien abokatuetako batzuek. Epaileak uko egin dio aitorpenak kurdueraz entzuteari, eta akusatuei jakinarazi die debekatuta dagoela turkiera ez den beste edozein hizkuntzatan deklaratzea. Yuksel Genc kazetariaren hitzetan, «norbere ama hizkuntzan hitz egitea arnasa hartzea bezalakoa da», eta galdetu du ea baimena eskatu behar duen horretarako.

Baran Isik defentsako abokatuak salatu du «herritar eta komunikabide kurduak» epaitzen ari direla egunotan, eta Turkiako Gobernua «aurkariak isilarazteko tresna modura» baliatzen ari dela auzia. CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoko Ilhan Cihaner legegileak ere adierazi du akusatutako kazetarietako inork ez duela armarik erabili ezta indarkeria goraipatu ere, eta salatu du epaiketa «onartezina» dela. BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdi kurduko parlamentari Ertugrul Kurkcuk, berriz, adierazi du epaiketa «erabat politikoa» dela, eta bere hitzetan,«KCKrekin lotutako auzi guztiak kurduen borroka politikoaren bizkarrezurra hausteko saioak dira». Auzi honetan, abokatuak eta politikariak ere badaude inputatuta kazetariez gain, eta guztiei erakunde armatuarekiko lotura egotzi diete.

EFJk Turkia ohartarazi du

Herenegun abiatutako epaiketak izan du oihartzuna nazioartean ere, eta adierazpen zein informazio askatasunaren aldeko iritziak azaleratu dira. EFJ Kazetarien Europako Federazioak eskatu du aske uzteko auzipetutako kazetari guztiak, eta federazioko presidente Arne Konigek salatu du «Turkiako komunikabide kritikoak isilarazteko epaiketa» bat dela. Horrez gain, Turkiako Gobernuari ohartarazi dio kazetarien jazarpen kasuak «hurbiletik aztertzen eta nazioarteari horren berri ematen» ari dela EFJ, eta epaiketaren behatzaile izateko ordezkariak bidaliko dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.