"Pauso garrantzitsu bat da harreman normalak ezartzeko", adierazi du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Erroman, John Kerry AEBetako Estatu idazkariarekin elkartu ondotik. Turkiak bi exijentzia nagusi eginak zizkion Israeli harremanak berrezartzeko, eta biak bete ditu Tel Avivek, Binali Yildirim Turkiako lehen ministroak erran duenez: barkamen eskaera ofizial bat, eta kalte-ordain bat —18 milioi euro inguru—. Horrekin batera, Turkiak giza laguntza helarazi ahal izanen du Gazara, eta azpiegitura proiektuak egin ahalko ditu palestinarren lurraldeetan.
Dena den, Netanyahuk argi utzi nahi izan du Israelek mantenduko duela Gazari ezarritako itsas blokeoa, eta hitzarmenean hala bilduta dagoela erran du. "Guretzat gorengo segurtasun auzi bat da. Ez nengoen prest hori alde batera uzteko". Blokeo hori hausteko asmoa zuen nazioarteko elkartasun flotillak duela sei urte, baina Israelgo armadak ontziak abordatu, eta Turkiako hamar ekintzaile hil zituen tiroz.
NBE: "Itxaropenezko keinu bat"
Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak erran du Tel Aviven eta Ankararen arteko akordioa "itxaropenezko keinu bat" dela Ekialde Hurbilarentzat. Hain zuzen, bi herrialde horiek akordioa egin dute Ekialde Hurbilean inoiz baino bakartuago daudenean, EI Estatu Islamikoaren aurkako gerrek sortu duten testuinguruan.